Bizkaiko tokiko hedabideen errealitatea hurbiletik ezagutzen duzu, nolakoa da gaur egungo argazkia?
Argazkia positiboa da. Orokorrean, eskualde gehienetan proiektu komunikatibo bakarra dago, eta beharbada hori izan behar da aurrera begirako bidea. Baina, hori esanda, testuinguru sozialak eta ekonomikoak zehaztuko dau zelangoa izan behar dauan eskualde bakotxeko antolaketa komunikatiboak. Aldundiaren asmoa, guraria eta betebeharra be bada sortzen diran proiektuak jasangarriak izatea, horrek iraunkortasuna eta konsumitzaileak diran herritarren konfiantza irabaztea ekarriko deutse-ta. Gainditu egin behar da boluntarismoaren aroa eta proiektu komunikatiboek aro profesionalago baterako saltoa egin behar dabe, horrek segurtasuna emongo deutse-ta. Aukerea emongo deutse argi izateko nora jo gura daben, zer gura daben izatea euren proiektua, AMIA azterketa egin eta ikusteko non egon gura daben 10-20 urteko epean.
Ildo horretan, zeintzuk dira Aldundiaren ardatzak eta non ari zarete jartzen indarra?
Dakizuenez, tokiko komunikabideai laguntzeko hitzarmen bat daukagu hiru foru-aldundiok eta Eusko Jaurlaritzak, non erakunde bakotxak bere eremu geografikoko komunikabideai laguntzen deutsen. Baina diru-laguntzez aparte be, komunikabideen profesionaltasuneranzko bestelako pausoak be emon ditugu erakundeok, Euskaliten bitartez. Eta aurrerantzean be bide horretatik jarraitzeko asmoa daukagu. Edozelan be, hitzarmena sinatzen dogun erakundeek eta hedabideen ordezkariek daukagun mahaian bestelako prestakuntza beharren bat be planteauko balitz, aztertu egin leike beharrok babesteko aukerea.
"BFAren eta gizartearen ikuspuntutik, komunikabide sendoak eta autonomoak gurako geunkez, euren burua sustengatzeko gai diranak. Etorriko jakezan erronkari aurre egiteko gai izango diranak. Euren ingurunean txertatuago egongo diranak eta alkar elikatzen direnak"
Zure ustez, zeintzuk dira Bizkaiko tokiko komunikabideek dauzkaten abantailak eta ahuleziak?
Indargune bat da gure hedabideetako batzuek, argi izanda merkatuan eta gizartean zer dagoan, zeri egin behar deutsen aurre eta euren egiturak zein lan egiteko moduak horretara egokitzea, sano modu profesionalean. Indargune be bada hedabideok erakundeen aldetik daukien laguntza. Era berean, sinergiak batzea eta komunikabide handiagoakaz eskutik joatea inportantea da, alkarreri lagunduz, irakurle, entzule eta konsumitzaileak hobeto informatuta izateko, eta eragile guztiak eroso sentiarazoten dauazan markoa zehaztea.
Ahulguneen artean, hedabide batzuen egitura bera legoke, egitura horrek ez baitu laguntan hedabideen profesionaltasunean. Beste ahulgune bat sektoreak berak dituan zalantzak dira, ez bakarrik Euskal Herrikoak ezpada mundu osokoak: hornigaien garestitzea, pertsonek informazinoa jasotzeko daukiezan ohiturak aldatzea, eta gurean, euskerazko kontsumoak dituan zailtasunak.
HIRUKAk hamar urte bete ditu aurten, nola ikusten duzu hedabidea?
Ibilbide aberasgarria egin dau bai eskualdearentzat, bai bertako langile-taldearentzat. Batetik, HIRUKAk jakin izan dau egokitzen eskualdeak informazino-beharrak dirala-ta dituan beharrizanetara: on-line ekoizpena, sare sozialak… Bestetik, azpimarratzekoa da HIRUKA argitaratzeko egunero lanean dabiltzan pertsonek egindako ahalegina, abiatutako aldaketa horreei guztiai behar dan lez erantzuteko egin behar izan dituan egokitzapenak egiteko eta sendotzeko.
Euskararen egoera. "Gurean, euskeraren egoerea ez da ganerako lurraldeetako baino txarragoa. Tentsinoak daukaguz eta Bizkai osoan zehar ez da bardin erabiltzen, baina gure kezkak Euskal Herri osoko berberak dira: erabileraren beherakadea, gazteen erreferentzialtasun faltea... Horretan eragiteko babestu dogu Bizkaia Gara lako programa bat, zeinak, Tauparen eskutik, egungo egoerea iraultzeko asmoa daukan"
Zein irizpide hartzen dituzue kontuan laguntzak ematerakoan?
Erispide aldaketa dakar deialdi honek, proiektu komunikatibo osoak hartuko ditu-ta aintzat, ez hedabide soilak. Esaterako, komunikabide batek telebista, irratia eta aldizkaria baleukoz, guztiak sartuko litzakez proiektu bakarrean eta hori baloratuko litzake. Hori esanda, tokiko hedabideen kudeaketan jarriko da azpimarra eta proiektua definitzeko eta zehazteko eskatuko jake, eta hor erabagiak hartu beharko ditue proiektuaren inpaktuari eta kalidadeari jagokonez. Dirulaguntzea jasotzeko urte askoko begirada eskeintzea eskatuko jake hedabideai, nahiz eta dirulaguntzen banaketa urteroko deialdietan egingo dogun Bizkaian.
Nola baloratzen duzu hedabideek herritarren euskalduntzean edo euskararekiko atxikimenduan duten eragina?
Eragin itzela daukie tokiko hedabideek, gizartea trinkotzeko balio dabe-ta, komunidadea egiteko balio dabe-ta. Hau da, giza talde bati bere hizkuntzan edukiak eskeintzen deutsez hedabideek eta, holan, irakurleak komunidade bati atxikitzeko balioko dabe eta, komunidade horren erakusgarri euskerea danez, euskerarekiko atxikimendua indartzeko be balioko dabe.
Hedabideok kalidadezko produktua eskeintzen badabe, eragin bikotxa izango dau horrek. Batetik, irakurle diranek ez dabe atxikimendurik galduko hedabidearekiko zein hizkuntzarekiko, hau da, irakurtzen jarraitzeko gogoa izango dabe. Eta, bestetik, aurretik konsumitzaile ez ziranek ikusi ezkero badagoala hedabide bat kalidadezko produktua eskeintzen dauana, konsumiduten hasteko gogoa piztuko jake, eta horrek lagunduko dau herritar horreek, konsumitzaile berri horreek, euskalduntzen.