Itsasotik tona erdi zabor atera dute BizkaiaGara Egunean

Ander Zarraga 2024ko ira. 25a, 13:58

200 boluntario baino gehiagok tona erdi zabor batu zuten eskualdeko kostaldeko hainbat puntutan. © BIZKAIAGARA

Domekan, 200 boluntariok baino gehiagok parte hartu zuten Plentzia, Gorliz eta Barrikako kostaldeak garbitzeko egin zuten ekimenean. Egitasmo horretan, 500 kilo hondakin batu eta ingurumena babesteko beharraz kontzientzia sustatzeko tailerrak eta jarduerak egin zituzten. 

Irailaren 22an, Plentzia, Gorliz eta Barrikako kostaldean BizkaiaGara Eguna egin zuten. Horretan, 500 kilo zabor baino gehiago biltzea lortu zuten, 200 boluntario baino gehiagoren konpromisoari esker. Hondakin gehienak erabilera bakarreko plastikoak eta 4.000 zigarrokin izan ziren. “Material horiek mehatxu larria suposatzen dute itsasoko eta lurreko ekosistemarentzat, eta nagusiki hondartzetatik, itsaslabarretatik eta marearteko eremuetatik kendu zituzten”, azaldu du Leire Ortiz de Zarate BizkaiaGarako koordinatzaileak.

Garbiketaz gain, birziklapena eta jasangarritasunaz kontzientziatzeko xedeagaz tailerrak eta hezkuntza-jarduerak ere antolatu zituzten, Nakusarbe, Surfrider, Tantak Elkartea, Goazen Up, Mare Fondum-Oceanidas, Mater, Ola Sin Plastico eta Sare Berdeak erakundeek zuzenduta. Plentziako Itsas Estazioak ere parte hartu zuen, laborategi mugikor batean itsas espezieen laginak erakutsiz, eta Plentziako portuko Colillaton eta itsaspeko garbiketa izan ziren eguneko beste puntu nabarmenetako batzuk.

Ekitaldia Xabier Zubiaga sukaldariak prestatutako bazkari bategaz amaitu zen, non parte-hartzaileek jardunaldiari buruzko hausnarketak partekatu zituzten.

"Bigarren edizio honen balantzea oso positiboa izan da. Gizartea aktibatzearen eta ingurunea zaintzearen alde beren ekarpena egin nahi dutenentzako urteroko ezinbesteko hitzordu gisa finkatu dugu ekitaldia", adierazi zuen Ortiz de Zaratek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun