Zaintza-eskubidearen inguruan antolatutako hainbat eragilek eta taldek bat egin dute Bizkaiko Foru Aldundiari Uribe Kostan II. eta III. mailako mendekotasuna duten pertsonentzako eguneko zentro bat eraikitzeko eskatzeko. Azaldu dutenez, 2015eko urriaren 26ko Gizarte Zerbitzuen Zorroaren Dekretuak ezartzen du Aldundiaren ardura dela eguneko zentroak bermatzea eskualde guztietan, baina ohartarazi dute Uribe Kosta dela oraindik Bizkaian funtsezko baliabide hori ez duen lurralde bakarra. Hori dela eta, Aldundiari exijitu diote aitzakiak jartzeari uztea legea betetzea eta Uribe Kostan eguneko zentro publikoa eraiki dezala.
"Zaintza sare-publiko komunitario sendorik gabe, ardura familien gain egoten jarraituko du, bereziki emakumeon gain. Sarritan, erantzukizun hau zerbitzu pribatuetan azpikontratatzen da, sektore feminizatuen prekarizazioan sakonduz", ohartarazi dute.
Horregaz batera jakinarazi dute azken hilabeteotan, bizilagunek sinadurak biltzeko kanpaina garrantzitsua egin dutela, eskaria Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatean erregistratu eta Aldundiari bidaltzeko. Iragarri dutenez, aldarrikapen hori gizarteratzeko agerraldia egingo dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako udaletxeko plazan.
Sustatzaileen ustez, laguntza-ekipamenduaz gain, eguneko zentroa funtsezko urratsa da zaintzak duintzeko eta bizitza osoan zaintza duinak jasotzeko eta emateko eskubide kolektiboa bermatzeko borrokan: "Behar bat betetzetik harago doan eskubide bat izan behar da; gure komunitateek interes pribatuetatik kanpo egongo diren kalitatezko zerbitzu publikoetara sarbide izateko eskubideaz ari gara".