Euskal Herriko Unibertsitateko Plentziako Itsas Estazioko ikertzaile talde batek bultzatutako Kontuz! Ez nazazu zapaldu! ekimenak Ohorezko Aipamena lortu du 2025eko Herritarren Zientziarako Europako Batasunaren Sarietan. Sari hauek Europan aurrerapen zientifikoa eta gizarte-onura bilatzen duten, herritarrak aktiboki inplikatzen dituzten eta, beraz, gizarte zibil ireki eta inklusiboa sustatzen duten ekimenak aintzatesten dituzte. Lehiaketaren helburua proiektu aitzindariak ezagutaraztea eta laguntzea, eta Herritarren Zientzia, oro har, jendeari hurbiltzea da.
Ars Electronicak antolatzen du sariak emateko ekitaldia, Europako Batzordearen izenean, IMPETUS proiektuaren baitan eta gizarte plural, inklusibo eta jasangarri baten aldeko eragin sozial eta politikoa duten proiektu bikainak saritzen eta sustatzen ditu.
Nazioarteko epaimahai batek hautatu du KENZ proiektua, herritarren zientziaren arloan egindako ekarpen esanguratsuagatik. Aipamen horregaz Kontuz! Ez nazazu zapaldu! ekimena Europako herritarren zientziako praktika onen adibide gisa kokatu dute.
Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren lankidetzagaz KENZ proiektuak 3.000 parte-hartzaile baino gehiago izan ditu 2022tik, tartean, gazteak, adinekoak, emakume migratzaileak, gazteentzako justiziako prozesuetan dauden gazteak eta desgaitasunak dituzten pertsonak. Horiek zientzia-prozesuaren fase guztietan aktiboki parte hartzen dute, beren ingurumenaren kontzientziazioaren eta babes beharraren eragile aktibo bihurtuz.
KENZ proiektuak, STEAM metodologia eta itsasoko ikerketarako tresna irisgarriak erabiliz, itsas hondartzetako bizitza mikroskopikoa ikusarazi du lehen aldiz gizarte osoarentzako eskuragarri den ingurune natural batean. Organismo mikroskopikoen 3D modeloak, piktogramak eta irakurketa errazeko materialak erabiltzen ditu, herritar-zientzialarien lankidetzan benetako inklusioa bermatzeko. Horrela, gizartean tradizionalki ikusezinak diren pertsonak ingurumen kontzientziazioan parte-hartze aktiboa izateko aukera izaten ari dira, kalitatezko datuak sortuz eta hizkuntza zientifikoa eta ingurumen kontzientzia sustatuz. Ekimen honek, bereziki Euskal Herriko hondartzetan dagoen mikrobiodibertsitatearen eta kutsaduraren ikusgarritasuna handitzen du.
Proiektua Ars Electronica 2025 jaialdiaren katalogoan sartuko da. Jaialdia irailaren 3tik 7ra bitartean egingo da Linzen (Austria).