Itzubaltzeta/Romo eta Pinuetako jaietan kuadrillen lehiaketako txapela jantzi zuten iaz Erromokaldoko kideek. Gogoratzen dutenez, "sekulako poztasuna izan zen irabaztea", baina aitortzen dute hori ez zela haien helburua: "Guretzat garrantzitsuena jaiez gozatzea da, eta azken batean, horren aitortza moduko bat izan zen sari hura". Diotenez, urtero parte hartzen dute norgehiagoka horretan, baina ez dute lehiatzearen ikuspegitik bizi, baizik eta adiskidetasunetik eta umoretik. Froga guztietan ondo pasatzen dute, baina batez ere bi dituzte kuttunen: goitibeherak eta playback-a: "Goitibeherak izaten dira lehendabizikoak, eta indarrez hartzen ditugu. Playback-aren kasuan, oporretan hasten gara prestatzen. Iaz, Malagan geundela, igerileku alboan muntatu genuen estudio modukoa: mikroa eta ordenagailua eskuan!".
Baina froga guztiak ez dira samurrak haientzat. Aerobic-a da duten punturik ahulena, "zalantzarik gabe, dantzari zakarrak gara. Aldakak koipeztatu behar ditugu". Hala ere, nabarmendu dute haien ustetan helburua ez dela irabaztea izan behar, baizik eta kuadrillen artean giro ona izatea, gozatzea eta behar denerako eskua luzatzea, jaiak ez direlako bakarka bizitzekoak.
Festak 10etik bederatzi bategaz baloratzen dituzte, "beti dagoelako zer hobetu", baina jai-batzordearen lana goraipatu dute: "Talde txiki batek hartu du ardura azken urteetan, eta lan ikaragarria egiten ari dira. Belaunaldi berriak lekukoa hartzea ez da erraza, baina konfiantza handia dugu eurengan".
Kuadrillen parte-hartzeari buruz, garbi mintzatu dira: "Jaiak herritik eta herriarentzat dira. Kuadrillok parte hartu ezean, jaiak ez dira sekulan ezagutzen ditugun bezalakoak izango".