"Adineko asko gara, gizartearen laurdena baino gehiago. Ez gaituzte garaituko eta ez gaituzte menderatuko, justizia-zorra baitaukate gurekin"

Iker Rincon Moreno 2024ko urr. 2a, 12:12

Adineko dozenaka gizon-emakume batu ziren atzo, martitzenean, Santa Eugenia plazan. © JM Nogales

Pentsio duinak, zaintza publikoak eta edadismoaren, gura bako bakardadearen eta tratu txar sozial eta instituzionalen aurkako borroka aktiboak aldarrikatu zituzten atzo, Adinekoen Nazioarteko Egunean, Itzubaltzeta/Romoko Ibar Nagusien Etxea eta Pinuetako Nagusien Etxea elkarteek eta Getxoko Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak. Mezuok zabaltzeaz gainera, argazki kolektiboa egin zuten arrastian, Santa Eugenia plazan.

Atzo Santa Eugenia plazan batutako gizon-emakumeek iragarri zuten ez dutela etsiko, "ezta une batez ere", urteotan defendatu dituzten aldarrikapenetan: "Pentsio duinak, zaintza publikoak eta edadismoaren, nahi gabeko bakardadearen eta tratu txar sozial eta instituzionalen aurkako borroka aktiboak". Lope de Vega kalean eraitsitako eraikina gogoan izan zuten, eta azpimarratu zuten, etxe komuna bota zuten arren, borrokan jarraituko zutela: "Eta irmotasunez eta erabakitasunez egiten dugu, begietara begiratuz eta indar berrituz, zahartzaro sozial eta humanoki justu eta duin baterako dugun eskubide ukaezina defendatzeko".

Argazki kolektiboa egiteaz gainera, Eguneko Zentro Integral eta Publiko baten zerbitzua exijitu zieten botere politikoei, "gure gaitasun fisiko eta intelektualen sozializazio, jarraipen, ebaluazio eta optimizaziorako eguneroko espazio bat, erakundeen eta gizartearen laguntzako beharrezko neurriekin osatuta, gure etxeetan, auzoan eta gure jendearekin jarraitzeko aukera emango diguna, beste aukera batzuk saihestezinak izan arte".

Era berean, adinekoentzako egungo egoitzen erabateko erreforma sakona eskatu zuten, "etorkizuneko belaunaldien ongizaterako beren garai eta bizitzarik onena eman zutenen 'aparkaleku deshumanizatzaile' izateari utz diezaioten".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun