Tuenti eta MySpace sare sozialak gogoratu dituzue Zenbat aldatu den dena zuen azken abestian. Entzule askok agian ez dute jakingo ezta zer den Tuenti ere. Zenbat aldatu diren gauzak, ezta? Zuek ere asko aldatu zarete?
Erabat, musika egiten hasi ginenean kontzertuak ekitaldi moduan iragartzen genituen Tuentin. Argazki kutreak igotzen genituen “etorriko dena etiketatu dadila” izenburuarekin. Bertatik gatoz, gauzak asko aldatu dira nahitanahiez.
Gu ere aldatu gara, eskualdean sortu genuen taldea, guztiak Leioan eta Algortan bizi ginelarik. Gaur egun, soilik kideetako bat bizi da eskualdean. Bestalde, gauzak ez dira horrenbeste aldatu, taldea sortu genuen sei lagunetatik bost gara gaur egun horretan gaudenak, baina gaur egungo taldekide guztiak originalak gara.
Esan gabekoak 2022an argitaratu zenutenetik bi urte pasatu dira, abesti berria EP baten aurrerapena izango da?
Esan Gabekoak EP labur bat zen arren, nahiko zaila izan zen aurretik egiten genuenetik urrun mugitzen zen lan hori aurrera eramatea. Gure buruari proposatu genion ska erritmorik ez zuen lan bat egitea. Berez, beti landu izan ditugu beste musika mota asko ska-tik harago, baina pausu hori eman behar genuela sentitzen genuen, beraz, Esan Gabekoak bilaketa handiko lan bat izan zen, esfortzu asko metatu zuena.
Oraingoan, freskotasun gehiago behar dugu. Orain arte formula berdina jarraitu izan dugu, disko bat bestearen atzetik, beraz, zerbait desberdina frogatzea behar dugu. Egia esan, ez dugu lan osorik kaleratzeko intentziorik, abestiak kaleratzen joango gara, modu isolatuan. Hala ere, adi ibili, kantu indartsuak ditugu esku artean eta urte honetan zehar sorpresa gehiago izango dira!
"Beti izan gara talde melodiko bat, izaera dantzagarriarekin, eta hau oraindik mantentzen den zerbait da"
2012an taldea sortu zenutenetik kide ia berdinak zabiltzate, baina zuen hasierako ska doinu horietatik apur bat aldendu zarete, nolakoa izan da bilakaera hori?
Aurretik aipatu bezala, Esan Gabekoak diskoa ska doinuetatik aldentzen den lehen erreferentzia izan zen, hala ere, eboluzioa modu naturalean eman da. Beti izan gara talde melodiko bat, izaera dantzagarriarekin, eta hau oraindik mantentzen den zerbait da.
Gaur egun lantzen dugun musika gure ibilbide osoan ageri izan da, dosi txikietan bada ere. Esan Gabekoak EParen aurretik dauden bi diskoetan funk erritmoak agertzen ziren, abestiak izaera poperoagoa zuten… Hasieratik egiten genuen musikatik aldentzen da gaur egun egiten duguna, hala ere, ibilbidea aztertzen, modu naturalean eman den aldaketa bat dela sentitzen dugu.
Aipatu izan duzue zuen helburua musika dantzagarria egitea dela, nola sortzen da abesti dantzagarri bat?
Ba sentsazioak dira bertan agintzen dutenak. Ideia asko garatzen ditugu modu indibidualean, ondoren, ideia horiek lokalera eramaten ditugu. Lokalean bertan jotzerakoan ikusten dugu kantua dantzagarria den edo ez. Hor dago kantuaren pultsua.
Normalean, ideiak ordenagailuan maketatzen ditugu modu trinkoan, lokalean jo baino lehen, horrek asko engainatzen du eta ordenadoritis izeneko sindromean jausten gara askotan: kantuak ordenagailuan ekoiztu, hainbeste jo gabe. Urteekin ulertu izan dugu kantuak neurtzeko modurik onena jotzea dela, ordenagailua alde batean utzita, tarte batez bada ere.
Zeintzuk dira zuen influentziak? Gaur egungo eta iraganeko talderen bat azpimarratuko zenukete?
Influentzia asko ditugu, baina agian ez dira gure musikan horrenbeste nabaritzen. Gaur egun, gehien eragiten gaituen taldeetariko bat Parcels da. Guretzat ezinezkoa da haien musikara gerturatzea, baina apunte asko hartzen ditugu haiengandik.
Iraganeko talderen bat aipatzekotan, Vendetta taldea aipatuko genuke. Gure hastapenetan, eskua luzatu ziguten zenbait alditan eta benetako erreferenteak izan ziren (eta dira) guretzat.
Uribekostarrak zarete, Leioakoak, Agortakoak… Nola ikusten duzue eskualdeko musika-taldeen panorama?
Oso panorama eklektikoa dela esan dezakegu, gure eskualdea den bezalakoa, hain zuzen. Sistemak Arriskutsuak Dira, Striknina, Mrs. Klams, Txerri Ugerrak… Burura etorri zaizkigun lehen lau taldeak aipatu ditugu, bata aurrekoa baino desberdinagoa, bakoitza bere esentzia eta izaerarekin. Proposamen interesgarri asko daude, orain aukerak falta zaizkigu; udal, instituzio eta eragile desberdinen apustu sendo bat aberasgarritasun horri tokia emateko.
Uda ate joka dugu, itxi duzue kontzerturik hurrengo hilabeteetarako?
Bai, data polit batzuk ditugu eskuen artean, gutxi barru sare-sozialetan elkarbanatuko ditugunak. Etxean jotzeko aukera izango dugu, beraz, adi!