Azaroaren 16, 17 eta 18an, 100 neurketa baino gehiago egin zituzten in situ, eta laborategiko analisiak 135 parametro fisiko-kimiko eta mikrobiologikoren gainean, hala nola kloroa, uhertasuna, pH-a, bakterio koliformeak, E. coli eta enterokokoak. Ur Partzuergotik adierazi dute kasu guztietan, emaitzek egiaztatu zutela urak kontsumorako uraren kalitateari buruzko 3/2023 Errege Dekretuaren baldintzak betetzen dituela.
Kontsumorik ezaren abisua komunikabideen, sare sozialen eta tokiko agintariekin harreman zuzena izatearen bidez zabaltzeko ahaleginak egin arren, Ur Partzuergoak onartu du zenbait abonatuk ez zutela jakinarazpena jaso. Hori dela eta, etorkizunean eragozpenik egon ez dadin, SMS testu-mezuen sistema bat probatzen ari dira, larrialdien aurrean modu zuzenagoan eta eraginkorragoan ohartarazteko.
Gainera, Ur Partzuergoak agindu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailagaz koordinatuko dela komunikazio-protokoloak optimizatzeko eta herritar guztiak denbora errealean informatuta daudela ziurtatzeko.
Aurrekaririk gabeko matxura.
Zapatuko haustura "60ko hamarkadatik izandako matxurarik handiena" bezala deskribatu du Ur Partzuergoak, baina azken hamarkadetan instalatutako hornidura-sare bikoitzari esker, hornidura erabat etetea saihestu zen. Ur Partzuergoaren arabera, egindako maniobrek zerbitzua mantentzea ahalbidetu zuten, baina zenbait tokitan presio- eta uhertasun-arazo puntualak izan ziren.
Gaur egun, laginak hartzen jarraitzen dute ukitutako udalerrietan, sistemak behar bezala funtzionatzen duela ziurtatzeko, eta jarraipena azaroaren 22ra arte programatuta dago.
Azkenik, Ur Partzuergoak eskerrak eman dizkie kaltetutako udalerriei, eta barkamena eskatu die bizilagunei sortutako eragozpenengatik, kalitatezko zerbitzua eskaintzeko eta etorkizunean hobetzeko esperientzia horretatik ikasteko konpromisoa berretsiz.