Kirolariek azpimarratu dute enpresagaz "negoziatzeko prest" jarraitzen dutela, eta berritu gabeko hiru pilotariak, tartean Iker Gordon sopeloztarra eta Esteban Gaubeka armintzarra, berriz onartzea, baldintzak hobetzea eta lanbidea duintzea eskatzen dute, hitzarmen kolektibo bat sinatuta.
Gatazka otsailaren amaieran hasi zen, Innpalak kirolariei pala profesionala kudeatzeari utziko ziola jakinarazi eta kirol-jardueraren titulartasuna haiek hartzea proposatu zienean.
Martxoaren erdialdean, Josu Urkijo, ordura arte kirol zuzendaria izan zena, eta Dan Necol, jarduneko pilotaria, Innpalaren buru jarri ziren eta orain arte akordiorik lortu ez duten pilotariakaz negoziatzen hasi ziren, Ibai Perez, Iker Gordon eta Esteban Gaubekaren kontratuak amaitzen zihoazen bitartean.
"Innpalaren proposamenak ez dira nahikoak izan azken negoziazioetan. Azken bilera apirilaren 24an izan zen, ordezkaritza sindikalik gabe eta publiko egin gabe, enpresak eskatuta ", azaldu du ELAk.
“Partiduak jartzen dizkigute greba egitea galarazteko, eta horrela jokatzera behartzen gaituzte akordiorik lortu gabe, eta gure lanekin bateraezinak diren ordutegietan entrenamenduak eginez”, salatu dute palistek. “Enpresak mesede tratuak ditu pilotarietako batekiko (Dan Necol), enpresaren jabeetako bat. Gezurra esaten digute eta gero konfiantza eskatzen digute”, kritikatu dute prentsaurrekoan.
Gainera, enpresaren jarrera eta Bizkaiko foru Aldundiaren konplizitatea salatu dute palistek. Bizkaia Open txapelketa urtero jokatu duten lehiaketa izan dela gogoratu dute, Aldundia babesle nagusi izanda. Aurten, greban daudenez, Innpala enpresak norgehiagoka hori jokatzeko langile berriak kontratatu gura dituela iragarri duela deitoratu dute prentsaurrekoan, "ilegala den zerbait". Hala, ELAk salatu du administrazio publikoak eta baita enpresak ere grebaren eta grebalarien aurka egin dutela, kasu honetan, langileak ilegalki ordezkatuz eta grebarako eskubidea urratuz, bide juridikotik salatuko dutena.
Pilotariek iragarri dute negoziatzeko prest jarraitzen dutela, baina, bitartean, greba mugagabea hasiko dutela azpimarratu dute, hiru pilotarien kontratua berritzea, lan baldintzak hobetzea eta lanbidea duintzea lortzeko bidean, hitzarmen kolektibo bat sinatu arte.
Adi: eguenean kaleratuko den HIRUKA aldizkarian lan-gatazka honen inguruko zehaztasun gehiago irakurri ahal izango duzue; hala ere, greba mugagabe honen berri izan aurretik landu eta bidali dugu inprentara aldizkaria.