Batzar Nagusiek uko egin diote Metro Bilbaok Israelgo enpresa bategaz duen kontratua hausteari

Ander Zarraga 2025ko mai. 22a, 11:51

Israeleko inteligentzia-zerbitzuakaz harremana duen segurtasun-enpresak batek kudeatzen du Lutxana-Plentzia arteko Metro Bilbaoko tartea.

EH Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkurara eraman zuen proposamenak Metro Bilbaori eskatzen zion I-SEC AVIATION SECURITY SL enpresagaz zuen kontratua bertan behera uzteko, Israelgo inteligentzia zerbitzuagaz eta Gazako sarraskiagaz lotura omen baitu. Aldiz, EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten, kontratua haustea legez kanpokoa dela argudiatuta.

Atzo, maiatzak  21, Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako osoko bilkuran, Iker Casanova EH Bilduko bozeramaileak Israeleko enpresakaz edozein harreman instituzional gaitzetsi zuen. “Erantzukizun moralarekin eta koherentzia etikoarekin jokatzeko unea da”, adierazi zuen, eta Palestinako herriaren aurkako indarkeriaren aurrean jarrera argia eta aktiboa hartzeko eskatu zien euskal erakundeei: “Gure seme-alabek eta bilobek galdetuko digute zer egin genuen genozidioa gertatzen zen bitartean”.

EH Bilduk Elkarrekin Bizkaiaren babesa ere jaso zuen, arrazoi etikoengatik I-SECekiko lotura hausteko beharra partekatu baitu. “Gazako genozidioaren aurrean mundua isiltzen bada, Bizkaia ez dadila isilen artean egon”, adierazi zuen ordezkariak.

Gaitzespenak gorabehera, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Foru Gobernuak proposamenaren aurka bozkatu zuen, argudiatuta legez kanpokoa izango litzatekeela lizitatutako kontratu bat deuseztatzea, kasu oso zehatzetan izan ezik. Ildo horretan jardutea prebarikazio delitua izan daitekeela ohartarazi zuten, bai eta administrazioarentzako arrisku ekonomiko eta legalak ere. Ildo berean, aurka bozkatu zuen PPk ere.

Aldi berean, EAJk eta PSEk EH Bilduren beste proposamen bat babestu dute, Bizkaiko Foru Aldundiari, Garraio Partzuergoari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzeko Gazako indarkeriaren amaiera bultzatzeko nazioarteko foroetan eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa betetzea defendatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun