Hainbat eraso matxista salatu dituzte Itzubaltzeta/Romo eta Pinuetako jaietan

Ander Zarraga 2024ko abu. 6a, 10:23

Itzubaltzeta/Romo eta Pinuetako jaiak ere ez dira jaien alderik arbuiagarrienetik libratu. Auzoko talde feministak elkarretaratzea egin zuen zapatuan, jaiak hasi zirenetik egunero eraso matxistak salatu direla ohartarazteko; barikuan bertan hiru salaketa jarri ziren jaietako puntu morean.

"Esan genuen eta esaten jarraitzen dugu: jaietako gunea oraindik ez da emakumeentzako gune segurua. Ospatzeko eta gozatzeko garaia eta eremua izan arren, emakumeoi ukatu egiten zaigu hauek nahi dugun bezala bizitzeko eskubidea. Nazkatuta gaude erasoak jasateko mehatxupean bizitzeaz", adierazi zuten Itzubaltzetako Talde Feministako kideek jaietan izandako erasoak salatzeko zapatuan egindako elkarretaratzean.

Gaineratu zutenez, "eraso eta erasotzaile gehiegi daude kontu isolatuak balira bezala jokatzen jarraitzeko". Halaber, azpimarratu zuten emakumeen gorputzetan eta bizitzetan jasaten duten indarkeria "egiturazko arazoa" dela, sistema ziseteropatriarkalaren emaitza, hain zuzen. 

Era berean, ebatzi zuten gizarte osoaren erantzukizuna dela erasoei amaiera ematea eta gizonei eskatu zieten beren erantzukizuna har dezatela errealitate hori aldatzeko: "Erasotzailerik ez badago, amaitu egiten dira erasoak". 

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun