Elkarrizketak

Txirri, Mirri eta Txiribiton: "Ondo pasatzeko helburua aldarrikatu nahi dugu"

Ander Zarraga 2025ko urt. 10a, 11:52

Peru Ansorena, Juanma Zaldua eta Kattalin Ansorena, Txirri, Txiribiton eta Mirri, hurrenez hurren.

Pailazoak betierekoak izan arren, 1972an sortu ziren Txirri, Mirri eta Txiribitonen atzean dauden pertsonak berritu egin dira. Gaur-gaurkoz, Peru eta Kattalin Ansorenak hartu dute Xabier Otaegi eta euren aita Jose Ignazio Ansorenaren lekukoak Txirriren eta Mirriren pertsonaien paperetan, hurrenez hurren; aldiz, Juanma Zaldua da Txiribiton, Txema Vitoriaren ordez. Domekan, urtarrilaren 12an, Berangon izango dira, 18:00etan, eta hilaren 26an, Getxoko Muxikebarrin.

Asko aldatu da pailazoen lana zuen aurrekoak hasi zirenetik?

KATTALIN ANSORENA: Nik uste dut orokorrean mantendu egin dela. Egia da gauzak asko aldatu direla, hainbat urte pasa baitira, baina esango nuke esentziak hor jarraitzen duela. Agian, moduak dira gehien aldatu direnak.

PERU ANSORENA: Egia da gure aitak-eta egiten zituzten emanaldiek, gutxienez, ordu eta erdi irauten zutela; aldiz, gu 55 minutu edo ordubete inguru aritzen gara. Saiatzen gara apur bat dinamikoagoak edo azkarragoak izaten. Hala ere, egitura oso antzekoa da; ez da gehiegi aldatu.

Zuek Txirri, Mirri eta Txiribitonen bigarren belaunaldia zarete, nolakoa izan zen trantsizioa?

JUANMA ZALDUA: Ni haien soinu-teknikaria izan nintzen urte askoan, baina, azkenean, pailazo bukatu nuen Txiribitonen paperean, nahiz eta jende askok pentsatu ni ere Txema Vitoriaren semea naizela, kar-kar. Egia esateko, bihotzetik egiten hasi ginen zerbait izan zen, aspalditik haien laguna ere naizelako, eta modu nahiko naturalean atera zen dena. 2003an, junior moduan hasi ginen, baina, 2010etik aurrera, aldaketa hori eman eta, haiek behin betiko 2013ko urtarrilean utzi zutenean, guk hartu genuen euren lekukoa.

K. A.: Egia da haiek hasieran pentsatu zutela beste pertsona batzuekin jarraitzea, baina ez zuen uste bezain ondo funtzionatu, beste lan batzuk ere zituztelako, besteak beste. Orduan, guri egin ziguten proposamena, bestelako konpromiso mota bat genuelakoan. Hasieran, guk antzokietan egiten genituen emanaldiak, haiek telebistan zeuden bitartean, herrietara joaten jarraitu nahi baitzuten. Telebistan ere hasi ginen azaltzen, eta 40. urteurreneko biran ere parte hartu genuen; beraz, esan dezaket, pixkanaka-pixkanaka, gure taldea sortzen joan ginela, eta, nahiz eta Txirri, Mirri eta Txiribiton izan, eta aurrekoen oso antzekoak izan, guk ere gure bidea egin dugu.

P. A.: Ni beranduago sartu nintzen taldean, Madrilen bainengoen ikasten. Orduan, Kattalinek Mirrirena egiten zuen eta galdetu zidan ea prest nengoen Musde Kakamokordo pertsonaia egiteko. Horrela hasi nintzen, gero Patxistein Doktorearena ere egin nuen, eta, azkenean, bai, Txirriren papera hartu nuen. Prozesua polita izan zen, txikitatik genuelako lotura hori.

Pailazoen pertsonaien kontua ez da ausazkoa, zeresan handia dauka ikuskizunean, ezta?

P. A.: Bai, hori da, Txirri serioagoa da, Mirri zirikatzailea da eta Txiribitonek bihotz ona dauka, nahiz eta Mirrirekin batzean ziria sartzea ere gustatzen zaion. Hala ere, nahiko egitura klasikoa duten pertsonaiak dira: ni Carablanca izango nintzateke, Mirri Augusto eta Txiribiton Contraaugusto. Saiatu gara gure aurrekoen antzekotasuna jarraitzen, baina gure modura, bakoitzaren ukitua ematen.

"Pixkanaka-pixkanaka, gure taldea sortzen joan ginen, eta, nahiz eta Txirri, Mirri eta Txiribiton izan, eta aurrekoen oso antzekoak izan, guk ere gure bidea egin dugu"

Pailazo bihurtu aurretik, umeak zinetenean edo haiekaz lanean zeundetenean, pentsatu zenuten noizbait horretan bukatuko zenutenik?

P. A.: Niri txikitatik gustatu izan zaizkit pailazoak, baina ez zen nire asmoa. Hala ere, gurasoek beti kontatzen dute txikitan motxila zuri batekin, ileordearekin, Mirriren sudurrarekin, Txiribitonen bozinarekin eta mikrofonoarekin joaten nintzela; hiru pertsonaiak nituen, kar-kar.

K. A.: Egia da ez genuela honetan bukatzea espero, ez zen gure helburua, ez zuelako ematen noizbait bukatu egingo zenik ere. Momentua heldu zenean, galdetu ziguten ea guk jarraitu nahi genuen, eta baiezkoa eman genuen, oso gustura gainera. Gerora, ikastaroak ere egin genituen eta ikusi genuen clownaren lana zein zoragarria den.


Juanma Zaldua eta Kattalin eta Peru Ansonera, Pailazo ikuskizunaren saio batean. © TXIRRI, MIRRI ETA TXIRIBITON

Orain, Pailazo ikuskizunaren bira egiten ari zarete; zertan datza?

K. A.: Izenak dioen bezala, pailazoen figurari eskainitako ikuskizuna da. Txirri, Mirri eta Txiribitonek 50 urte bete zituzten 2022an, eta, nolabait esateko, denok «ñoñotuta» gauden eta baldarkeriekin inor ez mintzeko kontuz ibili behar garen garai hauetan, pailazoen barre eginarazteko eta ondo pasatzeko helburua aldarrikatu nahi dugu. Noski, ez dugu inor mindu nahi, baina, askotan, egiten dena baino, nola hartzen ditugun gauzak da arazoa; beraz, guk aldarrikatu nahi dugu garrantzitsuena barre egitea dela.

Esaten dute pailazoak zirkuko animalien kaka batzen joaten ziren pertsona horietatik jaio zirela; normalean, herriko pertsona xelebreenak aukeratzen zituzten lan horretarako, eta kaka gainera erortzean eta tontakeriak egitean publikoak barre egiten zien. Guk ikuskizunean esentzia hori azaldu nahi dugu, pailazokeriekin barre eginaraziz. Pailazoak umeak bezalakoak dira: filtrorik gabe pentsatzen edo sentitzen dutena esaten dute. Niri askotan esan izan didate pailazo bezala egia esan behar dudala beti, pailazoarena egiten ari zarenean ezin duzula gezurrik esan, egoera bat modu berezi batean bizitzen ari zarelako, besterik ez.

Pailazoen ezaugarri garrantzitsu bat da antzerkian publikoarekin dagoen laugarren pareta hori desagertu egiten dela. Guk publikoarekin hitz egiten dugu eta harremana daukagu, horregatik, saio bakoitza ere desberdina da: batzuetan, txorakeria bat sortzen delako eta guk horri ere jarraitzen diogulako; momentua ere aprobetxatzen jakin behar da, hori ere badelako pailazoen esentzia.

J. Z.: Inprobisazioa ere gure lanaren parte da. Azken finean, guk gure astakeriekin, ziriekin eta bromekin publikoa harritzea bilatzen dugu; publikoarekin konektatzea da gure helburua.

"Esaten dute pailazoak zirkuko animalien kaka batzen joaten ziren pertsona horietatik jaio zirela; normalean, herriko pertsona xelebreenak aukeratzen zituzten lan horretarako, eta kaka gainera erortzean eta tontakeriak egitean publikoak barre egiten zien. Guk ikuskizunean esentzia hori azaldu nahi dugu, pailazokeriekin barre eginaraziz"

Izan duzue noizbait arazoren bat zuen ikuskizunetako bromaren batengatik?

J. Z.: Bai, behin, Txiribitonekin sartzen zirelako potolo zegoelako eta bullying egiten ziotelako. Ondoko pailazoari aulkia kentzearena ere ez dugu egiten, adin bat dugulako eta umeek hori etxean ere egin dezaketelako. Ni teknikari bezala ari nintzenean ere petardoak eta horrelakoak erabiltzea ere debekatu ziguten. Gainera, beti sartu izan ditugu pertsonaia gaiztoak eta horrelakoak, baina, gaur egun, Interneten gauzak askoz okerragoak ikusi ditzakete, beraz, filtroa non dagoen jakitea ez da erraza izaten askotan.

K. A.: Hala ere, umeak oso azkarrak dira, eta ederki bereizten dute ikusten ari direna antzerkia dela eta gaiztoa pertsonaia bat dela. Batzuetan, helduok gure aurreiritziengatik gehiago eskandalizatzen gara umeak baino.

P. A.: Hala ere, ez ditugu horrelako arazoak izaten, salbuespen bat izan zen; behintzat, ni nagoenetik ez zaigu horrelakorik gertatu.

Zuen ikuskizunetako ardatza musika izan da beti, hainbat belaunaldiren memoriaren parte diren hamaika abesti zor dizkizuegu. Horrela jarraitzen du izaten?

J. Z.: Bai, gure aurrekoek izugarrizko ondarea utzi digute, hainbat eta hainbat abesti daude, baina gehienak ez ditugu erabiltzen, 30 bat disko eta 150 abesti baino gehiago egin baitzituzten.

P. A.: Ikuskizunetan saiatzen gara betikoak diren abesti ezagunak erabiltzen, adibidez, Altxa Felipe, Zapi zuria, Paristik natorren, Pintto-Pintto eta horrelakoak, baina oso famatuak egin ez direnak ere sartzen saiatzen gara. Ematen du abesti batzuk betirako izango direla.


Pailazo belaunaldi biak, nagusiak eta juniorrak, elkarregaz. © TXIRRI, MIRRI ETA TXIRIBITON

Ikuskizunetan erabiltzen duzuen euskara ere ez da nolanahikoa.

K. A.: Bai, hitanoa erabiltzen dugu gure artean. Galtzen ari den hizkera denez, hori ere aldarrikatzeko eta erakusteko modu bat da, bestela, haur gehienek ez dute inoiz hori entzungo.

P. A.: Gainera, lagunen arteko hizkera denez, gertutasuna ere ematen digu, Txirri, Mirri eta Txiribiton lagun-talde bat delako. Herentziagatik ere egiten dugu, aitak-eta horrela egiten zutelako.

Zer daukazue pentsatuta etorkizunera begira?

K. A.: Momentuz, Pailazo ikuskizunarekin jarraituko dugu, baina badaukagu pentsatuta zerbait berria egitea, baina lasai gabiltza.

P. A.: Hau ez da gure ogibidea, eta emanaldi bat sortzeak badu bere lana; gainera, ez zaigunez gustatzen estresatuta ibiltzea, urte honetan behintzat emanaldi horrekin jarraituko dugu. Oraingoz, bi ikuskizun mota besterik ez ditugu egiten: kalerako Pailazokeriak izenekoa, kaleko formatura egokituta dagoen ikuskizun dinamikoagoa eta antzokietan egiten duguna.

Pailazo modura badaukazue bestelako ametsen bat?

P. A.: Kattalinekin askotan komentatu dut helduentzako ikuskizuna ere egitea gustatuko litzaidakeela, gurasoek ere egin izan zutelako horrelako emanaldiren bat.

K. A.: Oso polita izango litzateke, bai, baina pailazoa baino, hori bufoiarena izatea izango litzateke. 18 urtetik gorakoentzako zerbait izan beharko litzateke.

J. Z.: Hala ere, zaila izango litzateke, gauerdian egin arren, seguru umeren bat edo beste ere egongo delako, kar-kar.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun