Elkarrizketak

Igor Sarralde eta Mikel Begoña: "Gidoilariaren eta marrazkilariaren elkarlanetik sortzen dira pertsonaiak"

Ander Zarraga 2025ko ots. 4a, 16:27

Igor Sarralde ilustratzailea eta Mikel Begoña komikigilea "Argia iraungi zen tokia" komikia eskuan dutela.

Esklabotzan aritu zen gorliztar baten arrastoari jarraituz, Karibean girotutako espioitza eta esklaboen matxinaden "Argia iraungi zen tokia" komikia sortu dute Mikel Begoña gidoilariak eta Igor Sarralde ilustratzaileak. Argitalpena euskaraz eta gazteleraz egin dute Harriet argitaletxeagaz; besteak beste otsailaren 28an, Plentziako Plasentia de Butron Museoan egingo dute aurkezpena, euskaraz, 18:00etan.

Ezer baino lehen, Joseph Tribiñu gorliztarra nor izan zen aipatu beharko genuke, istorioa bere bizipenetatik abiatzen baita, ez?

MIKEL BEGOÑA: Joseph Tribiñu Billabaso XVIII. mendeko itsas kapitain bat izan zen, 1756an Gorlizen jaio eta 1828an New Orleansen hil zena. Gazterik Ameriketara joan eta bertakotu egin zen. Bere “base logistikoa” New Orleansen izan zuen eta itsasoarekin lotutako hainbat negoziotan ibili zen, besteak beste, esklaboen salerosketan. Bitxia da baina emakume beltz bategaz “ezkondu” zen, New Orleansen, legezkoak ez izan arren, elkartze horiek baimenduta zeuden, eta oso normalak ziren. Harreman horretatik afroamerikarren eskubide zibilen aldeko ekintzaile ospetsu bat sortu zen. Bestalde, Tribiñu esklaboen salmentan ibili izan arren, New Orleanseko artxiboetako agirietan ikusi dugu esklaboak, euren askatasuna lortzeko prozesuetan, lagundu zituela ere.

Nola izan zenuten beraren berri?

M .B.: Plentziako lagun baten bitartez… Uste dut orduan Plentziako Museoan lanean zebilela edo, eta berari esker jakin nuen New Orleanseko emakume batek mezua bidali zuela bertara, bere arbasoaren jaiotzaren inguruko informazioa jakin gurean. Bere arbaso hori Joseph Tribiñu zen. 

Komikian errealitatea eta fikzioa bateratu dituzue, zein da fideltasun historikoaren eta sormen narratiboaren arteko oreka?

M .B.: Komikian kontatzen dugun pasarte nagusia Nueva Orleansetik Jamaikara Tribiñuk egindako itsas bidaia da, benetakoa, baina bidai horren detaile askorik ez daukagu… esklaboak garraiatu zituela bai… besterik ez. Hutsunea fikzioak bete du. Bestalde, garai hartan badakigu esklaboen etenbako altxamenduak izan zirela Jamaikan. Errealitate horietatik tiraka, fikzionatua den istorio bat sortu dugu.

Zerk bultzatu zintuzten XVIII. mendeko Karibeko esklaboen altxamenduetan zentratzera komiki hau?
M. B.: Tribiñuren errua izan zen. Jamaikara joan zen bera eta gu haren atzetik ibili gara… Jamaikako mendietan zimarroiek benetako erreinu independenteak eraiki zituzten garai hartan eta haien buruzagi mitiko baten alaba ekarri dugu komikira: Nanny Young.

"Jamaikako mendietan zimarroiek benetako erreinu independenteak eraiki zituzten, eta garai hartako buruzagi mitiko baten alaba ekarri dugu komikira: Nanny Young"

 

Lanak kolonialismoaz, esklabotzaz eta erresistentziaz hitz egiten du. Zuen ustez, nolako oihartzuna dute gai horiek gaur egun?
M. B.. Zein oihartzuna duten ez dakit, baina gaurko munduan kolonialismoa eta esklabotza indarrean dauden zitalkeriak direla ez da azaldu beharrik ere. Miñan irakurriz konturatuko gara horretaz. Erresistentzia, aldiz, nahiko ahulduta eta noraezean dabilela uste dut…  
Nola sortu zen zuen arteko lankidetza?

IGOR SARRALDE: Portugaleteko komiki-lehiaketara aurkeztu eta euskarazko akzesita irabazi nuenean, Mikelek nire lana ikusi eta sare sozialen bidez nirekin harremanetan jarri zen. Batera lan egitea proposatu zidan eta nik pozik baietz esan!

M. B.: Gainera Igor Algortan bizi zenez, Uribe Kostako historia eta istorioak garatzeko gertu izatea aproposa zela pentsatu nuen, eta hara… Bartzelonan ez da bizi ba!

Nolako eragina izan zuen lankidetzak pertsonaien eta istorioaren garapenean?
I. S.: Zorte handia izan nuen Mikelekin, berak zer marraztu nahi nuen galdetu baitzidan; urte luze bat gai bat marrazten pasako duzunean eskertzekoa da hori. Itsas abentura preindustrial bat proposatu nion eta berak, aspaldi buruan bueltaka zituen eta ikerketaren bitartez azaldutako istorio hau sortzen joan zen. Gero, komikian lanean  jarraitzen genuen heinean, Mikel ikerketa historikoa sakontzen joan da eta datu interesgarri berri batzuk sartu ditugu. Horrez gain, marrazkiak eta plantxak ikusita, elkarrizketa edota pasarte batzuk aldatu edo egokitu ditugu ere.
M. B.: Komikietan, gidoilariaren eta marrazkilarien arteko elkarlanaren bidez sortzen dira pertsonaiak, bakoitzak bere ikuspegia eta ekarpena gehituz; komiki honetan ere prozesu bera jarraitu dugu.


Sarraldek margotu eta Begoñak idatzitako komikiaren bineta bi.

Nolakoa da gaur egun komikigileen eta komikiaren industriaren egoera?

I. S.: Euskal komikien irakurleentzat oso garai ona dela esan dezakegu, 50 titulu argitaratzen baitira urtero. Marrazkilari eta gidoilarientzat, beste kontu bat da: oso zaila da komikigintzatik bizitzea, komiki bakoitzaren salmenta preziotik % 8-10 besterik ez baita autoreen artean banatzeko eta 1000 aleetako tiradak egiten dira; atera kontuak...

M.B.: Esango nuke komikia Euskal Herrian oraindik ez dela industria mailara iristen. Hala ere, kalitate handiko komiki ugari argitaratzen dira. Orain, erronka nagusia irakurleen esparrua zabaltzea da.

Argia iraungi zen tokia Harriet argitaletxeagaz argitaratu duzue euskaraz eta gazteleraz, horrek abantaila edo erronka berezirik suposatu dizue?

I. S. : Batetik, gure hizkuntzan kultura sortzea, eta, bestetik, gaztelaniaren bidez publiko zabalago batera heltzeko aukera abantailak direla esango nuke. Aldiz, Mikelentzat testu guztiak gaztelaniara itzultzea eta Harriet argitaletxearentzat estatu mailako distribuzioa izatea erronkak dira.

Noiz eta non aurkeztuko duzue komikia?

I. S.: Otsailaren 28an, Plentziako Plasencia Butroi Museoan egingo dugu aurkezpena arratsaldeko 18:00etan. Gure eskualdeko pertsonai historikoetan pixka bat sakontzeko aukera emateko asmoarekin, animatu zaitezte!

Ez galdu aukera, parte hartu Hiruka Zozketetan eta irabazi "Argia iraungi zen tokia" komikia!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun