Nolako harrera izan zuen urriaren 25eko ekitaldiak?
Prestatu genuen gela guztiz bete zen, 45-50 lagun inguru egon ginen. Hala, ekitaldiak aurrera egin ahala, giroa erosoagoa bihurtu zen, lagunartekoa. Idazleak hurbiltasuna sentitu zuten eta konfiantzaz irakurri zuten. Horrek eragin zuen besteok gozatzeko eta hunkitzeko aukera izatea. Jendea oso pozik gelditu zen. Leku eta megafonia aldetik akatsak egon ziren, hurrengo baterako hobetzeko. Baina orokorrean ondo joan zen.
Garrantzitsua da horrelako ekimenak egitea, alde batetik, kulturari bizitza emateko eta mantentzeko. Eta beste aldetik, ikusarazteko liburutegia bizirik dagoela. Liburutegia ez da leku pasibo bat, herri bateko bizitza gune nagusia da. Horrelako jarduerak gertutasun eta bizitasun horren adierazle dira.
Datuek diote Euskal Autonomia Erkidegoko lehen 24 herrien artean dagoela Sopelako liburutegia liburu maileguetan. Zein motatako irakurleak dituzue?
Nabarmendu nahiko genuke liburutegiok ez dugula gure artean lehia egiten mailegu gehiago nork dituen jakiteko. Baina polita izan da ranking hori guretzako aurten. Hiriburu eta herri handien atzean gaude, eta Sopela txikiagoa izanda, esanguratsua da zerrenda horretan sartzea.
Irakurle motari dagokionez, liburutegi guztietan bezala, denetarik dugu. Askotariko irakurleak ditugu: gehienak umeak dira; nagusiak ere asko dira, egunkariak irakurtzera datozenak; eta, gero, berritasunen bila datozen irakurle asko daude. Liburutegiak leku irekiak eta seguruak dira, edonor sar daiteke. Saiatzen gara jende guztiarentzako liburuak izaten.
Nolakoa da zure egunerokotasuna liburuzain gisa?
Errutinazko gauza batzuk errespetatzea garrantzitsua da. Egunero egunkarien bila goaz, liburutegian sartzean begirada bat botatzen dugu dena ordenatuta dagoen ziurtatzeko, korreo elektronikoak irakurtzen ditugu, eskaerak tramitatu, paketeak bidali, liburutegien maileguak egin, etab. Erosketa zerrendak egitea ere ez da gauza erreza: aldizkarietan edo Interneten bilaketak egin behar dira. Sare-sozialak ere kudeatu behar ditugu. Joan baino lehenago liburuak berriro ordenatzen ditugu.
Bestalde erabiltzaileekin dugun hartu-emana ere dago, haiekin errutina dena aldatzen da. Sartzen direnei zerbitzu ona ematea da garrantzitsuena; bilatzen ari direna topatzen laguntzea. Nahi baduzu minuturik ez dago aspertzeko liburutegian.
Noiztik zara liburuzaina?
Nire ustez jaiotzetik naiz liburuzaina. Profesionalki 20 urte daramatzat. Lehenago, borondatezko langile gisa egon naiz Afrikan eta Asian. Jakin gabe liburutegiak asmatu nituen, baita sailkapenak ere, ez nituelako era ofizialean erabiltzen diren horiek oraindik ezagutzen. Aldizkariak ere egin genituen jendearekin. Beraz, nik gustu hori nuen nire barruan aspalditik. Euskal Herrira bueltatu nintzenean eta jada nagusia izanda lan profesional batean egonkortu behar nintzenean, beste gauza askotan egon nintzen lanean, irakasle gisa adibidez. Baina liburutegien munduan sartzeko bidea bilatu nuen.
Zer da gehien gustuko duzuna liburuzaina izatetik?
Gustuko dut ordena. Ez ni pertsonalki oso ordenatua naizelako, baizik eta kontrolpean gauzak izatea garrantzitsua delako. Liburuzainoi amorratzen digu liburu baten bila goazenean eta hori bere lekuan ez dagoenean. Badakigu egon behar dela baina batek daki non. Gauzak kontrolpean izatea lasaitzen gaitu.
Baina are gehiago gustatzen zaidana da jakitea zerbitzu polita ematen dugula. Urrats txiki bat ematen dugu jendea zoriontsu izateko. Jendea liburu baten bila datorrenean, lortzen duenean eta gero liburu hori gozatzen duenean, guk poztasun horretan neurri batean lagundu dugu. Egunero laguntzen dugu jendea apur bat zoriontsuago izaten. Gure lana ez da zigortzea edo isunak jartzea, jendeari nahi duena lortzen laguntzen diogu.
Eta gutxien?
Sare-sozialak mantentzea. Gauza berria da eta egin behar dugu. Baina oso astuna da. Batez ere, ez delako gure lana. Ez gara adituak horretan. Lanaldi barruan ez dugu ia-ia denborarik horretan egoteko eta horregatik askotan gure ordutegitik kanpo egin behar dugu batzuetan. Astuna egiten da baina gaur egun liburutegiaren beste behar bat bilakatu da.
Egun irakurzaletasuna nagusi dela esango zenuke?
Nik uste dut irakurle kopurua handitu dela. Gazteek egia da orain gutxiago irakurtzen dutela. Baina aurkaria Internet eta sare-sozialak direlako. 16 urtera arte pila bat irakurtzen dute baina gero mugikorra agertzen da eta bertan behera uzten dute. Irakurle handiak izan direnei ere gertatzen zaie. Guda hori irabaztea oso zaila da.
Baina egun errazagoa da irakurtzea. Aukera pila daude eta eskatzen dutena ia beti lortzen dugu. Mailegu datuak bertan daude: gehiago irakurtzen da, baina ez dakit zergatik. Gazteen adin tarte horretan gutxiago irakurtzen dela jakinda ez dakit nola igo den mailegu-tasa.
Euskal literatura irakurtzen dela esango zenuke?
Zoritxarrez, nik esango nuke gazteleraz baino gutxiago. Umeen ipuinak kenduta, ez da asko irakurtzen. Haiek eskolan euskaraz egiten dutenez ez zaie kostatzen gero euskaraz irakurtzea. Orain beste guraso belaunaldi bat dugu eta haiek ere euskaraz dakite. Umeek 14 urte izan arte euskaraz irakurtzen dute. Liburutegiok izan behar dugu liburu kopuru zehatz bat euskaraz eta umeen literaturarekin betetzen dugu. Gero, badaude pertsona batzuk beti euskaraz irakurtzen dutenak baina ez dago alderik gaztelerazko literaturarekin.
Baina nik esango nuke ez dela ez dutelako nahi euskaraz irakurri, baizik eta euskaraz dagoen literatura motarengatik. Euskal literatura orokorrean beti da genero berdinekoa. Oso intimista da, barneko gauzak adierazten dituen literatura da. Jendeari gustatzen zaio aldatzea: thriller, errealista, erromantikoa... euskal literaturan ez daude genero horiek ondo sailkatuta oraindik. Zoritxarrez, beraz, euskaraz gutxiago irakurtzen da.