Gure dieta elikadura-aukera soil bat baino gehiago da: osasunerako bidea edo etorkizuneko gaixotasunen ernamuina izan daiteke. Horregatik, Paz Bañuelos bezalako aditu nutrizionistek produktu ekologikoek, gertukoek eta sasoikoek ongizatea sustatzeko duten garrantzia defendatzen dute, "duela 25 mende Hipocratesek esaten zuen bezala: gaixotasun guztiak hestean hasten dira".
Bañuelosek nabarmendu duenez, produktu ekologikoek ez dute gizakion osasunari eta ingurumenari kalte egiten dieten pestizidarik eta gehigarririk. "Elikagai aberatsak dira mantenugai eta antioxidatzaile naturaletan, eta horrek bizi-organoak babesten laguntzen du, erradikal askeak murriztuz eta DNA eta funtzio zelularra babestuz", azaldu du.
Adierazi duenez, hestea funtsezkoa da ekuazio honetan, hain zuzen, bertan dagoen mikrobiota, osasun orokorrerako gakoa da. Horrek askotariko kalteak jasaten ditu kontserbatzaile eta kimiko artifizialak dituzten produktuen kontsumoaren ondorioz, eta mikrobiotaren oreka-galera horrek gaixotasun kronikoak, osasun mentaleko arazoak eta obesitatea eragin ditzake, besteak beste. "Osasunari lehentasuna emango liokeen gizarte batean, elikagai guztiak ekologikoak izatea derrigorrezkoa izango litzateke", dio Bañuelosek.
Hurbileko produktuen abantailak
Elikagai baten nutrizio-balioa handiagoa da freskoa kontsumitzen denean, eta heltze-puntu optimoan, nutrizionistak ziurtatzen duenez. Ildo horretan, Bañuelosek azpimarratu du distantzia luzeak egiten dituzten produktuek mantenugaiak galtzeko joera dutela garraioan, eta kontserbatzeko tratamenduak egin behar zaizkiela elikagaiei, produktuaren kalitatea arriskuan jarriz. Gainera, ohartarazi duenez, "nekazaritzako kimikoen erabilerak eta ontziek elikagaia partikula kaltegarriekin kutsatzen dute, disrruptore endokrinoak barne, hala nola ftalatoak eta plastikoak, minbizia edo diabetesa bezalako gaixotasun larriekin lotuta daudenak".
"Gure elikadura, egunetik egunera, produktu ekologiko, fresko, hurbileko eta integraletan oinarritzen bada, elikagai horien nutrizio-gaitasun handiek funtzio organiko eraginkorragoa eragingo digute"
Tokiko produktuek, aldiz, beren propietate bitaminiko eta antioxidatzaile guztiak eskaintzen dituzte, osasunari eta sistema immunologikoari mesede eginez. "Gertuko produktu ekologikoa aukera ezin hobea da banako osasunerako eta osasun globalaren elikadura segururako", ondorioztatu du.
Sasoiaren garrantzia
Sasoiko produktuak kontsumitzea naturalagoa izateaz gain, organismoaren oreka ere errazten duela gaineratu du, baldintza klimatikoetara egokitu eta defentsak indartzen dituelako, Bañuelosek azaldu duenez. Berbarako, aza neguan kontsumitzea garrantzitsua izan liteke; izan ere, barazki horrek, hotzari egokituta dagoena, gure immunitatea indartzen du tenperatura baxuen aurka, besteak beste. Hala ere, adituak ohartarazi du ez litzatekeela gauza bera gertatuko giro bero batean hazitako aza bat janez gero, "ahulagoa delako eta ez delako horren nutritiboa izango".
"Natura jakintsua da eta urtaro bakoitzean bere fruiturik onenak eskaintzen dizkigu; ziklo horiek aldatzeak elikadura pobretzen du eta gure osasuna desharmonizatzen du", ziurtatzen du.