Metroaren zerbitzua birdefinitzeko unitateen eta sistemen berritzea datozen urteetan planteatuko dutela iragarri du Etxanobek

Erredakzioa 2024ko mai. 30a, 09:38

Metro Bilbao artxiboko irudia © WIKIPEDIA

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak ziurtatu du gaur egun posible dela Metro Bilbaoko 1. linearen maiztasunak hobetzea, "laster" ekingo baitiote unitateen berritzeari. Hala ere, iragarri du prozesuak luze hartuko duela, sare guztiari eragiten dion egitasmoak "inbertsio konplexuak" eta "sakoneko azterketak" exijitzen baititu.

Bizkaiko ahaldun nagusiak agerraldia egin du Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkuran Uribe Kostako hainbat udalerritan metroaren maiztasuna hobetzeari buruzko EH Bilduren interpelazio bati erantzuteko. Zehazki, Raul Mendez batzarkideak planteatutako gaiari erantzun dio Etxanobek: Leioa, Getxo, Berango, Sopela, Urduliz, Plentzia eta Gorlizko udalerrien hazkundea esponentziala izan da azken 30 urteetan, baina metroaren maiztasuna ia berdina izaten jarraitzen du. 

Batzarkideak zehaztu du Sopela, Urduliz eta Plentziako herritarren kasuan 18 eta 20 minutu arteko maiztasuna dutela zerbitzuan, eta Urdulizko ospitalerako "zerbitzu duina" bermatu behar dela defendatu du. Halaber, azpimarratu du larrialdi klimatikoak "inoiz baino beharrezkoagoa" egiten duela garraio publikoaren eskaintza handitzea, ibilgailu pribatuen trafikoak eragiten dituen emisioak murrizteko.

Era berean, Mendezek gogoratu du apirilean, Sopela, Plentzia eta Urdulizko alkateek eta Metro Bilbaoko arduradunek izan zuten bileran, azken horiek adierazi zutela "beharrezko inbertsioak egiten ez badira", maiztasuna areagotzeko proposamena gaur egun "bideraezina" dela.

Horri erantzunez, Etxanobek adierazi du Foru Gobernuak "datozen 10, 20 edo 30 urteetarako Bizkaiko garraioa" nolakoa izango den hausnartzeko konpromisoa duela, eta azaldu du, esparru horretan "mugarri nagusia" metro-unitateak berritzea izango dela, eta laster horri ekingo diotela, baina horrek "sakoneko azterketa" eta "inbertsio konplexua" eskatzen duela.

Gainera, EH Bilduri leporatu dio "egia ez den premisa batean oinarritutako kanpaina" egitea, eta gezurtatu egin du metro gehiago ez badago ez dela "borondaterik ez dagoelako". Ahaldun nagusiak azpimarratu duenez, Metro Bilbaoko teknikariek uste dute maiztasun hori "bideraezina" dela gaur egun, eta koalizio abertzaleak planteatutako proposamenak "ez ditu beharrezko gutxieneko bermeak ematen, metroaren gainerako sarean zerbitzua degradatzeko arriskurik gabe". 

Duela 30 urteko unitateak

Etxanobek bai onartu du Metro Bilbaok eskaintzen duen zerbitzua "duela 30 urte egindako plangintza bati" erantzuten diola, eta urteotan "eskaria aldatu" egin dela. Hala, unitateak eta komunikazio- eta seinaleztapen-sistemak berritzeak zerbitzua birdefinitzea ahalbidetuko duela adierazi du, "hain zuzen ere, datozen urteetako eskarira egokitzeko".

Ahaldun nagusiak jakinarazi duenez, Metro Bilbaoko 46 unitateetatik 24k 1995 urtetik daramate martxan eta ia hiru milioi kilometro egin ditu bakoitzak, beste 13 unitate 2001 urtekoak dira eta bi milioi eta erdi kilometro egin dituzte, gainontzeko berrienak 2009 urtekoak dira eta milioi eta erdi kilometro dituzte. Zentzu horretan, azpimarratu duenez, "metroak ondo funtzionatzen du" mantentzeari garrantzi handia ematen zaiolako, baina azpimarratu du unitateak berritzeko zuhurrak izan behar direla, "hutsik ez egiteko".

Etxanoberen hitzetan, "prest gaude Bilboko metroaren flota berritzeko, tren berriak jartzeko eta seinaleztapen eta komunikazio sistema berritzeko". Berrikuntza horri esker, adierazi du Bizkaiko metropoli-arearen gaitasuna handitu eta mugikortasun-eskaerei erantzun ahal izango zaiela datozen 30 urteetan, "kaudimen, segurtasun, jasangarritasun eta kalitate" baldintzetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun