Saretzen

Leioa eta Lemoiz, Uribe Kostako udalerrietako kultur dinamismoaren adibideak

Ander Zarraga · Nahia Martinez Gondra 2025ko eka. 20a, 08:00

Umore Azoka eta Txapel Reggae, Leioako eta Lemoizko kultur eskaintzaren gailurtzat jo daitezkeen jaialdiak.

Leioa eta Lemoiz Uribe Kostako udalerrietako kultur dinamismoaren adibide argiak dira. Leioak urte osoan zehar ehunka ekitaldi eskaintzen dituen programazio profesional eta anitza garatzen duen bitartean, Lemoizen herritarren parte-hartzea eta konpromisoa dira kultur jardueren oinarria. Udalerri biek agerian uzten dute kultura bizia eta eskuragarria eraiki daitekeela, herritar guztien gurarien araberakoa, bai baliabide ugarigaz, bai herritarren parte-hartzeagaz. Horrez gain, biek egiten dute euskararen eta euskal sorkuntzaren aldeko apustua.

Eskualdean gehien programatzen duen udalerria da Leioa, Getxoren atzetik, Kulturklikek jasotako datuen arabera. Urte osoan zehar, mota guztietako 200 kultur ekitalditik gora egiten dituzte, Umore Azoka bezalako jaialdi handietatik hasita, neguan zehar Kultur Leioako aretoko ikuskizunetaraino. "Gure eskaintza anitza eta kalitate handikoa dela esango nuke", azaldu du Zuriñe Cuesta Kultur Leioako programatzaileak.

Era berean, azpimarratu du Leioako programazioa "nahiko parte-hartzailea" ere badela, hau da, antolatzen dituzten kultur jarduerak herriko elkarte edo kolektiboakaz antolatzen dituztela; adibidez, herriko dantza-taldeakaz edo auzo-elkarteakaz. "Horrez gain, kulturarekiko deszentralizazio-prozesua ere ari gara egiten, auzoetan ere jarduerak antolatzeko apustuarekin".

Jarraitzen dituzten irizpideei dagokionez, Leioako programatzaileak adierazi du kalitate artistikoa eta jorratzen diren gaietan jartzen dutela azpimarra. "Horrez gain, Euskal Herrian ekoizten diren produkzioak ere beti ditugu begi artean". 

Herri txikia bai, baina bizia ere 

Eskualdeko herririk txikienetarikoa da Lemoiz, eta beraz, herritarren inplikazioak oihartzun handia sortzeko gaitasuna du. Lemoizko alkateordea den Bego Moratalla udalerriko kulturaz arduratzen da, eta, azaldu duenez, kultura herritik eta herriarentzako sortzen da lemoiztarren parte-hartze aktiboari esker: "Herri txiki batean, kultura hurbiltasunetik eta konpromiso kolektibotik eraikitzen da. Kultur proposamena ez da soilik Udaletik abiatzen, baizik eta aberastu egiten da jendearen ideiekin eta ekarpenekin, hemen elkar ezagutzen dugulako, elkarri entzuten diogulako. Eta horrek aukera ematen digu benetan interesatzen zaigunera eta udalerri osoari egokitutako eskaintza sortzeko".

Gainera, besteak beste, Armintzako Txapel Reggae jaialdi famatua antolatzen dute urtero Lemoizen, "eta hori ez litzateke posible izango hasiera-hasieratik herritarren eta boluntarioen bultzadarik gabe". Lemoizko Udala jai-batzordeagaz eta antolakuntzagaz elkarlanean aritzen da beharrezko logistika guztia antolatzeko: trafikoa arautzea, garraio publikoa indartzea, komunak jartzea, hesiak, seinaleak, karpak, txosnak, etab. Horretarako, udal-brigadak "izugarrizko" lana egiten duela nabarmendu du Moratallak. 

Udalen lehentasunak

Cuestaren arabera, Leioan antolatzen dituzten ikuskizun, jaialdi edo ospakizunetan euskara beti dago erdigunean; "agian, nagusien antzerkian bai bilatzen dugula gazteleraren eta euskararen arteko oreka, baina gainontzeko ikuskizunak beti izaten dira euskaraz eta euskaldunak". 

Era berean, Leioako Udalak herrian kultura hauspotzeko egiten duen ahalegin garrantzitsua ere goraipatu du Cuestak: "Hor dituzu, adibidez, Umore Azoka, ekainaren 27tik 28ra lehen aldiz egingo dugun Apatx jaialdia bezalako egitasmoak eta udazkeneko eta neguko programazio egonkorra. Ez dakit kopuru zehatza, baina esango nuke kulturara bideratzen den aurrekontua nahiko altua dela".

Lemoizko Moratallak azaldu duenez, kultur programazioa herritarren sektore guztietara heltzeko lan egiten dute, baina arreta berezia jartzen dute haurtzaroan: "Gure ustez, haurrei kultur jarduerak eskaintzea funtsezkoa da txikitatik balioak, zaletasuna eta pertenentzia-sentimendua ereiteko".

Gainera, euskal sorkuntzei eta euskarazko proposamenen apustu garbia egiten dute: "Bi urte daramatzagu Laburbira film laburrak proiektatzen, guztiak euskaraz, eta nortasun propioa duen zinema ere eskaini dugu, hala nola Bizkarsoro filma. ArteBizi Kale Antzerki jaialdia, bestalde, euskal konpainiek egin dute, eta horrek gurea zaintzeko eta tokiko sorkuntzari laguntzeko borondate hori indartzen du".

Azpiegiturak 

Lemoizko Udalak hiru kultur lokal ditu auzo nagusietan banatuta: Andrakan, Urizarren eta Armintzan. Udaletik kultur programazioa gune horien artean banatzen saiatzen dira, auzo bakoitzean bizitza sustatzeko eta dinamismoa indartzeko. "Deszentralizazio horri esker, kultura udalerriko txoko guztietara iritsi daiteke, tokiko parte-hartzea aktibatuz, komunitatea eginez eta topagune biziago eta askotarikoagoak sortuz", azaldu du Moratallak.

Bere aldetik, Leioako kulturaren erdigunea Kultur Leioa da, baina ez da bakarra, besteak beste, San Bartolomen auzo-elkarte batek kudeatzen duen beste kultur zentro bat dago, "eta hori ere aipatutako deszentralizazioaren adierazle da". Horrez gain, Leioan kaleko ikuskizunen aldeko "apustu oso garrantzitsua" ere egiten duela nabarmendu du.

Erlazionatuak

EAEko kultur sarea: bizia, baina asimetrikoa

Iker Rincon Moreno · Tokikom-EITB eka 20, 08:00 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun