Harrera-familia askok Saharako herriaren egoeraz kontzientziatuta erabakitzen dute ekimenean parte hartzea, besteak beste, ume horiei uda ahaztezina eskaintzeko asmoz. Proiektu horretan parte hartu duten familiek egitasmoaren onura elkarrenganakoa dela nabarmendu dute, bai datozen umeei egiten dien onuragatik, baita harrera-familiek jasotzen duten esperientzia aberasgarriagatik ere.
"Familiako kide bat gehiago"
Marta Pastor Getxoko bizilagunak azaldu du betidanik izan duela programan hartzeko gogoa, eta institutuan horren inguruko informazioa jaso zuenean, "konturatu nintzen ezetz esateak ume batek uda on bat pasatzeko aukera galtzea suposatzen zuela; gehiago pentsatu gabe parte hartzea erabaki genuen". Bi aldiz parte hartu du berarentzat oso biziak diren egonaldietan: "Haien adineko umeek hemen egiten dituzten jarduerak egiten saiatzen gara, beraientzat ezinezkoa baita kanpamentuetan horrelakorik bizitzea: udalekuak, hondartza, herriko jaiak, bizikletan ibiltzea... Denetarik egiten dugu, ahalik eta gehien goza dezaten".
"Falik ez zekien euskaraz, hasieran, keinu bidez moldatzen ginen, baina, dagoeneko, zertxobait ikasi du. Niretzako alde hau oso garrantzitsua zen, egitasmoan parte hartu nahi nuelako, baina etxeko hizkuntza baldintzatu gabe", Eloien Rodriguez, Berangoko harrera-familia.
Martak beste familia batzuk ere animatu ditu ekimen honetan murgiltzera. Dioenez, "esperientzia aberasgarria da guztiontzat. Kultura berri bat ezagutzen duzu eta egokitzapenerako zailtasun guztiak gainditzen ikasten duzu. Gainera, ume bati bizipen berriak ematen dizkiozu; azken finean, familiako kide bat gehiago da".
"Elkartasun keinu bat"
Eloien Rodriguez berangoztarrak lau urte daramatza harrera egiten, eta, bere iritziz, egitasmo honetan parte hartzea saharar herriarekiko elkartasun keinu bat da. "Familia bezala, poztasun handia ematen du horrelako ekimen batean parte hartzeak. Helburua da, etorkizunean, horrelako programak behar ez izatea; horrek esan nahiko lukeelako gatazka konpondu eta euren lurretara itzuli direla", adierazi du.
Egitasmoan parte hartzean "poztasun handia" ematen dion arren, aitortu du ez dakiela zenbaterakoa den ona gero atzean utzi beharko duten bizitza bat ematea; izan ere, azaldu du egitasmoak saharar herriaren errealitate gordinera hurbildu diela: "Familia guztiak haima batean bizi dira, baliabide gutxirekin. Ez dago txorrotako urik, eta dagoena zisternetan banatzen dute. Basamortuko tenperaturak ere muturrekoak dira, udan 55 gradura irits daitezke, eta, neguan, gauak oso hotzak dira. Bestalde, erbestearen gaia ere oso presente dute, eta saharar herriaren askatasuna aldarrikatzen dute".
Dioenez, egitasmoak umeengan duen eragina izugarria da: "Hemen fisikoki indartzen dira, arreta medikoa jasotzen dute eta uretan jolastea bezalako gauza sinpleez gozatzen dute, han ia ezinezkoa dena". Gainera, familiako kide berri bategaz uda ahaztezina pasatzeko aukera ere badela dio: "Ez da lan handia, baina dedikazio apur bat behar da. Hala ere, babes sare bat izateak asko laguntzen du".
"Esperientzia aberasgarria da, haientzako eta guretzako. Kultura berri bati buruz, ume bat mundu eta familia berri batera nola egokitzen den eta zailtasun guztiak gainditzen ikasten duzu", Marta Pastor, Getxoko harrera-familia.
"Esperientzia aberasgarriena"
Getxoko Raquel Gutierrezek ere urteak zeramatzan ideia buruan, eta seme-alabak nagusiagoak egin zirenean eman zuen pausoa. "Udan saharar umeak hondartzan ikusten genituen eta haien egoera ezagututa, guk ere ekarpen bat egin nahi genuen", dio. 2022an jarri zen harremanetan Getxoko harrera egiten duen elkarteagaz, baina, urte horretan ezin izan zuen umerik ekarri, pandemia-egoeragatik. Hala, 2023ko egitasmoan eman zuen izena, baita hurrengo urtean ere: "Momentuz, ahal dugun guztietan egingo dugu harrera; Nayem hartuko dugu, aurreko urte bietan gurera etorri den umea, betiere haren gurasoek hala nahi badute".
Nayemen bilakaera ere azaldu du getxoztarrak: "Lehen urtean apenas zekien gure hizkuntza eta keinuen bidez komunikatzen zen. Bigarren udan, gehiago kontatu zigun kanpamentuetako bere bizitzari buruz. Hemen dutxak edo igerilekuak izatea harrigarria iruditzen zaie, gehiegizko uraren erabileragatik. Eskailerak erabiltzen ikastea ere erronka izan da haientzat, eta igogailuak ikaratzen zuen".
Raquelek ere ikuspegi positiboa partekatzen du: "Ez da soilik guk duguna partekatzea, haurrek gure begiak irekitzen baitizkigute. Bi hilabetean, sendagilearengana joateko aukera dute, osasun-arazoak konpontzeko eta gorputza indartzeko, hango kanpalekuetan ezinezkoa luketena. Gehienek % 10eko pisu-irabazia dute, eta horrek negua hobeto pasatzen laguntzen die". Azken finean, "oso gutxirekin, asko lagundu diezaiekegu", gaineratu du.
"hazten ari den harremana"
Itziar Matarranzek Erandioko igerilekuan kartela ikusi zuenean hartu zuen erabakia: "Beraien baldintzengatik ez dituzte guk ditugun aukerak, beraz, udako hilabeteetan hori aldatzeko aukera ikusi genuen". Hala, bederatzi urteko Coriah uda bitan hartu du bere familiak, eta 2025ean errepikatzeko asmoa dute. "Hasieran, hizkuntzaren oztopoa zaila zen, baina denborarekin oso lotura sendoa sortu da. Berak ama eta aita deitzen digu, eta nire semeak dio bere arreba sahararra dela". Azaldu duenez, kultura bien artean desberdintasun asko daude, horregatik, "batzuetan bizitza ulertzeko modu biak bateratzea ez da erraza izaten". Hala ere, denaren gainetik esperientzia oso aberasgarria dela azpimarratu du: "Guri ere begiak zabaltzen laguntzen digu, ikusarazten digulako beste errealitate batzuk ere existitzen direla. Denoi mesede egiten digun aukera bat da".
«Han dena da harea, ez daukate aterik, leihorik, ezta hozkailurik ere. Oso gutxitan jaten dituzte izozkiak, elikadura ere oso oinarrizkoa delako: dilistak edo makarroiak, ia inoiz ez fruta, ezta arrainik ere…", Itziar Matarranz, Erandioko harrera-familia.
"Ekintza txikia, eragin handia"
Lamiakoko Ainara Soutek horrelako ekimenen garrantzia azpimarratu du: "Ume horientzat aukera bat da uda desberdin bat izateko, eta baita gure familientzat esperientzia eraldatzaile bat bizitzeko ere". Bere esanetan, "lehen aldiz iristen direnean, denak harritzen die: janaria, ura, baita jakintzat ematen ditugun erosotasun txikiak ere". Ainararentzat, "egiten dugun ahalegina oso txikia da irabazten dugunarekin alderatuta. Haurrak gozatzeko gogoz etortzen dira, eta asko irakasten digute zoriontasunari buruz sinpletasunean".
Egoera politikoa eta humanitarioa bere horretan dirauen bitartean, Oporrak Bakean bezalako programak funtsezkoak izaten jarraituko dute. Haurrek bizipen aberasgarriak izateaz gain, haien osasuna hobetzen dute eta urteko gainerako hilabeteak gogorragoak ez izateko aukera izaten dute. Harrera-familiek argi dute: harrera egitea aukera bat baino gehiago, ekintza solidario bat da, eta merezi du parte hartzea. Izena emateko interesa duenak, martxoan izango du horretarako aukera.
Parte hartzeko bideak:
Aftal Getxo: 658 751 359 / atfalgetxo@gmail.com
Erandioko Nishma elkartea: 666 690 641 / asociacion.nishma@hotmail.es
Leioako Sahararen aldeko elkartea Fath: 656 73 56 87 / leioasaharafath@gmail.com