Uribe Kostako Mankomunitateak berdintasunaren aldeko elkarretaratzea egingo du martxoaren 7an

Erredakzioa 2025ko mar. 4a, 13:59

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitateak, Berdintasun Sailaren bitartez, elkarretaratzea antolatu du martxoaren 7an, barikua, eguerdiko 12:00etan, Larrabasterran. Ekitaldi honen helburua da genero-berdintasuna ikusaraztea eta aldarrikatzea, bai eta gizartean oraindino ere badirautendesberdintasunak salatzea ere. 

Elkarretaratzean Mankomunitateko eta udalerri desberdinetako udaletako ordezkari politikoak, eta langileak izango dira, baita aldarrikapen horregaz bat egin gura duten Uribe Kostako bizilagunak ere. Ekintza hau Mankomunitateak eskualdean genero-berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko programatutako jardueren barruan kokatzen da. 

Emakundek duela gutxi nabarmendu du oso garrantzitsua dela feminismoa eta gizartean duen botere eraldatzailea ikusaraztea, batez ere genero-desberdintasuna ukatzen duten eta berdintasun-politikak mespretxatzen dituzten mundu mailako mugimendu ultraeskuindarren testuinguruan. 

Uribe Kostako Mankomunitateak berdintasun erreal eta eraginkorrerantz aurrera egitearen garrantzia azpimarratzen du. Gainera, eskualdeko pertsona guztiak animatzen ditu Uribe Kostako udalek  eta mugimendu feministek martxoaren 8a dela-eta aste-akabuan antolatutako ekitaldietan parte hartzera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun