Palestinaren aldeko mobilizazioak egin dituzte Uribe Kosta osoan, Gernika-Palestinak deituta

Iker Rincon Moreno 2024ko urr. 22a, 11:53

Ehunaka lagun batu ziren atzo, astelehenean, Uribe Kostako udalerri guztietan, Gazako genozidioari amaiera ematea exijitzeko, Gernika-Palestina plataformak deituta. Joan den urtean Donostian egin zuten lehen mobilizazio nazionaletik urtebetera egin zituzten mobilizazioak.

Goizean, ikastetxeetan, eta arrastian, udalerrietan. Uribe Kosta osoan entzun zen atzo herri palestinarraren aldeko aldarria eta Gazako genozidioaren amaiera emateko eskaera. Izan ere, gogoratu zutenez, Israelek 43.000 palestinar baino gehiago hil ditu iazko urriaren 7an sarraskia abiatu zuenetik; gainera, salatu zuten Gazako azpiegituren % 70 suntsitu dituela haren armadak.

Mobilizazioei amaiera emateko, Gernika-Palestina herri ekimenak bere kolaboratzailea izandako Mahasen Al-Khatib gazte ilustratzailearen hilketa salatu zuten. Azaldu zutenez, Israelgo armadak Gaza iparraldean dagoen Jabalia herrian egin duen eraso batean hil zuten, beste dozenaka palestinarregaz batera.

Elkarretaratzeak, Uribe Kostan

Mobilizazio jendetsuak egin zituzten atzo eskualdeko udalerri guztietan: Plentzian, 100 pertsona inguru batu ziren; Gorlizen, 50; Erandion, 150; Urdulizen, 35; Barrikan, 30; Sopelan, 50; Leioan, 150; Berangon, 65; Itzubaltzeta/Romon, 110; Lemoizen, 16; eta Algortan, 300 inguru.

Argazkiak herrietako auzokideek HIRUKAri helarazitakoak dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun