Getxo eta Portugalete arteko itsasadarraren azpitiko tunela, Bizkaiko Foru Aldundiaren funtsezko proiektua Errontegiko zubiko trafiko astuna arintzeko, gutxienez lau urte atzeratu da, eta ez da 2032 baino lehen amaituta egongo. Obra 2028an amaitzea aurreikusten zuten, baina oraindik ere ingurumen-izapideetan murgilduta dago, eta inguruko bizilagunek aurkeztutako alegazioek neurri zuzentzaileak eskatu dituzte lanek Artatzako biribilgunearen inguruko etxebizitzetan eta ikastetxeetan eragingo duten inpaktua arintzeko. Horrez gain, EH Bildu eta PP proiektua birrplanteatzeko edo zuzenean alde batera uzteko eskatu diote Aldundiari.
Eztabaidaren fokua Artaza parkean dago, bertan kokatuko baita tunelaren Eskunaldeko sarbidea. Interbiak foru sozietateak Proinac ingeniaritzari eskatutako txosten tekniko batek proposatzen du 83 leherketa kontrolatu egitea lanen lehen urtean, makinak lurpera errazago sar daitezen, azaldu du El Correo komunikabideak.
Metodo horri esker, obrak zazpi hilabete laburtu ahal izango ei liratekeela argudiatu du Aldundiak.
Hala ere, erremedioa gaitza baino okerragoa izan daiteke; izan ere, leherketa bakoitzak 144 dezibelioko lanaga gaindituko luke, legezko mugaren bikoitza baino gehiago (65 dezibelio). Aldez aurretik egindako entsegu batek baieztatu zuen leherketek, leherketak laburrak izan arren (3-5 segundo), uhin eta bibrazio tren bat sortzen dutela, eta inguruko eraikinetara hedatzen dela hori. Eztandek Artaza Jauregiaren inguruan izango zuten eragina batez ere, bertan bilduko baitziren 83 leherketetatik 65.
Eragina ikastetxeetan eta etxebizitzetan
Proinac-en azterlanaren arabera, Artaza-Romo BHIn muga akustikoak gaindituko lirateke jolastokian 934 egunez eta ikasgeletan 304 egunez. Aldiz, Uribe Kostako errepide nagusi horren inguruko etxebizitzetan 450 dezibelioko gehiegizko lan-egun zenbatu dituzte, La Avanzadan 315, Gobelaurren 203 eta beste bizitegi-eremu batzuetan 225 eta 150 egun bitartean.
Leherketek kopuru horiek zertxobait murriztuko balituzte ere, zaratak gehiegizkoa eta luzea izaten jarraituko lukeela aitortzen du ingeniaritzak. Horretarako, Aldundiak planteatu du azalerako lanen ordutegia astelehenetik barikura, 08:00etatik 18:00etara murriztea, sei metrorainoko manpara akustikoak jartzea eta isolamendu puntuala instalatzea etxebizitzetan.
Auzotarren eta politikarien gaitzespena
Alde batetik, PPk eta EH Bilduk, Bizkaiko Batzar Nagusietako eta Getxoko Udaleko oposizioko talde nagusiek, proiektua "birplanteatzea" eskatu diote Aldundiari. Popularrek leherketen alternatiba bat eskatu dute, eta ekimen bat erregistratu dute ingurumen-inpaktuaren adierazpen berri bat izapidetzeko. Bere aldetik, koalizio abertzaleak proiektua ez gauzatzeko eskatu du, "trafiko eta kutsadura gehiago" besterik ez baitu sortuko eta garraio publikoaren aldeko apustua egitea eskatzen du. Getxoko Udalari ere leporatu diote Artatzako herritarren eskubideak ez defendatzea.
"Ezin da onartu obra hilabete batzuk aurrezteagatik ehunka familia eta ikasleren ongizatea arriskuan jartzen duen zerbait inposatzea", salatu zuen Raquel Gonzalezek, PPk Foru Ganberan duen bozeramaileak. Alderdiaren ustez, egungo proposamena "jatorrizko proiektuaren funtsezko aldaketa" da, legez egokitu gabe.
Bestalde, auzoko bizilagunak oso kezkatuta agertu dira leherketek eta lanek beren etxebizitzetan, eskola-ingurunean eta inguru horretan izan dezaketen eraginagatik; izan ere, hori salatzeko hainbat mobilizazio egin dituzte azken hilabeteotan. "Guzti hau institutu baten ondo-ondoan eta beste hainbat ikastetxerengandik oso gertu. Aldundiak ehunka ikasle arriskuan jarri gura ditu kotxearen erabilera handituko lukeen azpiegitura bat arinago eraikitzeko", salatu dute leherketak egiteko asmoaren berri eman zuten unean.
Bien bitartean, Subflubiala EZ plataformako kideek iragarri dute proiektua gaitzesteko bizikleta-martxa bat egingo du maiatzaren 11n, eta ekainaren 14an kanpaldi bat..