Liburuaren Egunean, ospatu dezagun irakurzaletasuna!

Nahia Martinez Gondra 2025ko api. 23a, 10:23

Hilabetero liburu eta ipuin zirraragarriak zozkatzen ditugu HIRUKAn. © FREEPICK

Gaur, apirilak 23, Liburuaren Egun berezia da. Liburua da etxeko berotasunetik edozein bazterrera bidaiatzeko aukera ematen duen pasabidea; hamaika bizitza bakar batean gozatzeko parada eskaintzen duena. HIRUKAtik egun honen garrantzia goraipatu gura dugu, irakurle barik ez dagoelako prentsarik. Era berean, eskerrak eman gura dizkiogu Ibaizabal argitaletxeari, urteetan zehar zozkatzeko hainbeste liburu zoragarri bidaltzeagatik. Hala, zozketa berezi bat prestatu dugu gaurko. Beraz, gaur eta beti, mantendu jakingura, irakurri liburu ezberdinak eta ezagutu mundua! 

Uribe kostako hainbat herritan Liburuaren Eguna ospatzeko programazio berezia osatu dute, ez itzazu galdu!

Barrika
  • Apirilak 23: Orri-markatzaile bana emango zaie liburutegira hurbiltzen diren lagunei, arrastian 17:00etatik 20:00etara.
Erandio
  • Apirilak 29: Liburu azoka, Josu Murueta Plazan. Liburuen salmenta euro batean, liburuak Erandio eta Astrabuduko liburutegiek eta herriko bizilagunek ematen dituzte. Bildutako dirua Saharako herriaren aldekoa da, laguntza humanitarioan banatuko da, osasunaren, elikaduraren eta hezkuntza-materialaren arloetan.
Leioa
  • Apirilak 22-26: Liburutegiak TxikiTxokoaren gida bidaliko die 2012an jaiotako umeen gurasoei. 
  • Apirilak 23: Aterpe Leioa Gazteguneak bookcrossinga antolatu du egun osorako, Leioako kaleetatik egingo dena. Egun berean, 19:30ean, liburutegian, poesia errezitaldia izango dute Poetaliaren eskutik.
  • Apirilak 24: Ondizdorrean, “Uribe Kostako Bertsolaritza (1900 – 1980)” liburua aurkeztuko da, Labayru Ikastegiak eta Fredi Paiak eginikoa. Uribe Kostako bertsolaritzaren historia, herriz-herri, ezagutzeko lan aproposa. Inguruko bertsolaritzaren ezaugarriak azaltzen ditu eta bertsolari garrantzitsuenen biografiak biltzen ditu. 
  • Apirilak 25: 8:00etan, Haur Liburutegian, ipuin kontalaria izango dugu: Ixabel Millet. Gaztelaniaz izango den aktibitate hau 5 eta 9 urte bitarteko umeentzat pentsatuta dago.
Plentzia
  • Apirilaren 21etik 25era: Liburu Erabilien Azoka Txikia, udal-liburutegian. 
Urduliz
  • Apirilak 23: Haur eta helduen liburuen irakurketa partekatua (euskaraz eta gazteleraz), Urdulizko kultur etxean, 17:30etik 20:00etara.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun