Elkarrizketak

Mikel Montero eta June Zarraga: "Euskal Herrian, mundu osoan bezala, ideia faxistak pisua hartzen ari dira"

Nahia Martinez Gondra 2025ko urt. 21a, 09:42

Bilboko manifestazioa urtarrilaren 25ean izango da, 18:00etan, Jesusen Bihotzetik. © GKS

Gazte Koordinadora Sozialistak manifestazioa deitu du Bilbo eta Iruñean "gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora!” lelopean, urtarrilaren 25ean. Asteak daramatzate horietarako prestatzen eta Uribe Kostako GKSko kide diren June Zarraga eta Mikel Montero kideek euren aldarrikapenen gako nagusiak azaldu dituzte.

Zer aldarrikatuko duzue urtarrilaren 25eko manifestazioetan? 

Gaur egun koiunturalki pisu handia hartzen ari diren bi auzi lantzen gabiltza, zeinak elkar-harremanean dauden: alde batetik, mundu mailako eskalada belikoaren gorakada eta, bestetik, ideia faxisten areagotzea. Lehenengoari dagokionez, nahiz eta gerra urrun dagoela eman dezakeen, Europa mundu mailako gerra desberdinetan parte hartzen ari da (Palestinarren sarraskiaren kolaboratzaile izatea, adibidez, horren seinale da). Soberan dakigu, gainera, gerrak aberatsek deklaratzen dituztela pobreak heriotzara kondenatuz, hau da, langile-klasea da azkenean galtzen ateratzen dena beti.  

Halaber, Europak gerran zuzenean parte hartzeaz gain, esan dezakegu orokorrean gerrarako prestatzen ari dela: herrialde guztietan aurrekontu militarra asko igotzen ari da, estatuak zein mugak gero eta gehiago militarizatzen ari dira, Europako hainbat herrialdetan gazteontzako derrigorrezko soldaduskaren ezarpena eztabaidatzen ari da, etab. Garbi ikusten da burgesiak krisitik irteteko gerraren aldeko apustua egin duela, eta bere kontraegituran, langile-klasearen austeritatea dago: osasungintza-sistema kaskarra, okertzen doan hezkuntza-sistema, etxebizitzarako sarbidea ukatua… 

Horregatik uste dugu ideia hauek mahai-gaineratu eta ahalik eta jende gehienari helarazi  behar zaizkiola, eta urtarrilaren 25-ean Bilbon mezu argi bat bota: faxismoari aurre egingo diogula eta ez dugula agenda belikoa onartuko.

Zeintzuk uste dituzue direla faxismoaren goraldi honen faktore nagusiak? 

Faxismoaren gorakada krisi testuinguruetan agertu ohi da. Krisialdiak jendearen haserrea pizten du, eta horren aurrean, estatuek izaera gero eta autoritarioagoa hartzen dute, zeinetan langile klasea, eta, bereziki talde zaurgarrienak, kaltetuenak diren. Bertan aurkitzen du tokia faxismoaren gorakadak: ultraeskuina parlamentuetara heldu da eta gero eta kontrol handiagoa du instituzioetan, kale mailan talde faxistak antolatzen ari dira, eta, orokorrean, zentzu komunean ideia erreakzionarioek gero eta onarpen handiagoa dute. Izan ere, jendea gero eta haserreago dago gobernuekin, agintariekin, eta oro har, politika instituzionalarekin.

Hortaz, jendea altxatu ez dadin, burgesiak neurri autoritarioak hartzen ditu: poliziaren indartzean inbertitu migranteen aurka egiteko, kode penala gogortu pobreenak zigortzeko, okupazioaren aurkako erreformak etxerik gabeko jendea are gehiago zapaltzeko, etab.

Lehen aipatutako krisi ekonomikoa, estatuaren joera autoritarioa, eta ezkerreko alderdien porrota (zeinak ez diren gai izan egindako promesa bat ere ez betetzeko) nahasten dira ideia faxistei bidea irekitzeko. Faxismoa litzateke krisi garaietan autoritarismoa justifikatzeko alternatiba atzerakoiak edo erreakzionarioak planteatzen dituen mugimendua. Bere helburua zera da: orden kapitalista berri honetan sartzen ez den mundu guztia erditik kentzea: etxegabeen aurka, okupen aurka, migranteen aurka, LGTB kolektiboaren aurka, emakume langilearen aurka… Hau da, kapitalismoak egin nahi duen lan zikina egiten du faxismoak, eta kapitalismotik bertatik jaiotzen da. 

Nola prestatzen ari zarete manifestazioetarako? Zer ekintza egin dituzue eskualdean?

Aste batzuk daramatzagu mobilizazio hau prestatzen eskualdeko toki desberdinetan. Lehenik eta behin, manifestazio honen edukia eskualdean nola lurreratzen den ikertzen ibili gara (egondako eraso matxistak, arrazistak, udalek hartutako neurri desberdinak…). Bigarrenik, eskualdean agertutako espresio faxistak borrokatu ditugu, adibidez, agertu diren zenbait pintada arrazista, faxista, etab.

Dena den, zentralitatea eman nahi izan diogu lan publikoa egiteari. Dinamikaren hasieran arrazismoaren inguruko egitarau txiki bat antolatu genuen Itzulbatzeta/Romon eskualdeko hainbat eragilerekin batera: gure helburua hain pil-pilean dagoen arrazismoaren gaiari gure ikuspegi politikoa txertatzea izan zen. Bertatik bi asteetara, aurkezpen bat deitu genuen,  manifestazioa azaldu eta jendea lanera txertatzeko. Ordutik hona propaganda lanetan, eskuorri banaketetan, ekintza desberdinak egiten…  50 pertsona ibili dira herri guztietan, manifestazioaren berri emateko. Azkenik, aurreko larunbatean egitarau handiago bat antolatu genuen Larrabasterrako Auzoetxean: bazkaria, hitzaldia, kontzertuak… Hemendik manifestaziora arte ere lanean jarraituko dugu.

Nola eragiten du horrek Euskal Herrian? 

Badago uste duena Euskal Herria berez antifaxista dela edota euskal kultura salbuetsita dagoela ideia faxistetatik. Kontrara, ikusten ari gara Euskal Herrian, mundu osoan bezala, ideia faxistak pisua hartzen ari direla. Askotan ere “euskal kulturaren defentsaren” aitzakiapean. Ideia arrazista asko zabaltzen ari dira, adibidez, euskara galduko delaren argudioarekin edota migranteek lan-esku merkea eta esplotazioa bultzatzen duten aitzakiekin. Horrek erabat desitxuratzen du nor den benetako etsaia. Euskara galbidean egotea ez da migratuen errua. Logika kapitalistetara eta irabazien logikara baldintzatutako hizkuntza bat dela edota lan-esku merkea eta esplotazioa gehien zapaldutako gizartearen kaparen errua baino, agian planteatu beharko genuke zapaltzaileen errua dela, hain justu enpresariena eta burgesiarena.

Duela gutxi pintada faxista batzuen erasoa jaso duzue Plentzian. Faxismoa  inguruan gero eta ageriagoa dela uste duzue?

Bai, azken aldian ikusten ari gara kale mailan talde faxisten propaganda agertzen ari dela Euskal Herriko txoko desberdinetan. Eta Euskal Herrian ere faxistek GKS antolakunde bezala behin baino gehiago salatu izan dute. Baina faxistak ez dabiltza soilik lan ideologiko edo propagandistikoa egiten, horrez gain, era antolatuan edo esporadikoki Euskal Herrian ere hainbat eraso egin dizkiete hainbat talde sozialei, batez ere, migranteei. Esan bezala, euren funtzioa gizarteko kapa zaurgarrienak erasotzea da, bai eta eurei aurre egiteko prest dagoen oro.

Zerbait gehiago gehitu gura duzue? 

Esan bezala, nahiz eta faxismoa eta gerra gizartean oraindik lehen mailako urgentzia bezala ez diren identifikatzen, oso hurbil ditugu. Egia da Euskal Herrian oraindik faxismoa ez dagoela beste leku batzuetan bezainbeste hedatuta, baina hain justu horrek erakusten digu mobilizatzearen urgentzia: berandu baino lehen, faxismoaren aurkako harresi bat eraikitzearena, eta, ez hori bakarrik, antolatzeko grina Euskal Herritik kanpo ere zabaltzea. Aldi berean, ez gaitezen etsaiz nahastu: burgesiak sortzen du miseria sistema injustu honetan, eta, kontrara, kaltetuenak beti suertatzen dira langile-klasea eta  bereziki bertako kapa debaluatuenak. Beraz, uste dugu klase batasun terminoetan lan egin behar dugula, langile-klasearen sektore desberdinen arazoak guztion arazo direlako. Hemendik gonbidapena luzatu nahi diogu Uribe Kostako jendeari, eta bereziki gazteei, urtarrilaren 25ean Bilbora hurbildu daitezen, 18:00etan Jesusen Bihotzetik aterako den manifestazioan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun