Errugbia, zelai errea eta eskubaloia magia apur bategaz batuz gero, quadball da emaitza. Davo Lopez leioaztarra Bizkaia Boggarts taldeko kidea eta Euskal Selekzioaren partaide izan da, eta honela azaltzen du kirola: "Helburua pilota maila desberdinetan dauden hiru uztaietatik sartzea da; kontaktu fisikoa egon daiteke, beraz, errugbiaren antzekotasun batzuk ditu; gainera, dodgeball pilotekin aurkariak kanporatu daitezke eta, beraz, zelai-errearen ezaugarri hori ere badauka".
Nahia Libano algortarrak ere aspalditik jokatzen du quadbol-en, eta dioenez, partidak 20 minutura arte normalak izaten dira, baina une horretan, flag-a azaltzen da; atzealdean pilota bat zintzilik daraman jokalari inpartzial bat da hori, eta taldeko kide bana hori harrapatzen saiatu behar da. "Gol bakoitzak 10 puntu balio ditu, baina flag-a harrapatzea lortzen duen taldeak 30 puntu eramango ditu, eta partiduari amaiera ematen zaio hori gertatzen denean, beraz, oso erabakigarria izaten da", azaldu du Libanok.
Kirolaren arauak ez dira bereziki zailak, izan ere, Yeray Espinosa taldearen sortzaileetako batek azpimarratu duenez, kirolaren ezaugarri nagusiak aniztasuna eta inklusibitatea dira: "Beste kirol batzuetan lekurik ez daukatela sentitzen duten pertsonak etortzen dira gurera, hemen giro segurua sortzea bilatzen dugulako eta errespetuan oinarritzen den lehiaketa delako". Hain zuzen ere, kirol horren inklusibitatea bermatzeko, arauetako batek ezartzen du sei jokalariko talde bakoitzean ezin direla genero bereko hiru jokalari baino gehiago egon.
Eder Saiagok hilabete gutxi batzuk daramatza taldean, eta aitortu du hasieran kirol erraza izango zela pentsatu zuela, baina behin probatuta, onartu behar izan zuen fisikoki ondo egotea eskatzen duela, "partidu bakoitza 30 minutukoa izan daiteke eta jardunaldi bakoitzean bost partidu jokatu ditzakegu, beraz, atera kontuak".
Adiskidetasuna
Bizkaia Boggarts-ek Zorroza Futbol Taldeak lagatako zelaian entrenatzen du martitzen arrasti eta zapatu goizetan. Diotenez, euren egoera asko hobetuko litzateke erakundeen onarpena eta laguntza izango balute; izan ere, orain dela gutxira arte, Barakaldoko parke batean entrenatzen zuten, inolako azpiegiturarik gabe. Dena den, martxoaren amaieran Europako Txapelketan izan ziren eta taldekideetako batzuk uztailean Belgikan egingo den Munduko Txapelketan ere arituko dira lehiatzen.
Lehiaketak lehiaketa, elkarrizketatutako lau jokalariek azpimarratu dute zelai barruan zein kanpoan duten giro ona dela gehien erakartzen diena. "Nik lagun berriak egin gura nituelako hasi nintzen, oso giro polita zutela ikusi nuelako; probatu nuen eta kirola ere asko gustatu zitzaidan", gogoratu du Libanok. "Jendeak Harry Potter pelikuletako kirolagaz identifikatzen du hau, baina behin probatzen dutenean, daukagun giro bereziagatik geratzen dira", erantsi dio Espinosak.