Ohartarazi dutenez, "datozen urteetan ohikoagoa egingo den egoera zail baten aurrean gaude", eta horri erantzuteko, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak erakundeen eta hirugarren sektorearen arteko lankidetza "ezinbestekoa" dela azpimarratu du.
Halaber, Mankomunitateko iturriek deitoratu dute Getxoko Udalagaz elkarlanean aritu arren, beraien baliabideak mugatuak direla, eta, bazterkeria egoera dauden 100 pertsona horiek artatzeko ez dutela baliabide nahikorik. "Gure eskumenak gainditzen dituen muturreko ahultasun egoera bati buruz hitz egiten ari gara", azpimarratu dute.
Hori dela eta, adierazi dute beharrezkoa dela "arduraz eta koordinatuta" jokatzea eta erakundeen artean "pilota jaurti" beharrean, baliabideak ematea. Horretarako mahai bat sortzeko beharra azpimarratu dute, hirugarren sektorea eta gizarte erakundeak ere hartuko dituena.
Adierazpen horiek egin dituzte Berango eta Getxo arteko kanpamenduko 100 pertsona horiek artatzeko nahikoa baliabiderik ez dutela adierazteko eta erakundeen artean "pilota jaurtitzen" aritu beharrean, elkarlanerako mahai bat sortzeko beharra azpimarratzeko.
379 erabiltzaile
Getxoko Udalak eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak 2017tik eskaintzen dute 1.8 zorroaren dekretuan ezarritako bazterkeria egoeran dauden pertsonek gaua igarotzeko eta higiene pertsonalerako zerbitzua. Horri bestelako zerbitzuak gehitu zaizkio, hala nola neguko dispositiboa, jantoki soziala edo egoera horretan daudenentzako prestazio ekonomikoak.
Halaber, gaueko harrera-zerbitzu hori erabiltzen duten pertsonak oinarrizko gizarte zerbitzuak artatzen ditu, bai Mankomunitatekoak, bai Getxoko Udalarenak ere. Hala, informazio-, balorazio-, diagnostiko- eta orientazio-zerbitzua eskaintzen diete. Horregaz batera,b este hainbat baliabide ere eskaintzen dizkiete; adibidez, errolda soziala eta eskualdean lan egiten duten hirugarren sektoreko erakundeekin lankidetzan aritzea. Erakunde horiek, gizarte-zerbitzuekin batera, bizitoki irtenbideak eskaintzen dituzte, dauden baliabideen eta artatutako pertsonen prozesuen arabera.
Zehaztu dutenez, azken ekitaldian, 379 pertsonak eman dute gaua zerbitzu horretan, horietatik 21 emakumeak izan dira eta 358 gizonak. Pertsona horietako gehienak bizitegi-bazterketako egoeran daudela azaldu dute, eta, gainera, ez dute baldintza administratiborik gizarte-zerbitzu espezializatuak eta gizarte-zerbitzuen euskal sistemak jasotzen dituen oinarrizko prestazioak eskuratzea eragozten dienik.