Udako jaiak burura datozkigunean, txosna-guneko giro herrikoia da iruditegi horretako elementu nostalgikoena. Jai-batzorde, mugimendu sozial eta herritarren borondatezko lanetik abiatzen dira txosnak, eta nolabait, herria eraikitzen laguntzen dute. Irabazi asmorik gabeko ekimenak dira, herritarren batasunetik sortutakoak, baina, orain, kapitalismoaren logika homogeneizatzaileak eta eredu merkantilistak bere jomugan jarri ditu. Hala, txosnen pribatizaziorako bidea hasi da.
Ticket Bai
Eusko Jaurlaritzaren eta Araba, Bizkaia zein Gipuzkoako foru aldundien Troiako zaldia da Ticket Bai. 2020an, fakturazio-sistema hori aurkeztu zutenean, jarduera ekonomikoak egiten dituen pertsona edo elkarte orori aplikatuko zitzaiola aurreratu zuten. Asmoa zergapekoei betebeharrak betetzen laguntzea eta iruzurra saihestea omen zela azaldu zuten orduan. Alabaina, Ticket Bai txosnetan ezartzeak horiek enpresa edo negozio bezala hartzea suposatuko lukeela salatu dute asmo horren aurka azaldu direnek. "Lan boluntarioa negozioa bezala tratatzea ekarriko luke horrek; edozein taberna bezala sozietate zerga ordaintzera derrigortuko gintuzke", ohartarazi du Jonan Zabalak, Uribe Kostan Ticket Bairen kontra sortutako plataformako arduradunetako batek.
Gaineratu duenez, sistema hori martxan jartzeko, horren funtzionamendua bermatuko lukeen azpiegitura ere ezarri beharko lukete: "Gure elkarteetako kideak eta laguntzen gaituztenak boluntarioak dira, eta zailtasunak izaten ditugu saltoki-terminalak (TPV) edo datafonoak erabiltzen jakiteko eta egin beharreko burokrazia aurrera eramateko; horrenbestez, sistema hori ere ezartzeak kolokan jarriko lituzke txosna asko, jaien aurretik eta ostean kudeaketa-lan handia egin behar delako eta askok ezingo luketelako euren gain hartu ardura hori".
Aipatu bezala, txosnek jaietan egiten diren milaka borondatezko txandei esker funtzionatzen dute. Erabiltzeko konplexutasun tekniko eta digitalak dituen Ticket Bai ezartzeak ia ezinezko egingo luke jarduera hori. Gainera, diru-sarreren eta prozeduren digitalizazioaz gain, beste hainbat kudeaketa ere egin beharko lirateke, esaterako, jarduera ekonomikoan alta eta baja ematea eta zerga-aitorpena egitea.
Lemoizko jai-batzordeko kide den Gurturi ere gehien arduratzen diona sistema horrek dakarren burokrazia da, eragingo lituzkeen buruhausteak seinalatuz. Lemoizko jai-batzordean 10 kide inguru dira musu-truk eta etekinik atera gabe lan egiten. Jaietako ekintzak antolatu beharrean indar guztiak paperak betetzera bideratzen badituzte, festen antolaketa konplexuagoa izango litzatekeela iragarri du: "Azkenean, zaila egiten zaigu energiak izatea ekintzak aurrera ateratzeko. Hori guztia etekinik gabeko ikuspegi batekin, gauzak herritik eta herriarentzako egiten ditugulako".
Lemoiztarrak arrazoitu duenez, etekinak ateratzen dituen enpresa batentzat burokrazia bete behar izatea egokia eta logikoa izan daiteke, baina beraien kasua desberdina da, jai-batzordearen helburua jaiak aurrera ateratzea besterik ez baita.
Diotenez, hori kudeatzeko laguntza edo egitura bat egongo balitz egingarria izango litzateke, baina ez dute inongo erraztasunik eskaini. "Guztia ezin daiteke inposizioaren bidez egin; gauza piloa exijitzen dizkigute, baina laguntza eta babesik eman gabe", deitoratu du.
Hala, neurri horren benetako helburua kritikatu du: "Nola esango diozu 18-20 urteko gazte bati jai-batzordean sartzeko paperak egitera? Horrelako egoerek jendea erre egiten dute eta azkenean lortu nahi dena da gauzak enpresa pribatuek egitea, herriko nortasun hori kentzea eta kudeaketa pribatizatzea".
Interesak
Sopelako jai-batzordeko kideek argi daukate: "Ticket Baiaren ezarpenaren azken helburua jaien pribatizazioa da; pixkanaka-pixkanaka, neurri eta aldaketa txikien bitartez, txosnek dauzkaten helburuak, printzipioak eta herria egiteko moduarekin bukatu gura dute; txosnak taberna bihurtzeko bidea ari dira egiten".
Deitoratu dutenez, horrek jai-eredua guztiz aldatuko luke, "txosnek defendatzen dituzten ereduak lekua galduko lukeelako eta jarduera ekonomikoak izango lukeelako zentraltasun osoa".
Ildo berean, eskualdeko txosnen arduradunak azaldu du kontrol-nahia eta eredu autogestionatuak desagertzeko nahiak daudela horren guztiaren atzean, eta jazotako adibide batzuk aipatu ditu: "Ikusi ditugu eredu asko, Bilboko ostalaritzarekin, UEFAko finaleko hiriak... Azkenean, jaiak eta txosna-guneak etekina irabazteko espazioak baino ez lirateke izango".
Era berean, horren eraginez, herriko hainbat eragile jaietako programatik kanpo geratuko lirateke eta horrek jaien eredu parte-hartzailea eta herrikoia desagertzea eragingo luke.
Sopeloztarrek deitoratu dutenez, erabaki hori aurrekari bat ere izan daiteke, instituzioetatik jai herrikoien izaeraren aurka are modu lazgarriagoan egiteko. "Gaur-gaurkoz, bete beharreko baldintzak bai ala bai ezarri badituzte, ez daukagu inolako bermerik bihar baldintza zorrotzagoak ezarriko ez dizkigutenik", ohartarazi dute.
Ondare immateriala
Joan den maiatzaren 31n, Euskal Herriko dozenaka jai-batzorde eta txosnen ordezkarik bat egin zuten "Txosnak. Gureak" manifestua gizarteratzeko. "Imajinatzen al dituzu jaiak txosnarik gabe? Guk ez. Txosnak ez dira edariak zerbitzatzeko barra hutsak", adierazi zuten agerraldi horretara batu ziren ehunka lagunek.
Azpimarratu zutenez, txosnak jai herrikoien "bihotza" dira eta jende askoren borondatezko lanari esker herrietako tradizioak bizirik mantentzen dituzte, kultura sustatzen eta komunitatea eraikitzen. "Txosnek partaidetza soziala bultzatzen dute eta sortzen dituzten onurekin proiektu kultural eta sozialei eusten diete. Herritik sortzen dena herrira itzultzen da", baieztatu zuten.
Hala, txosnak babeste aldera, horiek Euskal Herriko ondare immateriala izendatzeko helburua adierazi zuten, bertsolaritza bezala, hain zuzen ere.
Daborduko 700 txosnak eta 200 jai-batzordek baino gehiagok bat egin dute ekimen horregaz, eta herritarrei ere horretara atxikitzeko deia egin zieten, bai jaietan izango diren sinadura-orrien bidez, bai www.txosnak.eus webgunearen bidez.
Sinadura horiek Eusko Jaurlaritzari helaraziko dizkiotela iragarri zuten; izan ere, agerraldian azpimarratu zutenez, txosnak eta jai-eredua babesteko beharra publiko egin gura dute, instituzioei trabak kentzeko eskatzeko eta elkarlanean jarduteko.
© ESTIBALIZ MAGUREGI
Borrokatzeko ordua
Testuinguru honetan, besteak beste, Sopelako jai-batzordeak propaganda kanpaina bat abiatu du kontzientziazioa sortzeko jaietara hurbiltzen diren herritar guztien artean.
Euren aburuz, inportantea da denek jakitea zein den sistema horren benetako xedea hurrengo urteko sistemaren ezarpenari "indar posizio batetik" aurre egiteko: "Orain da momentua aurrera pauso bat emateko eta gure jai-eredua defendatzeko. Ezin dugu ez ikusiarena egin", baieztatu dute, irmo.
Beraz, herritar eta jaietako kontsumitzaile guztiek dute euren eskuetan guztiona den hori defendatzeko eta borrokatzeko giltza. Bitartean, uda honetan, txosna herrikoi eta autogestionatuek martxan jarraituko dute, urtero legez, goizeko ordu txikiak arte lanean, festa girorik onena eskaintzeko prest. Alabaina, noiz arte izango da hori posible?