Guda Dantza taldeak agur esango du ekainaren 21ean egingo duten kontzertuagaz

Ander Zarraga 2024ko abe. 18a, 14:38

Guda Dantza taldeak azken kontzertukoa eskainiko du 13 urteko ibilbidearen ostean. © GUDA DANTZA

Algortako eta Leioako boskoteak bere desegitea iragarri du gaur, baina agur esan aurretik, 2025eko ekainaren 21ean Bilboko Kafe Antzokian emango duten azken kontzertua iragarri dute. 12 urteko ibilbidea eta lau disko grabatu ondoren, Guda Dantzak eszenatokiak utzi eta azken urteetan desagertutako beste hainbat talderen zerrendara gehituko da.

"Ez dugu pornografia emozionalik nahi. Komunikatu malenkoniatsu bat duen argazkirik ez dugu igoko, ezta lau urte iraungo duen agur-bira faltsu bat egingo ere. Gurea askoz errazagoa da: solemnitatetik urrun dagoen itxiera bat nahi dugu, institutuko lagunekin banda bat sortzeak ekarri duen dibertimentutik gertu dagoena", adierazi dute Guda Dantzako kideek, eta iragarri dute hilaren 18an, agurraren berri emateko bideo bat ere argitaratuko dutela.

Horregaz batera, azpimarratu dute guztiaren gainetik nerabezaroko ametsa betetzen ari diren bost lagun direla: "Musika talde bat aurrera eramatera". Hori dela eta, iragarri dute 2025 urtea "ospakizun-urtea" izango dela eta, beste sorpresa batzuen artean, aurreratu dute beraien azken kontzertua 2025eko ekainaren 21ean eskainiko dutela Bilboko Kafe Antzokian. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun