EH Bilduk iragarri du mozioak aurkeztuko dituztela Uribe Kostako udalerri guztietan, Bizkaiko Foru Aldundiari, Bizkaiko Garraio Partzuergoari eta Eusko Jaurlaritzari; batetik, Palestinar herriari elkartasuna adierazteko eta genozidioa eten dadin eskatuko dute, eta, bestetik, I-SEC AVIATION SECURITY SL enpresagaz duen kontratua etetea exijituko dute.
"Euskal Herria ezin da inpartziala izan, eta are gutxiago genozidio bat egiten ari den herrialde baten alde
lerrokatu edota edozein motako harreman izan. Uste dugu euskal erakundeek jarrera irmoa izan behar
dutela Israel herri palestinarraren aurka egiten ari den genozidioaren aurka", adierazi dute koalizio abertzaletik.
Bere komunikatuan, EH Bilduk gogorarazi du Israelek 50.000 pertsona baino gehiago hil dituela azken hilabeteotan Gazan, bonbardaketen, gosetearen eta gaixotasunen ondorioz, eta salatu du Israelek Palestinako azpiegitura zibilak sistematikoki suntsitzen jarraitzen duela, ospitaleak, eskolak eta etxebizitzak barne.
EH Bilduren ustez, Euskal Herria ezin da neutrala izan sarraskitzat eta okupaziotzat jotzen dutenaren aurrean, eta Estatu israeldarraren politiken aurka jarrera instituzional argia hartzeko deia egin du. Koaliziotik adierazi dute "onartezina" dela "kontrolean, errepresioan eta eskubideen urraketan oinarritutako segurtasun-teknikak gure lurraldera ekarri nahi dituzten enpresak diru publikoarekin kontratatzea eta finantzatzea".