Milaka emakume atera dira kalera, indarkeria matxistaren kontra: “Ez bazara konponbidea, arazoa zara”

Iker Rincon Moreno 2024ko aza. 26a, 09:07

Goizean zein arrastian, kolore morea nagusi izan zen astelehenean Uribe Kostako udalerrietan. Izan ere, milaka emakume atera ziren kalera atzo, azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean. Instituzioek, ikasleek, eragileek eta mugimendu feministek egindako deialdiakaz bat eginez, jarrera matxistak desagerraraztea exijitu zuten.

Ikasleak izan ziren lehenak kalera ateratzen, baita instituzioak ere. Berbarako, Leioan, 11:30ean, herriko ikastetxe ezberdinetako ikasleek, ordezkari politikoek eta herriko mugimendu feministak elkarretaratzea egin zuten Kultur Leioa Auditoriumeko arkupeetan. Bertan egin zituzten irakurketa instituzionalak, baita ikasleek ikastetxeetan landutako testuak irakurri ere. Ondoren, udalerriko mugimendu feministak hartu zuen lekukoa, eta, besteak beste, barikuan gizon batek adingabe bat bortxatu izana salatu zuen.

Besteak beste, Sopelan, Erandion eta Barrikan ere mobilizazioak izan ziren eguerdian, eta, azken horretan, Emakumeen Hitza elkarteak deituta, emakumeen biribilgunean elkarretaratzea egin zuten. Indarkeria matxista mota ezberdinak zerrendatu zituzten bertan, eta jarrera horien aurrean "isiltasunik eta pasibotasunik" onartuko ez dutela ohartarazi zuten: "Ekintza sendoak eskatzen ditugu, indarkeria matxistei aurre egiteko oinarriak ezartzen dituztenak".

Arrasti aldera, mugimendu feministak deitutako mobilizazioak izan ziren nagusi, eta horietara batu zen jende gehien. Horietan, gizonentzako mezu zuzena jarri zuten mahai-gainean, deitoratuta gehienek "konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxistak desagerrarazteko eta salatzeko konpromiso falta" izaten jarraitzen dutelakoan: "Ez bazarete konponbidea, arazoa zarete".

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, mobilizazioetan gogoan izan zituzten aurten Euskal Herrian eraildako bost emakumeak eta, hori horrela, berriro kaleak eurenak egiteko arrazoiak asko direla deitoratu zuten: "Gure egunerokoan erabat normalizatuta ditugu erasoak, bortxaketak, beldurra, erailketak… Sistema heteropatriarkal, kolonial eta kapazitistak forma berriak hartzen ditu irauten jarraitzeko".

Emakumeek pairatzen dituzten indarkeria-motak askotarikoak diren arren, oinarria bakarra dela salatu zuten, eta gogoratu zuten behin eta berriz salatu dutela hori, baina aldaketak "oso motel" ematen ari direla. Hala, "konponbidea izan beharrean arazo" diren eragile eta erakundeei interpelazio zuzena egin zieten; bereziki, gizonezkoei, hedabideei eta instituzioei.

Azpimarratu zutenez, komunikabideek paper garrantzitsua betetzen dute indarkeria matxistaren erreprodukzioan, "errua erasoa jasan duenaren gainean jarriz", besteak beste. Era berean, sare sozialetan ematen ari den fenomenoa jarri zuten mahai-gainean, zeinetan mezu faltsuak eta gorrotoa zabaltzen ari den. "Indarkeria forma berriak hartzen ari da eremu birtualean, eta honetan ere erremintak eta autodefentsa-sareak garatu beharko ditugu".

Kontuak horrela, eskaera bat egin zieten erakundeei: "Inbertsioa, baina benetan falta den lekuan". Ildo horretan, deitoratu zuten ez dela polizia gehiagorik behar kaleetan segurtasunaren izenean, "prebentzio-programa gehiago behar ditugu, hezkuntzan diru gehiago behar dugu, profesionalen formakuntza behar dugu; benetako errekurtsoak, erabilgarriak, erasoak jasan dituzten emakumeei benetako arreta eman ahal izateko". Era berean, Getxon, berbarako, GUrari emakumeen etxea "behingoz eta atzerapenik gabe" zabal dezaten exijitu zuten, "autogestiorako eta borroka feministarako gunea izango dena".

Amaitzeko, konponbidea eraikitzen jarraitzeko deia egin zuten, "aliantza feministetatik, antolakuntzatik, borrokatik". Ildo horretan, azpimarratu zuten azken urteotan hauspotu diren jarrera erreakzionarioak borroka feministak lortu duenaren aurkako erantzunak direla, "gizonek euren pribilegioak arriskuan ikusten dituzte eta jarrera geroz eta oldarkorragoak hartzen ari dira"; horregatik, antolakuntza eta militantzia feminista "ezinbestekoak" direla nabarmendu zuten, "borroka kolektiboa, gure arteko elkar-zaintza eta saretzeak egingo gaituelako askeago".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun