Itsasadarraren azpiko tunelaren Ingurumen Eragin Adierazpen berri bat egitea errefusatu dute EAJk eta PSE-EEk

Ander Zarraga 2025ko eka. 4a, 15:59

Lamiakoko itsasadarraren azpiko tunelaren infografia. © BFA

Itsasadarraren azpiko tunela egiteko lanen jatorrizko proiektuko Ingurumen Eraginaren Adierazpenean uko egin zitzaion leherketak egiteari, baina Aldundiak 80 baino gehiago egingo dituela iragarri eta gero, PPk adierazpen berri bat egiteko eskatu du.

EAJk eta PSE-EEk uko egin diote Bizkaiko Batzar Nagusietan itsasadarraren azpiko tunelerako Ingurumen Eragin Adierazpen berri bat (DIA) egiteko beharrari, nahiz eta Aldundiak jatorrizko proiektua aldatuko duela adierazi duen, aurrez baztertutako leherketak sartzeko.

PPk, Elkarrekin Bizkaia eta EH Bilduren babesagaz, defendatu du leherketa horiek ezin direla berriro sartu adierazpen berririk egin gabe, hobekuntza tekniko bat ez direla argudiatuta. Eraikitzaileari kostuak eta epeak murriztu gura izateak inguruko bizilagunen eta ikastetxeen osasunean eragin kaltegarria izan dezakeela salatu dute.

EAJtik, Irene Edesak alarmistatzat jo ditu oposizioko alderdien adierazpenak eta "bizilagunengan beldurra eragiteko nahia" leporatu dizkie. Defendatu duenez, aldaketa aurrerapen teknikoetan oinarritzen da eta ez duela ingurumen-ebaluazio berririk behar.

Bestalde, Josa Alberto Alvarez sozialistak adierazi du gai horren gaineko eskumena Aldundiko Natura Ingurunearen Sailari dagokiola, ez Batzar Nagusiei.

Erandioko zubia eta Asuko uholdeak

Batzorde berean, Azpiegituretako diputatu Carlos Alzagak azaldu zuen Erandio eta Barakaldo arteko zubi birakariaren 3,6 milioiko gainkostua Bilbao Ría 2000k hartuko duela bere gain, eta Asua-Loiuko biribilguneko uholde-arazoak Arronategi ibaiaren ibilguaren kontserbazio txarrari egotzi zizkion.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun