Sakonean

Indarkeria matxista, salaketetatik harago

Ander Zarraga 2024ko aza. 25a, 09:25

Urteotan, genero-indarkeriaren inguruko ikuspegia nabarmen hobetu den arren, gizarteko alderdi guztien bilakaera ez da parekoa izan. Esaterako, biktimen arretarena da hobetzeko asko duen esparruetako bat, salatzeko urratsa ematen duten emakume askok zalantzaz betetako bide bati ekiten baitiote, non birbiktimizazioa etengabe ematen den.

Segurtasun Sailak argitaratutako azken datuen arabera, EAEn sexu-erasoak % 30 hazi dira urteko lehen seihilekoan; hau da, 2024ko urtarriletik ekainera. Guztira, epe horretan salatutako sexu-askatasunaren aurkako arau-hausteak 491 izan dira. Mota horretako delitu gehien izan dituzten udalerrien artean dago Erandio, Bilbo, Eibar edo Irunegaz batera. Bertan, epe horretan 11 kasu salatu zituzten, iazko epe berean baino lau gehiago. Eraso horien gorakadaren inguruan galdetuta, Altzagako Bake ta Atake talde feministako kideek baieztatu dute salaketen gorakada hori azken bi urteetan nabaritu dutela, eta horiek etxebizitzen barnean eman direla, "horregatik, etxebizitzak espazio ez seguru izaten jarraitzen duten bitartean, komunitatea bihurtu behar dugu babesleku". Ildo horretan, Eustaten 2022ko datuen arabera, EAEn emakumeek salatutako erasoen % 73 baino gehiago bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoak izan ziren, % 18,2 familia barrukoak eta % 8,5 sexu-indarkeriagaz lotutakoak.

"Arreta-sistema birplanteatu behar dugu: nondik artatzen den, nola artatzen den eta zer diru bideratzen den horretara". Norma Vazquez, Ekintzailea eta psikologoa

Datu horiek mahai gainean jarrita, Erandioko Udaleko Berdintasun teknikaria den Maider Gorroñok adierazi du tentuz hartu behar direla, eta horien erabilgarritasuna erlatibizatu egin du. Dioenez, salaketen atzean dagoena jakitea oso zaila da, "kasuistika asko daudelako", baina bai azpimarratu du emakumeen aurkako indarkeriaren datuek gora egin dutela erasoak lehen baino gehiago eta hobeto identifikatzen direlako: "Begirada aldatu egin da; lehen, parrandan egon zitezkeen erasoak normaltzat hartzen ziren; orain, hori ez da horrela". Erandiori dagozkion datu orokorren harira, teknikariak nabarmendu du Sonora diskoteka ere daukatela, "hor astebururo gertatzen dira gauzak, eta gehienetan ez dira herrikoek eragindakoak izaten"; gainera, Ertzaintzaren polizia-etxea ere daukatela azpimarratu du, "eta horrek ere eragina izango du datuetan".

Salatzearen kostua

Norma Vazquez psikologo eta ekintzaile feministak 40 urte baino gehiago daramatza hainbat erakundetan lanean, tartean, Mexikoko CIDHAL Latinoamerikako lehen zentro feministan. Bilbon, Sortuz elkartea eratu zuen eta, gaur-gaurkoz, horretan dihardu emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko aholkularitzan eta ikerkuntzan. Erasoen gorakadari buruz galdetuta, arrazoitu du 2004an genero indarkeriaren aurkako babeserako onartu zen legeak biktimei salatzea gomendatzen ziela. "Horrek, gorakada azaldu dezake, baina ez du esan gura arazoa salatzeagaz batera konponduko denik, gerta daitekeelako salatzea eta arazoa konpontzea, jaramonik ez egitea edo indarkeria areagotzea". Bere ustez, indarkeria matxistaren bilakaera "aurreraka zein atzeraka" joan da; hau da, arazoa ikusarazi egin da eta kontzientzia piztu da, "baina erakundeak astiroegi ari dira eboluzionatzen emakumeen beharrizanak asetzeko".Ekintzaile feministaren ustez, salaketa emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko tresna bat gehiago da: "Ikuspuntu sozialetik zein psikologikotik lan egiten dugunok argi dugu hori, baina alde judizialean eta polizialean ez, ezta osasunekoan ere; beraz, paraleloan doazen bi eboluzio daude". Gorroño bat dator Vazquezen berbakaz, eta adierazi du salaketa jartzen denean amildegira ate bat zabaltzen zaiela emakume askori, eta arrisku-mailaren intentsitatea asko areagotu dezakeen inflexio puntu bat izan daitekeela, "erasotzaileak epaitegietatik zitazio bat jasoko duelako".

Behin salaketa jarrita, sexu-erasoa jasan duten emakumeek agente ezberdinetatik sufritzen duten birbiktimizazioa ere azpimarratzekoa da, gehiegitan behar bezalako prestakuntzarik gabeko profesionalek artatzen baitituzte. Hainbat adibide daude, eta horietako bat da Conchi Granero bortxaketa baten biktimak salatutakoa. El Pais egunkariak bere abokatuari bidali zion gutuna eta elkarrizketa argiratu zituen: "Te hacen creer que lo mejor es contarlo, pero luego te abandonan". Carta de una víctima de violación (El País, 2024/10/03). Horretan, Granerok bizitako kalbarioa azaltzen du: salaketa jarri zuenean poliziakaz eta medikuakaz egon zenean bizitakoa, epailearen aurrean deklaratu zuenean jasotako tratua eta epaiketan bizi izandakoa. Horrek, justiziarekiko mesfidantza eragin ziola dio, besteak beste.

"Udalerri askotan ez dago baliabiderik, edo, izan arren, konpromiso politikoa falta da". Maider Gorroño, Erandioko Udaleko Berdintasun teknikaria

Arretaren erronkak. Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeek jasotzen duten lehen mailako arreta udalen ardurapean dago, aldundietatik bigarren mailako atentzioa jasotzen baitute. Eusko Jaurlaritzak ez du zuzeneko berariazko zerbitzurik, horren ordez, indarkeria psikologikoa, fisikoa, sexuala edo ekonomikoa jasaten duten emakumeei arreta emateko telefonoa dauka –900 840 111 zenbakiaren bitartez kudeatzen da hori–. Uribe Kostan, Getxok, Erandiok eta Leioak euren arreta-zerbitzu propioak dituzte, eta gainontzeko udalerriek Mankomunitatearen esku uzten dute hori.

Erandioko Berdintasun teknikariak gogoeta egin du indarkeriaren biktimak diren emakumeei ematen zaien arretaren inguruan. Dioenez, ageriko kasu oso larriak ez direnean, prest egon arte ez salatzeko gomendatzen diete emakume askori: "Horrek aurretiazko aholkularitza- eta laguntza-prozesu bat behar du, eta zerbitzu psikologikora datozen askok ez dute salatu nahi indartsu sentitzen diren arte". Ildo horretan, Erandioko Udalaren konpromisoa eta baliabideak goraipatu ditu Gorroñok, asistentzia psikologikoa eta juridikoa eurek kudeatzen baitituzte eta Udalak datu-base bateratua partekatzen baitu Udaltzaingoagaz, zerbitzu sozialakaz eta emakume horiei laguntza emango dieten gainontzeko profesionalakaz. "Hobetzeko gauza asko dago, noski, baina Berdintasun arloari dagokionez, Udalaren partetik konpromisoa dago eta baliabideak zein dirua ditugu; adibidez, bakarrik zerbitzu psikologikoan 6.000 euro baino gehiago gastatzen ditugu hilero. Udalerri gehienetan hori ez da gertatzen, ez dute hainbeste baliabiderik eta Bizkaiko Foru Aldundira bideratzen dituzte biktima asko".

Getxon, Leioan eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatean ere ematen dituzte aholkularitza-zerbitzu juridikoak eta psikologikoak. Kasuen arabera, salaketak Ertzaintzan, udalerri bakoitzeko udaltzaingoan, osasun-sisteman edo epaitegietatik sartzen dira, eta horiek gero udalerri bakoitzeko gizarte zerbitzuetatik bideratzen dituzte. "Horrela bideratzen dira kasuak, gizarte zerbitzuek dutelako eskumen legala", azaldu du Carmen Diaz Getxoko Udaleko Gizarte Kohesioko zinegotziak.

"Jaiak bereziki arriskutsuak izan daitezke sexu-erasoei dagokienez, horrenbestez, puntu moreak kokatu ditugu arretan espezializatutako teknikariakaz.Aurten emaitzak onak izan dira, gauero 50 pertsona inguru hurbildu dira informazio eske". Carmen Diaz, Getxoko Udaleko Gizarte Kohesioko zinegotzia

Biktimak diren emakumeei arreta ematen dieten profesional eta erakunde ezberdinen arteko koordinazioa eta horien prestakuntza da gaur-gaurkoz erronkarik nagusienetako bat. Adibidez, Gorroñok dio beraiei ez zaizkiela Erandion Ertzaintzan jartzen diren salaketen inguruko datuak heltzen, eta horrek beraien lana oztopatzen du. "Uribe Kostan izandako azken kasuaren berri egunkariaren bitartez izan dugu, eta guk deitu behar izan dugu informazioa jasotzeko", azaldu du Yolanda Chaparro Mankomunitateko Berdintasun teknikariak, beraiek ere arazo hori dutela baieztatuz. Getxoko zinegotziak ere hor jarri du fokua, azpimarratuz beraientzako sistema ezberdinen arteko koordinazioa dela garrantzitsuena, eta, horregatik, Getxon koordinazio-mahaia antolatzeko egiten ari diren ahalegina nabarmendu du politikariak.

Egiturazko arazoa

Vazquezen iritziz, oro har, zerbitzu horiek ez dira onak, profesionalen prestakuntzan inbertitu arren, zerbitzuak ez direlako hedatzen eta gabezia asko dituztelako. "Kontua da udal askok ez dutela beharrezkoa ikusten horietan gehiago inbertitzea, uste dute dauzkaten kasuen kopururako nahikoa dela Aldundiak ematen dien zerbitzuagaz, eta ez dute esku-hartze eredua aldatzeko beharrik ikusten". Bere esanetan, udalek banan-banan ezin dute arreta-sistema osorik aldatu, arazoa egiturazkoa baita: "Euskadiko gizarte-zerbitzuen sistema da arazoa, hasieratik nola egituratuta dagoen, hain zuzen". Arlo horretan egiteko asko dagoela adierazi du ekintzaile feministak, eta ikuspegi feminista batetik abiatzen den agente guztietan prestakuntza ezinbestekoa dela azpimarratu du. "Zerbitzu hauek udaletako berdintasun arloetan oinarritu beharko lirateke, ez gizarte zerbitzuetan", ebatzi du.

Azkenik, ekintzaile eta psikologo mexikarrak dei egin du fokua erasotzaileengan jartzera, eta ez biktimengan, ezta gazteak bezalako kolektiboengan ere. "Lehenik eta behin, emakumeekiko dugun portaera aztertu beharra dugu. Erasotzaileak ere ez ditugu exageratu behar, ez dira munstroak, gure inguruan dauden gizon normalak dira. Horrez gain, indarkeria gizarteko esparru guztietan dago, ez dezagun fokua jarri soilik gazteengan eta halako kolektiboetan". 


Erandion, azken urteotan indarkeria matxista salatzeko elkarretaratzeak biderkatu egin direla adierazi du mugimendu feministak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun