Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Eudelek herritarrei eskatu diete Valentzian uholdeek kaltetutako pertsonei elkartasuna "antolatuta" adierazteko eta, une honetan, bereziki diru-ekarpenen bidez laguntzeko.
Erakundeek ohar baten bidez azaldu dutenez, "etengabeko harremanetan daude Valentziako Generalitatearekin, kaltetutako pertsonen behar zehatzak lehen eskutik jakiteko". Adierazi dutenez, "elkartasuna egokia eta eraginkorra izateko, antolaketa ezinbestekoa da". Hori dela eta, bertan lanean ari diren erakundeek beharrezkotzat jotzen dutena asetzea gomendatzen dute.
Ildo horretan, azpimarratu dute une honetan "lehentasunezko beharra" diru-ekarpenak egitea dela, erakunde horiek eskuragarri jarri dituzten kontu korronteen bidez. Hala ere, ohartarazi dute etorkizunean bestelako laguntza beharko dela, "hondamendi honen ondorioak luzerako izango direlako".
Horregatik, laguntzak eta dohaintzak egin gura dituztenei gomendatu diete euskal erakundeek Valentziako Generalitateak sortutako Som Solidaridat atarira jotzea, horixe baita hango erakundeek laguntza bideratzeko sortutako gune ofiziala.
Euskal erakundeen gomendioak
Zer egin?
- Egoeraren eta beharrizanen berri jaso.
- Egoera hauei erantzuteko gai diren eta eragindako eremuetan presentzia duten erakundeei dohaintza ekonomikoak egitea.
- Egoera honetan laguntzen duten euskal erakundeetan boluntario egitea.
Zer saihestu?
- Gauzazko dohaintzak egitea.
- Norbere kabuz jardutea, larrialdietan eta ekintza humanitarioan espezializatutako erakundeekin harremanetan jarri gabe.
- Kaltetutako eremuetara joatea.
Gogoratu
- Elkartasunak eraginkorra eta denboran jarraitua izan behar du.