Has gaitezen hasieratik; nola eta zergatik sortu zen Txerri Ugerrak?
Txerri Ugerrak Zetalau eta Endor taldeetako kideen arteko lankidetzaren fruitu gisa sortu zen. Aritz (gitarra) eta Landa (abeslaria), Zetalauko partaideak, aspalditik geneukan rap-metal estiloko proiektu bat martxan jartzeko gogoa, izan ere, betidanik gustuko izan dugu musika mota hori. Aritzek jada hainbat riff eta ideia bilduta zituen, eta burura etorri zitzaigun lehen aukera zen auzoko Endorekin elkarlanean aritzea. Kolaborazio horren emaitza benetan gustukoa izan genuen, eta hortik aurrerakoa, esan daiteke, historia da: egun dugun proiektua sortzea erabaki genuen.
Handik egun gutxira, entsegu lokalean geundela, Guille (baxua) agertu zen. Gure ideiak erakutsi genizkion, eta haren lehen erreakzioa argia izan zen: “Baxu-jotzailerik al duzue?” galdetu zigun. Azken pieza, ordea, bateria zen. Aitor ezagutzen genuen, eta bagenekien beste talde batzuetan aritzen zela. Behin jai batean, proposamena egin genion… eta zorionez, juerga artean botatako ideia hura aurrera atera zen, beste askok ez bezala, kar kar kar...
Zuen izenak arreta pizten du: zer esan gura du "Txerri Ugerrak"? Badago horren atzean istorio bereziren bat?
Ez dago esanahi sakonik. Egia esan, izena nola entzuten zen gustatu zitzaigun, besterik ez. Landa izan zen izena proposatu zuena, entsegu lokalean ideia batzuk lantzen ari ginela. Airean bota zuen eta gustura hartu genuen; hortik aurrera, gure izena bihurtu zen. Geroago, izen horrekin hainbat erreferentzia edo lotura egin ditugu abestietan, baina egia da ez duela esanahi zehatzik.
Lo Siento abestia argitaratu berri duzue; zer kontatu gura duzue kanta honegaz? Nolakoa izan da sortze- eta grabaketa-prozesua?
Gure abestietan kontatu nahi duguna gure errealitateko gauzak izaten dira, hau da, ez ditugu abesti harro edo handinahirik egin nahi; gure errealitatearen isla izaten dira gure letrak. Lo Siento abestia horren isla da baita ere: emozionalki zein sozialki zelan sentitzen garen eta zelan ikusten ditugun gauzak adierazten saiatzen gara.
Sortze- eta grabaketa-prozesuaren inguruan, gure abestien sorkuntza eta grabaketa-prozesuak antzeko dinamika jarraitzen du beti. Hasiera batean, riff, punteo edo erritmo jakin batetik abiatzen gara; ideia horrek ematen dio abestiari lehen bultzada. Hortik aurrera, kideon artean abestiaren egitura lantzen dugu: bertsoak, estribilloak, zubiak eta tarteka ideia berezi edo bitxiagoak sartzen ditugu. Egitura guztia osatuta dagoenean, abeslariek letrak jartzen diote musikari.
Nola definituko zenukete zuen estiloa? Zer eragin musikal edo kultural nabarmenduko zenituzkete?
Zaila egiten zaigu gure musika etiketatzea. Askok diote metaleroak garela, baina metalero batzuentat ez gara nahikoa; gauza bera gertatzen zaigu Raparekin edo punkarekin. Hala ere, estilo guztietatik apur bat hartzen dugu. Normalean, Rap-Metal dela esaten dugu, baina egia da estilo askotatik edaten dugula eta askotariko doinuak lantzen ditugula.
Letrek garrantzi handia dute zuen lanetan? Zein da zabaldu gura duzuen mezu nagusia? Nolako gizarte ikuspegia islatu gura duzue?
Bai noski, letrek garrantzi handia dute. Lehen esan bezala, gure abestietan gure errealitatea kontatzen dugu. Zabaldu nahi dugun mezua guk bizi dugun bizitzako momentuetatik eta egoeretatik abiatzen da. Kritika soziala egiten saiatzen gara, beti ere gure esperientziatik eta inguruko testuingurutik abiatuta. Esaterako, gazteok etxebizitza propio bat izateko ditugun zailtasunak, gaur egun osasun mentalaren inguruan dauden arazoak, edo nabari ditugun gizarte-injustiziak salatzen saiatzen gara. Era berean, gure auzoan ikus ditzakegun bestelako egoerak ere jorratzen ditugu. Azken batean, gure abestiek inguruan bizi den gazte arrunt baten ikuspuntua islatzen dutela esan genezake.
Leioako San Juan jaietan ikusi ahalko zaituztegu oholtza gainean, besteak beste. Zer prestatu duzue horretarako? Nolako esperientzia izaten da zuentzat Euskal Herriko plazetan jotzea?
Bai! Gogotsu gaude Leioan jotzeko. Taldekide batzuk Leioakoak dira, eta, beraz, guretzat kontzertu berezia izango da. Gainera, ekainaren 21erako sorpresaren bat ere prestatu dugu!
Euskal Herriko plazetan jotzea pribilegioa da guretzat. Hainbatetan, gure gisako taldeak programatzea zaila izaten da, ez baikara estilo zehatz batean sailkatzen, eta jai batzorde batzuek bestelako zerbait bilatzen dute, guztiz ulergarria dena. Horregatik, bihotz-bihotzez eskertzen diegu gurekin kontatzen duten guztiei.
Zer gurago duzue, jaietan, aretoetan ala bestelako lekuren batean jotzea?
Leku bakoitzak bere xarma dauka. Guk tokian tokiko kontzertuak disfrutatzen ditugu: aretoetan, tabernetan, jaietan... Bakoitzak baditu bere alde onak eta ez hain onak. Aretoak, oro har, hobeto daude ekipatuta soinu aldetik, estaliak dira... baina ez dute kaleko giroaren freskotasunik. Eta alderantziz, kalean edo jaietan jotzea magikoa izan daiteke, nahiz eta batzuetan baldintzak ez izan aproposenak.
Garrantzirik al du euskarak zuen letretan? Zer leku egiten diozue zuen jardunean?
Bai! Gure diskoan, gutxienez erdia euskaraz egiten saiatzen gara. Horrez gain, gure kontzertuetan zein sare sozialetan erabiltzen dugun hizkuntza euskara da.
Gure inguru soziolinguistikoa, tamalez, ez da euskaldunena, eta horrek eragina izan du gure egunerokoan. Hala ere, euskararekiko dugun konpromisoa argi utzi nahi dugu: alde batetik, Rap-Metal estiloa euskaraz ere egin daitekeela erakutsiz —Uribe Kostan ere bai—, eta bestetik, guk geuk pertsona modura euskararekiko izan behar dugun jarrera azpimarratuz. Gure hizkuntza delako, eta zaindu beharrekoa.
Nola ikusten duzue gaur egun musikan aritzeko giroa? Badago leku nahikorik mugitzeko eta jotzeko?
Zaila da. Talde askok bezala, guk ere zailtasunak ditugu, batez ere ez dugulako "izen handirik" edo sareetan datu ikusgarriak.
Lehenago aipatu dugun moduan, uda partean jai batzorde askok bestelako estiloak bilatzen dituzte; askotan, taldeak kontratatu beharrean, DJ-ak edo erromeriak izatea nahiago izaten dute. Neguan, berriz, aretoetan jotzeko aukera dago, baina gero eta garestiagoa da horiek alokatzea.
Zorionez, gaztetxe batzuk oraindik aktibo jarraitzen dute, eta talde txikientzat aukera paregabeak dira: gastu handirik gabe jotzeko espazio libreak eskaintzen dituzte.
Etorkizunari begira, zer berri espero dezakegu datozen hilabeteetan? Beste lan berriren bat bidean al duzue?
Bai, abesti berriak lantzen ari gara. Orain arte 3-5 kantuko EPak argitaratu ditugu, baina oraingoan disko oso bat kaleratu nahi dugu, kanta gehiagorekin. Asmoa dugu aurten bertan kaleratzea, baina ikusiko dugu prozesuak nola egiten duen aurrera.