Horren aurrean, ekainaren 28ko egunaren jatorria gogoratu dute: "1969ko ekainaren 28an, sexu eta genero disidentzia elkartzen zen taberna baten kontrako poliziaren enegarren sarekada baten testuinguruan, sexu langilea zen emakume beltz trans batek adreilu bat jaurti zion poliziari, Stonewalleko matxinada piztuz. Poliziaren jazarpen eta bortizkeriaz nazkaturik, lehen aldiz sexu eta genero disidenteok kaleak hartu genituen polizien aurka oldartuz eta hiru egun iraun zuten istiluei hasiera emanez".
EAJri sexu askapenerako mugimenduaren mobilizazioak errespetatzea exijitu diote: "Atera ditzatela euren atzaparrak ekainaren 28tik". Halaber, aldarrikatu dute sexu disidenteek ez dutela karrozarik behar, "sistema hau iraultzea" baizik. Hala, ekainaren 28an Algortako Telletxe plazan egingo duten manifestazioan parte hartzera animatu dituzte herritarrak, arrastiko 19:30ean.
