Eskualdeko gazte feministek bat egin dute Plentzian

Nahia Martinez Gondra 2025ko eka. 5a, 14:16

Maiatzaren 31n egin zuten topaketa. © UK GAZTE FEMINISTAK

Eskualdeko lagunek euren arteko harremanak sendotzeko parada izan zuten maiatzaren 31n, Uribe Kostako Gazte Feministen Egunean. Antolatzaileen artean Sorginen Alabak, Sugarri eta Haziak taldeak egon ziren. Kide batek euren xedea azaldu du: "Denok elkartzeko beharra ikusten genuen, denok Uribe Kosta feminista bat eraikitzeko lan egiten dugulako eta gazte ikuspegitik mugimendu feministari ekarpen handia egiten diogulako".

Egun intentsua baina betegarria izan zen maiatzaren 31a, egun osoko egitarau oparoa bete baitzuten:

"Plentzian elkartu ginen zapatuan: goizean, bertso poteoa egin genuen, ondoren, bazkaria, eta ostean, asanblada, gazte eta feminista bezala ditugun beharrak identifikatu eta gure ingurura hobeto heltzeko estrategietan pentsatzeko. Horren ostean, Danontzat Gaztetxean amaitu genuen gaua. Ikusi dugu badagoela Uribe Kosta feminismotik eraldatzeko gogo bat, gure esperientzia propioetatik abiatzen dena baina kolektiboan forma hartzen duena". 

© UK GAZTE FEMINISTAK
 

Gainera, azaldu dutenez, urriaren 31n eta azaroaren 1ean eta 2an Euskal Herriko Gazte Feministen Baterajotzea eskualde bezala joango dira. "Gure arteko aliantzak eraikitzen jarraitu nahi dugu, patriarkatuaren aurka gune guztietatik eta era kolektiboan egin behar dugulako borroka". Halaber, eskualdeko gazte feministak gonbidatu dituzte haiekaz Baterajotzera joateko, sarea handitzen jarraitzeko asmoagaz.

© UK GAZTE FEMINISTAK

Gainera, Uribe Kostako Gazte Feminista gisa, hainbat kamiseta eta tote poltsa egin dituzte. Horiek salgai daude eta taldeetako Instagrametara idatzita eskuratu daitezke: @haziak_algorta, @sugarri_sopela eta @sorginenalabak.

© UK GAZTE FEMINISTAK

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun