Elkarrizketak

Ager Begoña: "Borroka bat izan arren, errespetua guztiaren gainetik dago"

Ander Zarraga 2025ko eka. 10a, 09:14

Begoñak 18 urte bete dituenez, aurten hasiko ditu nagusien mailako borrokak.

Ager Begoñak bost urte zituela jantzi zituen boxeoko eskularruak lehen aldiz. Hasieratik, Urdulizko Basakick taldean aritu da, eta iaz Espainiako txapeldun izendatu zen bere mailan.

Goierri auzoan kirol ospetsurik bada, sokatira da hori. Taldean hainbat lagun eta lehengusina bat ere ditu  Ager Begoñak; hala ere, berak aspaldi egin zuen ring-aren aldeko apustua. Erandioztar gaztea bost urte zituela sartu zen Urdulizko Basakick taldean, eta aitak behartuta egin arren, aitortu du hasieratik gustatu zitzaiola. Boxeoa eta kickboxing-a aukeratu bazituen ere, Goierriko bandera bere lehiaketetan soinean eramaten du; hala, Erandioko auzo horretako ikurra Espainian irabazi dituen txapelketa bietan atera zuen iaz: 80 kilogramoko azpikoen Espainiako junior txapelketan eta gazteen mailako txapelketan. Gainera, aurten, Bizkaiko txapelduna ere izendatu da, bere aurkariak ezin izan baitzuen borrokatu.

Berarentzat boxeoa kirola baino gehiago dela adierazi du, bizi-garapenean ere asko eman baitio: "Boxeoa errespetua da, taldekideekiko elkartasuna eta zailtasunei aurre egiteko gaitasuna. Kanpotik bortitza dirudi, azken finean, borroka bat da, baina errespetua guztiaren gainetik dago". Horrez gain, lehiaketetan eta gaubeletan giroa izugarri ona dela ere nabarmendu du, eta lehiatzeak beste estilo eta kirolari batzuk ezagutzeko aukera ere eman diola dio.

Erreferenteak. "Euskal Herriko boxeoa oso maila onean egon da, Kerman Lejarraga, Jon Fernandez eta Ibon Larrinaga bezalako boxeolariek ospe handia eman baitiote kirolari. Horrez gain, Basakickeko boxeolariak izan dira nire erreferenteak: Diego Valtierra, David Larrinaga… Gimnasioko jendea izan da nire eredua, txikitatik ikusi ditudalako entrenatzen eta borrokatzen"

"Boxeoa eta kickboxing egiten ditut, horietan hasi nintzelako. Boxeoan eskuak bakarrik erabiltzen ditugu; kickboxing-ean, eskuak eta hankak; eta K1-ean eskuak, hankak eta belaunak erabiltzen dira", zehaztu du. Bera hiru modalitateetan aritzen bada ere, garrantzitsuena entrenatzea eta talde on bat edukitzea dela azpimarratu du: "Fisikoki kirol gogorra da, baina mentalki ere asko eskatzen du, ziurtasun ezak eta beldurrek eragin handia baitute; gainera, elikadura zaintzea ere garrantzitsua da pisua mantentzeko".

Txikitatik, Javi eta Itziar izan dira bere entrenatzaileak, "familiakoak bezalakoak gara", adierazi du Begoñak. Horiez gain, Basakicken dauden kirolarien arteko harremana eta giroa ere ezin hobea dela nabarmendu du, batez ere, lehiaketetan aritzen direnen artean: "Hori oso polita da eta asko laguntzen digu". Dioenez, taldea asko hazi da azken urteotan eta borrokalari berri asko sartu dira taldean, batez ere, umeak. "Ni hasi nintzenean, oso ume gutxi geunden; orain, pozgarria da ikustea zenbat gurasok ematen duten pausoa, kirol honek emateko gauza positibo asko baititu", gogoratu du goierritarrak.

Etorkizunera begira, Begoñak azaldu du boxeoan urruti heltzea oso zaila dela, baina berak lehiatzen eta entrenatzen jarraitzeko asmoa duela argi utzi du: "Beti jarraituko dut boxeoari lotuta, entrenatzaile bada ere, baina gaur-gaurkoz ez daukat mugarik".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun