Birziklapena sustatzeko edukiontzi gehiago jarriko ditu Mankomunitateak

Ander Zarraga 2024ko abu. 14a, 11:27

Mankomunitateak berrerabiltzeko 45 kontenedore eta olioa biltzeko 46 edukiontzi ditu eskualdeko udalerrietan banatuta. © UKZM

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak eskualdeko edukiontzi-parkea handituko duela iragarri du. Zehaztu dutenez, askotariko objektuak berrerabiltzeko lau edukiontzi gehiago jarriko dituzte eta beste lau olioa birziklatzeko.

Neurri horregaz, Mankomunitateak zuriak diren eta objektuak berrerabiltzeko balio duten 45 edukiontzi izango ditu guztira; eskualdean etxeko olioa birziklatzeko edukiontzi laranjak 46 izango dira guztira. Azpimarratu dute neurri horregaz etxeetan sortzen diren hondakin guztiak behar bezala bereiztea sustatu gura dutela, horiek birziklatu edo berrerabili ahal izateko. 

Zentzu horretan, gogoratu dute berrerabiltzeko edukiontzi zurietan bigarren bizitza izan dezaketen objektuak utzi daitezkeela, hala nola arropa, oinetakoak, osagarriak, liburuak, etxetresna elektriko txikiak, etab.

Halaber, laranja koloreko edukiontziak etxean sortutako landare-olioa bereizteko balio dute, etorkizunean birziklatu eta biodiesela sortu ahal izateko, hain zuzen. Azaldu dutenez, Pertsona batek 20 litro olio inguru kontsumitzen ditu urtean, eta horietatik % 10-20 inguru bota egiten dira. Behar bezala tratatzen ez den olioak ibaiak, itsasoak eta ekosistema osoa kutsatzen ditu; izan ere, olio litro batek 1.000 litro ur kutsatzen ditu, beraz, ezinbestekoa da olioa behar bezala bereiztea eta edukiontzi laranjan uztea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun