Uribe Kostako lehen sektorea

Jon Ander Zalduegi: "Nekazariontzat, biderik onena da salmenta zuzena"

Iker Rincon Moreno 2024ko aza. 11a, 10:21

Hamabostean behin, Zalduegik saskiak banatzen ditu Algortako Azebarri kulturgunean, besteak beste.

Duela 18 urte nekazaritzaren munduan murgildu zen Jon Ander Zalduegi. Gaur egun, Bakion eta Mungian lantzen ditu ortuariak, eta ekoiztutakoa Algortan eta Sopelan banatzen du, kontsumo-taldeen bitartez, besteak beste.

Euskal Telebistan (ETB) soinu eta irudi teknikari aritu ondoren, semeak nagusi zirenean, baserriaren munduarekiko interesa piztu zitzaion berriro. Hala, bere ogibidea zena alde batean utzi eta Derioko Nekazari Eskolan eman zuen izena, duela 18 urte, nekazaritza-prestakuntza jasotzeko. Aldaketa handia izan zen, baina pasioz egin zuen jauzia. Gaur egun, besteak beste, Sopelan eta Algortan topa dezakegu bere ortuariak herritarren artean banatzen, kontsumo-taldeetan. Horietako banaketa batean harrapatu dugu, Algortan, Azebarri kulturgunean, kolorez eta barazkiz betetako kutxak antolatzen, gerora banan-banan horiek jasotzera etorriko diren gizon-emakumeen zain, irribarretsu.

Nekazari gisa beharrean hasi zenean, Mungiako lursail bat alokatu zuen produkzioari ekiteko; gaur egun, horrez gainera, Bakion ere badu beste bat, handiagoa. Bietan ekoitzitakoa merkaturatzeko, salmenta zuzenaren hautua egin zuen hasiera-hasieratik Zalduegik. Izan ere, nabarmendu duenez, horrek ahalbidetzen dio bere produktuak prezio justuago batean saltzea, bitartekaririk gabe. Gainera, bezeroei eskaintza zabalagoa eskaini guran, beste hainbat ekoizlegaz batu eta elkarte moduan lan egiten dute denek. Hala, barazki eta ortuariez gainera, esnekiak, okela, eztia, arrautzak eta bestelako hainbat produktu banatzen ditu saskietan.

Nabarmentzen duenez, salmenta zuzen horrek hainbat abantaila ditu, batez ere supermerkatuen presio ekonomikotik ihes egiteko aukera ematen diolako. "Bitartekaririk gabe, gure produktuak guk geuk saltzen ditugu zuzenean, eta prezioak guk kontrolatzen ditugu". Dioenez, supermerkatu-kateek presio handia egiten diete ekoizleei eta, askotan, generoa baztertzen dute, "kalibrazio zorrotzak eskatzen dituzte, eta prezioekin erotzen gaituzte. Horregatik, salmenta zuzena da guretzat biderik onena". Horrez gainera, deitoratzen du supermerkatuakaz lan egiterakoan, horiek behartu egiten dietela monokultiboak egitera, hau da, produktu bakarra lantzera, "eta horrek ez du bat egiten gure filosofiarekin, agroekologiarekin".

Dioenez, naturaren zikloak errespetatu egiten ditu, ekoizpen ekologikoa lehenetsita. Horretarako, lanketan, errotazioak egiten ditu, "lurrak nekatu ez daitezen", eta ongarri sintetikorik erabiltzen ez dutenez, "landareak bere erritmo naturalean hazten dira; erabiltzen dugun gauzarik modernoena negutegia da, uzta aurreratzen laguntzen diguna".

Kontsumo-taldeak

Ekoiztutakoak hamabostean behin banatzen ditu Zalduegik, kontsumo-taldeetan. Saskiak askotariko produktuez hornituta daude eta, banaketa batetik bestera, horiek aldatzen joaten dira. "Askok esaten didate Olentzero modukoa naizela, astero sorpresa bat dakarrelako otzarak, eta oso pozik joaten dira etxera". Hala ere, ekoizleak aitortzen du formatu hau agian ez dela egokiena pertsona bakar batentzako, saskiak handiak direlako. Horren aurrean, Sopelan, adibidez, eskari bidez funtzionatzen du, bezeroak zerrenda batetik gura duena eskatzen baitio Zalduegiri.

Nekazaritzan hasi zenean, lauzpabost ortuari bakarrik lantzen zituen, bertakoak eta tipikoak, baina, denboragaz aldaera gehiago ekoizteari ekin dio, hala nola tomate- eta kalabaza-mota ezberdinak eta askotariko azakiak zein kanpotik ekarritako bestelako aldaera exotikoagoak. Horrek, baina, erronka bat ekar diezaioke bezeroari, ortuari horiek kontsumitzeko joera nahikorik izan ez dezakeelako. Horren aurrean, baina, Zalduegik irtenbide bat topatu du: sukaldaritza-tailerra eta errezetak partekatu. Dioenez, horien bidez aukera ematen zaie bezeroei ohiko prestaketen mugak gainditzeko eta barazkien aniztasuna modu eraginkorrean aprobetxatzeko.

Lurra lantzea baino gehiago

Zalduegik aitortzen duenez, nekazaritzak lan handia dakar, baina, ez bakarrik baratzean, baizik eta bestelako arlo batzuetan ere. "Orain, web-orrialdeak kudeatzen jakin behar dugu, Instagram, WhatsApp edota bestelako plataformak. Gainera, burokrazia handia da, eta askotariko erakundeen dokumentu asko bete behar ditugu. Horrek denbora eta jakintza eskatzen du, bestela gestoria bat kontratatu beharko genuke, baina hori garestia da, eta ez dugu diru askorik horretarako".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun