Elkarrizketak

Asammer Band: "Kulturaren aberastasuna eta migratzaileen bizipenak erakusten ditugu, gorroto-diskurtsoetatik urrun"

Nahia Martinez Gondra 2025ko uzt. 8a, 10:55

Asammer Banden musika estiloa amazigh tradizioan oinarritzen da.

Asammer Band Maroko hego-ekialdeko bost lagunek osatutako talde musikala da, basamortuko eskualde berezitik datozenak. Haien nortasuna amazigh kulturan eta tradizioan sakon errotuta dago eta influentzia garaikideak eta tradizionalak uztartzen dituzte. "Gure musika lurretik sortzen da: basamortuko haizea, amazigh hizkuntza eta gure jendearen arima kolektiboa. Taldeko kide bakoitzak istorio bizi horren zati bat ekartzen du, soinua, erritmoa eta mezua", baieztatu dute.

Nola ezagutu zenuten elkar?

Taldeko kide gehienak Maroko hegoaldeko eskualde berekoak gara, hurbil dauden amazigh herrietakoak. Denok beretik ez gatozen arren, Euskal Herrira iritsi baino lehenagotik ezagutzen genuen elkar, gure herrixkak kilometro gutxi batzuez bakarrik banatuta zeudelako. Geografia bera, paisaia bera eta, batez ere, kultura komuna partekatzen genituen. Baina, hemen, Algortan, gurutzatu ziren bideak benetan, eta bizitzak modu sakonagoan bildu gintuen. Musikak egin zuen gainerakoa. Horrela jaio zen Asammer Band: sustraitik, baina munduari hegoak irekita.

Nolakoa izan zen taldearen hasiera?
Hasieran, Algortako portu zaharrean elkartzen ginen, musika jotzeko eta momentua bizitzeko, distantziaren mina eta gure familiekiko nostalgia pixka bat ahazteko. Bat-bateko topaketak ziren, non musika babesleku eta zubi bihurtzen zen amazigh eta saharar lurralderantz. Ez genuen ez osperik ez errekonozimendurik gura, gure sustraiak partekatzeak ematen zigun lotura eta indarra baino ez. Gero, topaketa sinple horiek handituz joan ziren, eta herriko ekitaldi eta jai txikietan aurkezten hasi ginen. Horrela hasi ziren lehen urratsak, pasio handiagaz eta nota bakoitzean bihotza jarrita.
 
Nola definituko zenukete zuen musika estiloa? 
Gure musika estiloa amazigh tradizioan eta musika konprometitu eta iraultzailean oinarrituta dago. N 'Barek Oulaarbi bezalako ikonoak hartzen ditugu erreferentziatzat, Saghro Band mitikoaren sortzailea, zeinak amazigh herriaren borrokak, penak eta itxaropenak kantatu zituen beti estatuaren marjinazioaren eta askatasun nahiaren aurrean. Asammer Banden, ondare horri jarraitzen diogu, gure erresistentzia espirituari eta nortasun kulturalari. Gure musika antzinakoaren eta garaikidearen arteko nahasketa da, baina, batez ere, mezu argia da: gure kultura zaintzea eta beti entzuten ez diren ahotsak ikusaraztea. Horrek bereizten gaitu eta sortzen jarraitzeko arrazoi indartsuak ematen dizkigu.
Zergatik deitzen zarete Asammer Band?
Asammer izenak oso esanahi berezia du guretzako. Amazigh hizkuntzan, "biltzen duena" edo "batzen duena" bezala interpreta daiteke. Horrek argi eta garbi adierazten du talde gisa dugun asmoa: gure sustraiak, istorioak eta ahotsak adierazpen musikal bakar batean elkartzea. Asammer Band ez da soilik izen bat, nortasun adierazpen bat da eta batasunagaz eta erresistentziagaz konpromiso kulturala izatea.
 
Nahiz eta beti egon den arrazakeria eta bazterketa, gaur egun gero eta nabarmenagoa den gorroto-bolada bat dago, hedabide eta sare sozialetan ageriagoa dena. Nola bizi duzue errealitate hori?
Gaur egun gorroto eta arrazakeria olatu bat dagoen arren, musika erabiltzen dugu horri aurre egiteko, baztertuei ahotsa emateko eta errespetua eta batasuna sustatzeko. Kontzertu bakoitza aukera bat da kulturak batzeko eta itxaropena sortzeko...
 
Zuen ustez, artearen bidez buloak eta estereotipo arrazistak borrokatu ditzakezue?
Bai, horretan sinesten dugu. Arteak, eta gure kasuan musikak, aurreiritziak hausteko ahalmena du, estereotipoek erakusten ez dituzten istorio erreal eta humanoak kontatzeko ahalmena duelako. Gure abestien bidez amazigh kulturaren aberastasuna eta migratzaileen bizipenak erakusten ditugu, gorroto-diskurtsoetatik urrun. Ez dugu mundua egun batetik bestera aldatuko, baina abesti bakoitzak buru bat ireki edo bihotz bat ukitu dezake, eta hori erresistentzia ekintza bat da. 
 
Ba al duzue etorkizunerako erronka berririk?
Bai, gure hurrengo erronka nagusia gure lehen abestia grabatzea da, non garen guztia jaso ahal izango dugun: gure amazigh sustraia, gure migrazio historia eta gure konpromiso soziala. Euskal Herriko, Espainiako eta, zergatik ez, munduko beste txoko batzuetara ere eraman gura dugu gure musika. Gainera, Ignacio, Unai, Juso eta Cristiana bandan sartzeagaz batera, amazigh musika eta euskal musikaren arteko fusioa esploratzen ari gara. Gure proiektuetako bat Txoria txori eta Lau teilatu bezalako abesti enblematikoen bertsio propioak lantzea da. Kontzertuetan daborduko jotzen ditugu, baina, orain hizkuntzak, doinuak eta bihotzak batzen dituen dimentsio berri bategaz aurkeztu gura ditugu. Asammer Band kulturen eta belaunaldien arteko zubia izatea amesten dugu.
 
Gehitu gura duzuen beste zerbait?
Eskerrak eman gura dizkiegu gure musikan sinetsi eta lagundu gaituzten pertsona guztiei. Asammer Band ez da talde bat bakarrik, aurre egiteko modu bat da, nor garen gogoratzeko eta gure historia munduagaz partekatzeko modu bat. Eskerrak eman gura dizkiegu ateak ireki dizkiguten elkarte eta kolektiboei, tokia, konfiantza eta ikusgarritasuna eskainiz. Laguntza komunitario hori gabe, bide hori askoz zailagoa litzateke. Eskerrik asko zeharkaldi honen parte izateagatik eta, guk bezala, musikaren botere eraldatzailean sinesteagatik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun