Joera berdintsua da Hego Euskal Herri osoan, eta, gaur egun, badira bi txakur 10 biztanleko gure udalerrietan. Kontuak horrela, ohikoa bihurtu da, edozein ordutan, ingurura begiratuta, pertsonaren bat edo beste ikustea animalia horretako batez lagunduta. Oro har, txakurren kopurua biztanleriarekiko proportzionala da, eta, beraz, zenbat eta jende gehiago bizi udalerri batean, orduan eta txakur gehiago daude bertan. Horrela, Getxo da txakur gehien dituen udalerria (8.697), Erandio eta Leioa atzetik dituela, eta Lemoiz gutxien (532), EAEko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorraren (RIAC, gazteleraz) datuen arabera.
Hala ere, proportzioari erreparatuz gero, udalerri txikienetan dago txakur gehien 10 pertsonako: Barrikan eta Lemoizen, 4,09 eta 3,97 txakur 10 pertsonako, hurrenez hurren. Getxon, berriz, 1,15 txakur dago proportzio horretan.
Dena dela, daturik deigarriena dator maskota horien kopurua umeenakaz alderatzerakoan: txakur gehiago dago 15 urtetik beherako neska-mutilak baino Uribe Kostan, 16,7 txakur 10 umeko, hain zuzen. Fenomeno hori bereziki muturrekoa da Barrikan (10 umeko 30 txakur), Lemoizen (10etik 24) eta Erandion (10etik 15). Hala ere, kopuru absolutuetan, Erandio nabarmentzen da, non haurrak baino 1.600 txakur gehiago dauden.
Familiako kide bat gehiago
Lau hankadun animalia fidelok familietako kidetzat hartzen dira askotan, eta gure artean dauden txakurren % 70etik gora konpainiarako dira. Hala, gaur egun, Uribe Kostan ia lau familiatik batek txakur bat du gutxienez. Proportzio hori, baina, are handiagoa da Barrikan, non 10 familiatik zazpik dute mota honetako maskotaren bat, eta Lemoizen, familien % 58k baitu txakur bat etxean.
Kontrako aldean, Getxon eta Leioan txakur-kopuru handiena duten udalerriak izan arren, soilik familien % 18,1ek eta % 19,4k dute lau hankadun maskota hauetako bat eurakaz bizitzen.
Konpainiarakoak, nagusi
Eskualde honetako txakurrak ugariak izateaz gain, rol desberdinak betetzen dituzte. Udalerri gehienetan txakurren % 70 baino gehiago konpainiara bideratuta daude. Ehuneko hori % 80 baino gehiagokoa da Sopelan, Plentzian, Getxon eta Barrikan.
Ehizari dagokionez, Urdulizen eta Erandion, 10 txakurretik bi zeregin horretarako erabiltzen dira eta, artzaintzari dagokionez, orokorrean udalerrietako animalien portzentaje txiki bat horretara bideratuta dauden arren, Urdulizen eta Lemoizen 10etik batek dute lan hori.
Mestizoen atzetik, setter ingelesak nagusi
Denen artean, txakur mestizoak dira Uribe Kostan ugarienak. Horien ondoren, setter ingelesak dira nagusi, eta gehienak ehizarako txakurrak dira. Horien ostean, yorkshireak, artzain-txakur alemaniarrak eta border collieak daude. Arraza horiek dira 1.000 txakurretik gora direnak gurean, baina badira beste batzuk oraindino ere ugariak direnak ere, hala nola bitxon maltatarra, euskal artzain-txakurra, kanitxe-poodleak eta teckelak.
Arraroenen artean, txakur banagaz, ilerik gabeko txakur mexikarra edo xoloitzquintle eta inuit txakurra daude, besteak beste.