Zeure buruari "trans artista sudaka" deitzen diozu. Zure ustez, zer botere ematen dizu izendapen horrek?
Egiten eta izendatzen dugun guztia osatu egiten da, bestela ez gara existitzen. Gutxiesgarria, iraingarria eta deskalifikagarria den guztia hartu duten trabesti trans belaunaldi baten parte naiz. Hitz horien kidetasun, harrotasun eta jarrera politikotik eraikitzen eta komunikatzen naiz.
Idazlea, poeta, kantautorea eta aktorea zara, beste gauza askoren artean. Zure artea aldarrikatzeko gunea al da? Zer bilakaera izan du zure mezuak denboran zehar?
Nik ez dut beste modurik ezagutzen nire mezuak zabaltzeko: kantagintzatik, poesiatik, gertakari artistikoen bitartez... Ez dut uste beste nonbaiten eroso nagoenik. Ez dut sentitzen nik beste esparru batean hemen baino hobeto egin dezakedanik. Nire mezuan eboluzionatu dut Argentinak eboluzionatu duen moduan. Gu giza eskubideen aldarrikapenetik abiatu gara. Horrek gure agenda emozionala markatzen digu. Horrek protagonismo-puntu batean kokatzen gaitu. Zerumuga horrek gauza berriak ekartzen dizkigu.
Nolakoa izan zen zure haurtzaroa? Erreferenterik izan zenuen zure nortasunean sakontzeko?
Uste dut nire belaunaldi trabesti transeko ia inork ez zuela erreferenterik izan bere nortasunean sakontzeko. Egin genuena izan zen gure inguruko emakume zis-en feminitateetan geure burua irakurri. Nire ama, telebistako ospetsuak, musikariak, ikusten genituen artistak... nire belaunaldiko lagunek sinbolo, modu eta estetika horiek hartu zituzten, eta, ondoren, horiek erabili zituzten euren identitatearen eraikuntzan bertan. Nik uste dut Argentina eta Latinoamerikako trabesti trans askoren borrokari esker gaur egun belaunaldi gazteenak trabesti transetan inspiratu ahal direla. Ez dute kanpotik etorritako mailegurik hartu behar euren identitateak eratzeko. Egun, artean irakurri daiteke trabesti transen pentsamendua, artista eta kirolari trabesti transak daude, trabesti trans filosofia... Bertatik norberak aukeratu behar du jarraitu gura dituen bideak eta nola eratu gura duen bere izana.
Zenbateko ulermena dago Argentinan trans errealitateen inguruan?
Argentina oso une zaila pasatzen ari da, baina ez du zerikusirik gure historia ulertzeagaz edo gure beharrak zeintzuk diren jakiteagaz. Munduan bada oso erasokorra eta astuna den eskuin indar bat gure kontra dagoena bere nortasunaren traba nagusia garelako. Munduko trans guztiok, transfeministok, patriarkatua kolokan jarri dugu. Eta hori irabazi dudan iraultza bat da. Eta eskuindar hori euren pribilegioen azken defentsagatik erantzuten ari da. Boterea hartu dute, bai. Estrategia hobeak izan dituzte hori lortzeko, bai. Beren porrotetatik berrikasten dute denbora guztian, bai. Baina horrek ez du esan gura planeta honetarako duten proiektua eta plana arrakastatsua denik.
Laster solasaldi eta kontzertu batzuk emango dituzu Sopelan eta Algortan. Ezagutzen duzu Euskal Herriko queer mugimendua?
Bidaiaren zati bat lotuta dago ezagutzera, deskubritzera eta entzutera joateagaz. Norbera oholtzatik jaitsi ostean, besteak ezagutzeko aukera hasten da. Itxaroten eta hartzen zaituzten lagunek egiten duten prestakuntza ederra eta hunkigarria da, nola antolatzen dituzten ekitaldiak, solasaldiak, tailerrak... Ezagutzeko aukera da. Trabesti trans ez-bitar ororen praktika da mundua beste ikuspuntu batetik ezagutzea, eta horrek harremana du egiteagaz eta besarkadagaz.