Gorlizko Ospitalearen aurrean elkarretaratutakoek ohartarazi zuten urtez urte eskualdeko oinarrizko zerbitzu publikoak murrizten ari direla eta hori, batez ere, udaldian nabaritzen dela, biztanleria asko areagotzen denean, "urte osoko inbertsio eta planifikazio faltagatik".
Aitor Garagarza Plentziako alkateak adierazi zuen egoera horrek urte osoko planifikazio eta aurreikuspen egokia eskatzen duela: "Urtean zehar funtzionamenduan dauden zerbitzuak mantenduz eta handituz, denboraldirako biztanleriari egokitzeko".
Eskualdeko herritarrek dituzten arazoen artean, Osakidetzaren egoera nabarmendu zuten bertaratutakoek: "Osasun-arloko profesionalen urritasuna ez da urtaroko arazoa soilik, etengabeko egoera kezkagarria ere bada. Gure osasun-zentroetako eta etengabeko arretako guneetako lanak jasanezinak dira udan". Arazo hori herrietan medikuarengana joateko zazpi egun itxaron behar izatean agertzen dela gaitzetsi zuten. Gainera, pediatrarik ez dagoenez, umeek gutxieneko arreta jasotzeko osasun-zentro batetik bestera eraman behar dituztela ere erantsi zuten. Halaber, aipatu zuten langile falta dela eta, uztailean eta abuztuan ezin izan dutela anbulantzia gehigarri bat martxan jarri.
Garraio publikoari dagokionez, hori indartzeko premia ere azaldu zuten, eta "ezinbestekotzat" hartu zuten metroaren maiztasuna handitzea eta "kostaldeko herriak lotuko dituzten autobus linea berriak sortzea, Urdulizko Ospitalearekin konexio hobea bermatuz".
Halaber, posta bulegoen indartze eza ere seinalatu zuten, eta zerbitzu hori indartzeko beharra adierazi zuten, "biztanleek haien korrespondentzia arazorik gabe jaso eta bidaltzeko aukera izan dezaten".
Ildo berean, Uribe Kostako ESIko zuzendari kudeatzaile den Jesus Manuel Suarez Romayri "kontingentzia plan espezifikoa" eskatu diote berriz ere, maiatzean berari zuzendutako gutun batean egin zuten bezala.