Ahalduntze eskolak zazpi tailer eskainiko ditu guztira, hainbat prestatzaile profesionalakaz. Horietako bat “Tratu onerako kontratua” izeneko tailerra izango da, non autozainketa eta tratu ona landuko diren. Beste ikastaro batean, “Nire koloreen indarra. Nabigatu zure emozioen kolorera” lelopean, parte-hartzaileek pintura erabiliko dute emozioak adierazteko eta emozioakaz konektatzeko. Beste tailer batean, argazkigintzaren bidez autoezagutza eta ahalduntzea landuko dituzte. Pelbis dantza ikastaroa ere eskainiko dute, zoru pelbikoa indartzeko asmoz. Beste batean, Txinako Txi Kung praktika tradizionala egingo dute, "arnasketa eta barne alkimia lantzeko". Meditazio tailer bat ere izango da, sormena eta buruko erlaxazioa uztartzen dituen Zetangle metodoagaz. Azkenik, “Plazeren hirukoa” izeneko ikastaroa egingo dute, eta taburik gabeko sexualitateaz hitz egingo dute emakumeek.
Tailer bakoitzak bere baldintza propioak izango ditu, ordu kopuruari, plazei, egutegiari, ordutegiari eta lekuari dagokienez. Informazio gehiago jasotzeko edo izena emateko, lilagune@uribekosta.eus helbidera idatzi, 946 762 674 telefonora deitu edo WhatsApp bidez 616 470 653 zenbakira idatzi. Izena emateko epea urriaren 11n amaituko da.
Plaza kopurua mugatua da; hala, kopuru hori gaindituz gero, zozketa bat egingo dute ikastaro bakoitzean izena eman duten emakume guztien artean. Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko udalerrietan erroldatutako emakumeek lehentasuna izango dute. Era berean, haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da tailerren saioakaz batera. Izena ematerakoan eskatu beharko da, eta izena emateko epean eskaerarik egonez gero soilik gaituko dela jakinarazi dute. Zerbitzua tailerra egiten den lekutik hurbil dagoen gune batean izango da. Horretarako, langile espezializatuak kontratatuko dituzte.