Mugikorren auzia

Telmo Lazkano: "Osasun publikoko arazo honen aurrean gizarte bezala erantzuteko denon konpromisoa bilatzen dugu"

Ander Zarraga 2025ko urt. 20a, 15:26

Lazkano irakaslea eta dibulgatzailea, osasun digitalean eta hezkuntzan aditua. © TL

Telmo Lazkano (Zumaia, 1994) Nerabeen garrasia: osasun mentala aldaketa garaian liburuaren egilea da. Maitane Ormazabalegaz batera egindako lan horretan, besteak beste, mugikorrek gazteengan duten eragin kaltegarriaz kontzientzia piztu eta har daitezkeen neurriak azaltzen ditu. Zentzu horretan, Lazkano Plentzian, Getxon eta Leioan izango da datozen aste eta hilabeteetan, Mugikorren Auzia prestakuntza eskaintzeko.

Plentzian urtarrilaren 28an eta 29an eta otsailaren 3an eta 4an izango da Zeos programaren formakuntza eskaintzeko, eta, martxoan, Getxon eta Leioan ere eskainiko ditu saioak. Gazteen ongizate digitala eta emozionala lantzeko helburua duen Zeos programaren barruan kokatzen dira formakuntza horiek, eta helburua gizarteak mugikorragaz duen mendekotasuna eta horrek gazteei eragiten dizkien buruko gaixotasunen inguruan argia jartzea da. Lazkanoren hitzetan, arazo biak elkar-lotuta daude eta familiak, komunitatea eta gizarte zein hezkuntza arloko agenteak inplikatuko dituen erantzuna behar dute.

"Zeos programa aldaketa estruktural baten pizgarri izan nahi du. Mezua zuzenean adingabeak dituzten gurasoengana doa, HHtik hasita, Batxilergoan seme-alabak dituzten gurasoei heltzea baita helburua, baina baita herrian dauden eragileetara ere: kirol-taldeetara eta aisialdiko begiraleengana, adibidez, beraiek ere gazteekin harremana dutelako; horrenbestez, ahalik eta jende gehien bertaratzea komeniko litzateke. Osasun publikoko arazo honen aurrean herri eta gizarte bezala erantzuteko denon konpromisoa bilatzen dugu", adierazi du adituak.

Guztira lau saiotan banatuko dute formakuntza: lehenik, konpetentzia digitalari eta mugikorrari buruz ezagutza eraikitzeko saio bi, eta beste bi ume eta nerabeen egoera emozionalari buruz hitz egiteko, "hau da, gaixotasun nagusien prebentzioa, identifikazioa eta kontentzioa". Saioak elkar lotuta doazela ere azpimarratu du Lazkanok, interdependenteak dira eta adingabeek eta gizarteak mugikorragaz duen harremana hobetzea bilatzen dute.

Kontzientziazioa eta jarrera aldaketa

Formakuntzak ebidentzia zientifikoetan oinarritutako ezagutzetatik eta esperientzietatik abiatzen dira, hala nola Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak saritutako No phone challenge egitasmoa. Duela hiru urte hasi zen ikastetxeetan mugikorraren erabilera debekatzeko ekimenak emaitza oso positiboak eragin dituela gogoratu du Lazkanok, eta hainbat zentrotan hasi zen neurria, orain, lege bihurtu dute.

Adituak nabarmendu du pandemiak bizkortu egin zuela gurasoek eta gizarteak mugikorrarekiko duen pertzepzioa: "2021ean, Bigarren Hezkuntzako ikasleen % 10a zen mugikorrik ez zuena, baina gaur egun kopuru hori % 60-70era iristen da udalerri batzuetan. Horrek erakusten du elkartzen garenean eta ekintzetara jotzen dugunean, kontzientzia-aldaketa bat eragitea posible dela. Esan daiteke atzo baino hobeto gaudela, batez ere, familiek bat egin dutelako".

Azkenik, Lazkanok dei egin zien erakundeei eta industriari Zeos bezalako ekimenak babes ditzaten, familien, komunitateen eta erakunde publikoen artean ahaleginak batzearen garrantzia azpimarratuz, erronka teknologikoei aurre egiteko eta belaunaldi berrien ongizatea bermatzeko. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun