Bizkaiko Batzar Nagusiek BGPri eskatu diote metroaren 1. linearen maiztasunak areagotzeko ikerketa bat abiarazteko

Ander Zarraga 2024ko eka. 20a, 16:20

Bizkaiko Garraio Partzuergoari eskatu diote eskualdeko biztanleriaren hazkundea eta mugikortasun-joerak aztertzeko.

Atzo, Gernikako Batzar Nagusietan egin zen osoko bilkuran alderdi politikoek transakzio-zuzenketa bat onartu zuten BGPri eskatzeko Metro Bilbaoren 1. linearen eskariaren aurreikuspenari buruzko azterlan bat egin dezala, Uribe Kostako tartean, zerbitzuaren maiztasuna handitzeko helburuagaz.

Batzar Nagusietako Alderdi politikoek EH Bilduren mozio baten ondoriozko transakzio-zuzenketa bat onartu zuten atzo, Elkarrekin Podemosen abstentzioagaz. Horretan, Bizkaiko Garraio Partzuergoari (BGP) egindako eskaerari erantsi zioten azterketa horretan kontuan har ditzala eskualdeko biztanleriaren hazkundeak eta mugikortasun-joerak.

Era berean, etorkizuneko tarifen integrazioa eta beste aldagai sozioekonomiko batzuk ere kontuan hartzea ere eskatu zioten, Bilboko metroaren zein garraio publikoaren sare osoan egin daitezkeen aldaketen integrazioa eta ondorioak kontuan hartuz.

Beraien aldetik, EAJko eta PSE-EEko, Unai Lermak eta Iñaki Jeronimok adierazi zuten eskualde horretarako maiztasunen hobekuntza ez dela "borondate politikoa edo unitate gehiago jartzeko" kontua. Hala ere, biek ala biek ikerketa baten beharra defendatu zuten, "frekuentzia-gehikuntza horiek sare osoan integratu behar direlako, interdependentea baita, eta gainerako lineen narriadurarik eragin gabe".

EH Bilduren aldetik, Raul Mendezek aldeko botoa eman zuen, "maiztasunak handitzeari ateak irekitzen dizkiolako"; izan ere, kritikatu zuenez, Sopela, Urduliz edo Plentzia bezalako udalerriak "aldirietako zerbitzu propio bategaz bizi dira, metrokoagaz baino gehiago".

Azkenik, PPko Pablo Gomez-Guadalupek Metro Bilbaoko 1. linean maiztasunak handitzeko beharra babestu zuen, eta EBko Eneritz de Madariagak ere hobekuntza horren alde egin zuen, baina "forma parlamentarioetan" abstenitu egin dela argudiatu du, osoko bilkura hasi baino lehentxeago transakzio-zuzenketa dagoela jakinarazi ez zaielako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun