Getxo da ostatu-mota horien zerrendaburua, 185 etxebizitza turistiko erregistratuta baititu gaur egun, Euskadiko Enpresen eta Turismo Jardueren Erregistroaren arabera, erabilera turistikoko logelak eta apartamentu turistikoak kontuan hartu gabe.
Getxoz gain, Sopelak eta Plentziak ere hazkunde esanguratsua izan dute. Sopela ezaguna da hondartzen eta surflarientzako erakargarritasunagatik, eta 78 etxebizitza turistiko ditu orain; gehienak 2022tik 2024ra bitartean erregistratuak izan dira. Bestalde, Plentziak 2016an 4 etxebizitza turistiko izatetik 51 izatera igaro da gaur egun.
Gorliz, Barrika eta Erandio udalerriek ere gorakada nabarmenak izan dituzte. Gorlizek guztira 39 etxebizitza turistiko ditu, eta 2025 honetan bi ostatu berri erregistratu dira bertan, baita Urdulizen ere. Barrikak, berriz, 21 etxebizitza turistiko ditu, eta Erandiok hasierako zifrak bikoiztu ostean, mota horretako 19 ostatu ditu gaur egun.
Berangoko, Leioako eta Lemoizko udalerriek zifra apalagoak badituzte ere, etengabeko hazkundea erakutsi dute.
Zenbaki hauek Euskadiko Enpresen eta Turismo Jardueren Erregistroan izena-emanda dauden ostatu legalak dira, lizentzia eskatuta. Hala ere, horietako batzuek tokian tokiko araudiarekin talka egiten dute, adibidez Getxon. Gainera, modu "alegalean" jarduten duten ostatuak ere badira; hauek erregistratu gabe daude eta askotariko plataformetan euren eskaintza iragartzen dute.
Erregulazio baten beharra
Etxebizitza turistikoen hazkundeak tokiko bizikidetzaren eta erregulazioaren arteko erronkak jarri ditu mahai-gainean. Getxon, berbarako, erabilera horretarako etxebizitzen hazkundea eta egoiliar iraunkorren beharrak orekatzen hasteko neurriak iragarri dituzte agintariek.
2024ko maiatzean argitaratu genuen bezala, ostatu-mota horiek Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren bidez tramitatzen dira, sail hori baita administrazio eskuduna. Hala ere, lizentzia dagokion udalari jakinarazi behar zaio, udaleko hirigintza-diziplinaren arloan egiaztapena egin dezan eta, ondoren, txosten bat bueltatu dezan, lizentzia hori "berretsi edo ukatzeko" tramitazioa has dadin, Getxoko udal-iturriek azaldu dutenez.
Ildo horretan, Getxoko Udalak gogoratu du 2022ko urriaren 19tik aurrera Eusko Jaurlaritzak udalerrian emandako lizentziak ez datozela legezkotasunagaz bat, "eta Portu Zaharreko guztiak; horren inguruan ez dago zalantzarik", ohartarazi zuen Alvaro Gonzalez Kontratazio, Ondare eta Etxebizitza Arloen zinegotziak urte horretako martxoko Lurraldeko Informazio Batzordean.
Urtearen amaieran, zinegotzi horrek iragarri zuen bere sailak 23 ostatu salatu zituela, eta horren berri eman ziola Eusko Jaurlaritzari, "HAPOak ezartzen dituen neurriak betetzen ez dituztelako". Horren aurrean, EH Bilduk berriro ere eskatu zuen Udalak neurri gehiago har ditzan legez kanpoko etxebizitzak itxi ahal izateko.
Udal horrek HAPOren aldaketa bat onartu zuen joan den urteko ekainean, hain zuzen ere ostatu-mota horiek arautzeko asmoz, "baina alarmistak izan gabe, gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) uste baitu kopurua "txikia" dela etxebizitza guztien aldean. HAPOren aldaketa horrek Portu Zaharra babesten du, monumentu-multzo bat izanik, eta eremu horretan etxebizitza turistiko bat legez irekitzea ezinezkoa da. Hala ere, azken datuen arabera, erabilera turistikorako 9 etxebizitza daude bertan erregistratuta Eusko Jaurlaritzaren zerrendan; horietatik lau, 2024an.
Araudia malguagoa da gainerako eremuetan. Hala ere, hainbat baldintza bete behar dira: beheko solairuan sarbide independentea izan beharko dute; lehenengoan, sarrera eta eskailera indibiduala izango da beharrezkoa, eta haren azpian beste pisu turistiko bat egon aurrez. Bigarren pisutik aurrera daudenek, aurrekoez gain, igogailua izan beharko dute.