Nola sortu da zuon enpresa?
ASIER MARTIARENA: Duela 4-5 urte ezagutu ginen, tatuaje estudio berdinean lan egiten dugulako. Duela urte bat erabaki genuen proiektua hastea ikusteko ea muralismo enpresa batek funtzionatzen duen. Nik espraiekin soilik margotzen nuen eta Yerak pintzelarekin. Bi estiloak fusionatu genituen eta orain arte.
YERA LLONA: Egin genuen lehenengo lana lagun baten furgoneta margotzea izan zen eta oso ondo konpontzen ginela ikusi genuenez, proiektua hastea erabaki genuen.
Nolakoa izan da urte hau?
Y.L.: Oso ondo joan zaigu lehenengo urte honetan. Hasi ginenetik lan asko atera zaizkigu eta proiektu politak egin ditugu Sopelan, Algortan, Bilbon, Basaurin...
Nortzuk dira zuon bezeroak?
A.M.:Normalean gehienak lokal partikularrak dira, baina azken denboraldi honetan bezero handiagoak izan ditugu. Larrabasterrako Iberre institutuan murala egin dugu eskualdeko pasai eta biosfera irudikatuz, eta Bilboko Udalarentzako proiektu handi batean bi txandetan lan egin dugu, esaterako.
Nolakoa izan da Iberreko proiektua?
A.M.: 2024ko ekaina-uztailean egin genuen, eta nerabeek ere parte-hartu zuten prozesuan. Hala, haiek ere ikasi zuten mural bat zerotik egiten. Hilabete oso bat egon ginen, euria egiten zuelako edo bero handia zegoelako. Halere, oso pozik gelditu ginen mural horregaz.
Luzaroan, muralismoa gaizki ikusita egon da. Orain aldaketa bat gertatu dela uste duzue?
Y.L.: Y: Nik uste dut, apurka-apurka bada ere, jendeak ulertzen duela mural bat ez dela grafiti baten modukoa. Badaude inguru asko hormigoiez beteta edo zaharkitu itxurarekin, eta muralei esker beste presentzia bat lortzen dugu. Argi gehiago ematen dio inguruari eta balio dute azaltzeko nor garen eta zer dugun gure ingurunean. Horren adibide da Iberre institutuko murala: bertan azaltzen ditugu Urko putzuaren inguruan dauden animalia ezberdinak.
A.M.:Algortan adibidez kokoteraino zeuden grafiteroen munduaz. Yera eta biok Algortagraff ekitaldian sartuta gaude eta bertan ikusten da nola autonomia erkidego ezberdinetako artistak muralismoan ere lanean dauden. Polita da eta jendeari gustatzen zaiola iruditzen zait. Beraz, bai. Garaiak aldatzen ari direla uste dugu.