Elkarrizketak

"Euskaraz badakigu"

Erredakzioa 2024ko abe. 3a, 10:48

Eustat Euskal Estatistika Erakundearen arabera, Uribe Kostako udalerrietako biztanleriaren erdia baino gehiagok euskara ezagutzen du, baina, zenbateko aukerak dituzte herritarrek euskarazko arreta jasotzeko? Aukera al dute euskaldunek euskaraz aritzeko eta artatuak izateko eremu publikoan? Eta pribatuan? 

Euskarazko ezagutzak gora egin du urterik urtera EAEn; Eustat Euskal Estatistika Erakundearen 2022ko datuen arabera, euskaldunen proportzioa % 11 inguru handitu da 2001etik 2021era bitartean; hartara, lurraldeko 2 urtetik gorako biztanleen % 62,4k badu euskararen ezagutzaren bat. Gainera, aztertutako azken hamarkadan, 2011tik 2021ra bitartean, euskaldunen proportzioa % 6,1 handitu da, gizartearen % 43,3 izateraino, eta gorakada hori EAEko eskualde guztietan eman da.

Hizkuntza ulertzeak, baina, ez du esan gura erabiltzen denik, eta hori agerikoa da gure kaleetan. Hala ere, badira euskaraz bizitzeko hautua egin dutenak, eta horretarako arnasgune bila dabiltzanak, bidean topatutako hamaika oztopo eta trabei aurre egin guran. Izan ere, azken urteotan, eztabaidagai izan dira eremu publikoan emandako epaiak, zeinetan ebatsi den euskara-eskakizuna ez dela beharrezkoa hainbat egoeratan. Ildo horretan, iaz, Bilboko epaitegi batek arrazoia eman zion hizkuntza-eskakizunaren derrigortasuna atzera botatzeko helegitea jarri zuen Erandioko udaltzain bati, eta, aurten, Getxon, Udalak berak erabaki du orain gutxi etorkizunean kontratatuko dituen 10 udaltzainetatik erdiak ez duela euskaraz jakin beharrik izango. Egoera horien aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak eta tokiko euskara eragileek gogor salatu dituzte erabakiok, "euskararen normalizazioaren aurka" jotzen dutelakoan.

Salatu dutenez, eremu publikoko langile batek euskararen ezagutza ez izateak zerbitzu osoan euskararen erabilera ukatzea dakar, baita herritarren hizkuntza eskubideak baldintzatu ere. Euskalgintzak gogoratu duenez, EAEko herritarren % 75ek ezinbestekotzat jotzen du langile publiko izateko hizkuntza ofizial biak ezagutzea; baina, zein da egoera benetan? Eta, bide batez, eremu pribatuan? Arreta euskaraz jasotzeko aukera dago gurean? Eskualdeko hainbat langilegaz egon gara egoera zein den ezagutzeko. 

Itxaso Zabala | Fisioterapeuta

Itxaso Zabala fisioterapeuta da, eta 2008tik ari da Osakidetzan lanean, toki ezberdinetan esperientzia zabala pilatuta. Besteak beste, Gorliz, Plentzia, Erandio, Sopela, Getxo eta Barakaldo udalerrietan aritu da, eta, azpimarratzen duenez, hizkuntzak arreta hobea emateko lotura berezia sortzen du erabiltzaileagaz, haiei dituzten arazoak ondo azaltzeko aukera eskaintzen baitzaie. Euskaldunen kasuan hori bermatu ahal izateko, lehenengo hitza euskaraz egitea oinarrizkoa dela uste du: "Gu beti aurkezten gara euskaraz, erabiltzaileek aukera izan dezaten euskaraz egiteko. Erantzuna euren jarreraren araberakoa izaten da: euskaldunak direnak berehala hasten dira euskaraz; beste batzuek, aldiz, gaztelania nahiago dutela esaten dute barkamenak eskatu ostean. Beste batzuk zuzenean gaztelaniaz hasten dira".

Bestalde, euskara lehenesten duen osasun-profesionalaren garrantzia azpimarratzen du ere. "Norberaren lehen hizkuntzan azalpenak eman ahal izatea funtsezkoa da, zeure burua hobeto adierazi ahal izateko. Medikua oso ona izan daiteke, baina azalpenak ez baditu ulertzen edo emateko gai ez bada, zailtasunak sortuko dira". Aitortzen duenez, inguruotan halako arazorik ez dira ematen, alde bietan gaztelania eta euskara menperatzen direlako, baina, Gorlizeko ospitalean, berbarako, Durangaldeko eta Mungialdeko erabiltzaileak artatzerakoan, badira soilik euskaraz moldatzen direnak, eta egoera horietan funtsezkoa da profesionalek euskara menperatzea. Ildo horretan, nabarmentzen du Osakidetzan, oro har, euskarazko arreta bermatzeko ahalegina nabaria dela; hala ere, langile askok bigarren hizkuntza-eskakizuna betetzen duten arren, denek erabiltzen ez dutela deitoratzen du: "Gai dira euskaraz egiteko, baina ez dute nahi...". Horrek lan-eremuan eragin zuzena izaten du, gune euskalduna sortzea ekiditen duelako askotan. Izan ere, dioenez, osasun-langile guztiak euskaraz ari direnean, giroa guztiz euskalduna da; erdaldunen bat badago, aldiz, automatikoki gaztelaniara jo ohi da. Egoera horietan, erabiltzaileen jarrera zelakoa den galdetuta, argi du: "Euskaraz ari bagara, euskaldunak direnek  zuzenean jarrera aldatzen dute, oso lotura polita sortzen da".

Marije Caballero | Liburuzaina

Marije Caballero astrabuduarrak 19 urte daramatza  Erandioko Altzagako Udal Liburutegian atezain lanetan. Bertan ari diren langileen artean beti euskaraz berba egiten dutela dio: "Kultura arloan lan egiten dugunez, euskararen presentzia eta erabilera bermatzen saiatzen gara gure eguneroko lanetan". Horrez gain, liburutegian erabiltzen duten sistema informatikoa ere euskaraz dute konfiguratuta, baita ordenagailuetako sistema eragilea,  erabiltzaileentzako mailegu-sistema eta seinaleztapena ere. Dioenez, berak eta liburutegiko gainontzeko langileek herritarrakaz duten lehen kontaktua, zuzenean zein telefonoz, euskaraz egiten saiatzen dira, "gero, herritarrek erabakitzen dute zein hizkuntzatan jarraitu, guztiek ez baitakite euskaraz, noski; baina asko saiatu egiten dira, behintzat". Duela 19 urte, bera liburutegian lanean hasi zenean, daborduko euskara erabiltzearen aldeko hautua eginda zegoela azaldu du, eta, gaur egun, horregaz jarraitzen dute bertan, "behintzat, liburutegian, beti".

Berarentzat, euskaraz lan egin ahal izatea garrantzitsua da euskararen biziraupenerako, herritarren artean hizkuntzaren erabilera sustatzeko "eta gure hizkuntza delako". Horren harira, zehaztu du: "Liburutegira datozen pertsona nagusi gehienek euskaraz hitz egiten dakite, baita gazteek ere, eskolan ikasten dutelako, baina batzuei kosta egiten zaiela dirudi; ume txikiak dira euskaraz gehiago hitz egiten dutenak".

Urteotan, Erandion euskararen erabileraren inguruan galdetuta, Caballerok dio gora egin duelakoan dagoela, baina, bere iritziz, oraindino ez da hainbeste entzuten: "Pauso gehiago eman behar direla pentsatzen dut". Liburuei dagokionez ere, oraindino gazteleraz irakurtzen da gehienbat, "hala ere, nahikotxo dira euskaraz irakurtzen dutenak; adibidez, azkenaldian, Jon Arretxe edota Karmele Jaioren liburuak asko mugitzen dira". Tamalez, deitoratu du azken urteotan finantzazioa jaitsi egin dietela eta gero eta gehiago kostatzen zaiela liburu berriak lortzea: "Lehen, Eusko Jaurlaritzak liburu asko bidaltzen zizkigun eta dirua ere edukitzen genuen berriak erosteko, orain, zailagoa da azkenengo aleak eskuratzea".

Bego Ezkerra | Prentsa saltzailea

Algortako Etorbideko arkupe batean babestuta, Egunkariak dendak 40 urte daramatza euskaraz prentsa eta aldizkariak saltzen. Kartelez betetako negozioren erakusleihoan, baita dendaren barrualdean ere, euskararen aldeko aldarriak irakur daitezke nonahi: Sartu eta eskatu euskaraz! edo Euskaraz lasai aritzeko gunea bezalakoek arnasgune euskaldunean sartzeko gonbidapena eskaintzen die oinezkoei. Bego Ezkerra dendariak baieztatu duenez, normalean, "beti" ematen du arreta euskaraz: "Nire bezero gehienak euskaldunak dira, gero beste gauza bat da euskaraz ea hitz egiten duten ala ez". Horiek ezagutzen baditu, lehenengo hitza euskaraz egiten du, bestela, erabiltzailearen arabera mintzatzen da. Gainera, nabaritu du denbora honetan gero eta bezero euskaldun gehiago dituela. "Euskaraz mintzatzera ausartzen diren lagun gehiago daude". Era berean, bere iritzia da garrantzitsua dela euskaraz arreta ematea, sinpleki, "euskara gure hizkuntza delako".

Algortako negozioen egoera orokorraz hausnartzerakoan, uste du beste denda batzuetan ez dutela arreta euskaraz ematen, "ez dutelako euskaraz hitz egiteko ohiturarik"; aitzitik, beste batzuen kasuan, hizkuntza ez dakitelako. Bezero moten profila aztertzea ere garrantzitsua dela zehaztu du, bezero euskaldunak euskaraz mintzatzen duten dendetara jotzea errazagoa eta logikoagoa delako. "Apur bat eskariaren eta eskaintzaren legea jarraitzen dela esango nuke", laburbildu du. Hala ere, bere ustez, bezeroek lehenengo hitza euskaraz egingo balute, Algortako edozein negoziotan euskara entzutea errazagoa izango litzakete. Era berean, bere esanetan, oso ezberdina da arreta euskaraz ematea zerbitzu publikoan edo pribatuan. "Normalean arreta publikoa ematen duten langileei derrigorrez eskatzen diete euskaraz egitea. Autonomo gisa gaudenok, guk geuk erabakitzen dugu ea euskaraz eman nahi dugun arreta ala ez. Bezeroak eskatzen digunari adi ibili behar gara ere". Beraz, argi dago horrelako negozio pribatuen norbanakoen hautuak eragin handia duela euskararen transmisioan, baita herri euskaldunago baten eraikuntzan ere.  

Ione Manzano eta Iraide Manzano | Tabernariak

Ibilbide luzedun negozioa da Algortako erdigunean dagoen Baserri taberna. 1968an ireki zituen aurrenekoz ateak, Telletxen, metro-geltokiaren ondoan, eta daborduko auzokide eta bisitari askoren joan-etorrietarako derrigorrezko parada bihurtu da. Bertara sartu bezain laster, Ione eta Iraide barraren atzean topatuz gero, lehenengo berba euskaraz jasoko du bezero sartu berriak. "Gure lehenengo hitza beti da euskaraz, jendeari gonbita egiteko gurekin euskaraz egin dezan". Guztira, bost langile dira Baserri tabernan, ahizpa biak eta beste hiru; azken horiek erdaldunak dira, baina Manzanotarrak barra atzean daudenean, euskara da nagusi tabernan, "gure artean, lanean gaudenean ere, euskaraz egiten dugu elkar".

50 urte baino gehiago dituen taberna da Baserri, eta horretan urte dezente eman dituzte ahizpa biek. Hartara, daborduko jende nahikotxo ezagutzen dute eta, horri esker, bezeroekiko duten tratua oso hurbila da. "Euskalduna denak zuzenean euskaraz aritzeko aukera izango duela argi du gurean, eta mota horretako harremana dugu askorekin". Hala, bertara doana eta euskaraz egin gura duenak, Ione edo Iraide tabernariakaz horretarako aukerarik ez dute galduko. Eskaintza iragartzeko karteldegiari dagokionez ere, euskaraz zein gaztelaniaz topa daiteke Baserrin, "eta orain, udaldian, gurutzaontzien goraldia dela eta, ingelesez ere eskaintzen hasi gara".

Joan-etorri handiko eta udalerriko parke estali handienaren parean egonik, sartu-irten askoko gunea da Baserri taberna. Bertara askotariko jendea joaten da, betiko bezeroak eta unean-unekoak. Batari zein besteari, ahizpa biek egindako lehenengo berba euskara izango da, eta azpimarratzen dutenez, gero eta handiagoa da euskaraz jasotzen duten erantzuna: "Urteotan, nabaritu dugu gero eta jende gehiagok egiten duela euskaraz gurean, adin guztietakoak". Horrez gainera, nabarmendu dute Algortan bizi diren gizon-emakume migratzaileek ahalegin bereziki handia egiten dutela haiekaz euskaraz zuzentzeko: "Izugarrizko saiakera egiten dute trago bat edo beste euskaraz eskatzeko". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun