Saretzen

Uribe Kostako kultur ekitaldien herena baino ez da euskaraz edo elebitan

Iker Rincon Moreno 2025ko eka. 20a, 08:00

Uribe Kostako kultur eragileek 1.100 ekitaldi baino gehiago antolatu zituzten gurean iaz, 2024an, Eusko Jaurlaritzaren Kulturklik plataformako datuen arabera. Ekitaldi horien % 44,1 gaztelaniaz izan ziren, eta % 33,7 euskaraz –elebidunak barne–. Datu horiek, gainera, udalerrien arteko alde handiak erakusten dituzte, bai kopuruetan, baita kultur eskaintzaren intentsitatean ere. 

Datu bakar batek aditzera ematen du Getxok zer pisu duen Uribe Kostako kultur mapan: 557 ekitaldi antolatu zituen 2024an; eskualde osoan izandako guztizkoaren ia erdia. Antzerkia, musika, zinema, dantza, jaialdiak… Diziplina guztiak izan ziren bertan. Gainera, Getxok kulturarako azpiegitura-sare zabala du: 151, kultur etxeak, aretoak, antzokiak eta kultur eragileen gelak kontuan hartuta.

Hala ere, proportzioari erreparatuz gero, panorama bestelakoa da. Plentzian, adibidez, 4.500 biztanle ingurugaz, 11,35 kultur ekitaldi antolatu ziren 1.000 biztanleko; Getxon, aldiz, 7,4. Beraz, nahiz eta Getxok baliabide gehiago izan, herri txikiagoek —Plentzia, Berango, Gorliz, Sopela, berbarako— eskaintza oparoa dute biztanle-kopurura egokituta.

Lemoizek, berriz, kontraste handia erakusten du, ekitaldi bi bakarrik daude jasota Kulturkliken datu-basean. Datu horrek iradoki dezake inguruko udalerrietan baino baliabide gutxiago dutela kultur ekitaldiak programatzeko, besteak beste. Ildo horretan, Bego Moratalla Lemoizko kulturaz arduratzen den alkateordeak azpimarratu du Udalaren "lehentasuna" dela kultura sustatzea, "kultura klabea delako loturak sortzeko, komunitatea sortzeko eta herria eraikitzeko". Hala, nabarmendu du programatzerakoan herritarren ideiak eta ekarpenak kontuan izaten dituztela, "herri txiki batean, kultura hurbiltasunetik eta konpromiso kolektibotik" sortu behar dela sinetsita. "Horrek aukera ematen digu benetan interesatzen zaigunera eta udalerri osoari egokitutako eskaintza sortzeko", azpimarratu du.

Ildo horretan, Lemoizko arduradunak gogoratu du, Kulturkliken datu-basean agertu ez arren, urtean zehar askotariko ekitaldiak antolatzen dituztela, eta euskal sorkuntzen eta euskarazko proposamen aldeko "apustu garbia" egiten dutela, hala nola Laburbira film laburren proiekzioak eta ArteBizi kale antzerkien jaialdia.

Formatuari dagokionez, antzerkia da eskualdeko kultur proposamenetan nagusi, 358 emanaldi egin ziren iaz; ondoren, musika, 248 kontzertugaz. Zinema eta dantza, berriz, dezente atzerago geratzen dira.

Bitxia bada ere, orokorrean, urteko lehen hiruhilekoan izan ziren ekitaldi gehienak (326), udaldian baino gehiago (261 ekitaldi). Horrek iradoki dezake tokiko publikoa dela kultur eskaintzaren hartzaile nagusia, uda sasoian gurera etortzen diren turistak baino gehiago. Hala ere, Gorlizen tendentzia bestelakoa da: uda izan zen sasoirik emankorrena, urtean programatutako ekitaldien % 82 garai horretan izan baitziren; sasoi horretan udalerri horretako biztanleria bikoizten delako ote?

Hizkuntzen erabileran, gaztelania da nagusi: 514 ekitaldi egin ziren gaztelaniaz; euskaraz soilik 297 (% 25 inguru). Euskarazko ekitaldi elebidunak 96 izan ziren eta atzerriko hizkuntzetan antolatutakoak 40. Hizkuntzen arteko desoreka bereziki nabaria da Getxon (250 gaztelaniaz, 127 euskaraz), Leioan (92 gaztelaniaz, 42 euskaraz) eta Erandion (41 gaztelaniaz, 34 euskaraz). Hizkuntza-proportzio orekatuena Plentzian agertzen da.

Oharra

Erreportaje honetan erabilitako datu guztiak Kulturkliketik atera dira, EAEn programatutako kultura-jarduerak biltzen dituen Eusko Jaurlaritzaren datu-basetik. Iturri publikoa da, egituratua eta baliagarria konparaziozko analisiak egiteko. Hala ere, garrantzitsua da aipatzea Kulturklik ez dela nahitaezko erregistroa: erabilera sustatzaileek, udalek edo kultura-eragileek beren jarduerak borondatez sartzearen mende dago. Beraz, litekeena da azterketa honetan jasota ez dauden ekitaldiak egotea, batez ere zirkuitu instituzionaletan hain integratuta ez dauden udalerrietakoak eta eragileetakoak. Muga horrek ez du argazki orokorra baliogabetzen, baina zuhurtasuna eskatzen du: erradiografia osoa eta zehatza baino gehiago, erretratu adierazgarria da, eta agerian uzten du nork duen ikusgarritasuna, egitura eta kanal ofizialetarako sarbidea.

Erlazionatuak

EAEko kultur sarea: bizia, baina asimetrikoa

Iker Rincon Moreno · Tokikom-EITB eka 20, 08:00 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun