Barrikako Udalari erantzuna

Erroldatze-irizpideak aldatu gabe zerbitzu publikoetarako sarbidea errazteko neurriak hartzen saiatu direla azpimarratu du Plentziako Udalak

Iker Rincon Moreno 2025ko uzt. 10a, 10:34

Plentziako Udalak gorriz adierazi ditu bertakoentzako bakarrik izango diren aparkalekuak. © PLENTZIAKO UDALA

Barrikako auzokideek Plentziako aparkaleku-sistemaren ondorioetarako bertako herritar gisa kontuan hartzeko egindako Udalaren eskaerari erantzunez, Plentziako Udalak jakinarazi du zerbitzuetara sarbidea erraztuko duten neurriak hartzen saiatu direla, erroldatze-irizpideak aldatzeko asmorik, baliabide mugatuak dituela eta.

Mercedes Etxegarai Urrutia jarduneko alkateak, Itziar Unibaso Barrikako alkateari zuzendutako erantzun ofizialean, azaldu du udalerrian urte osoan 2.000 ibilgailu inguru egoten direla erroldatuta, eta 700 aparkaleku-plaza baino ez daudela. “Horrek baliabide erabilgarrien kudeaketa oso doitua egitera behartzen gaitu, erroldatutako herritarren sarbideari lehentasuna emanez”, adierazi du.

Hiribilduko Udalaren esanetan, zenbait zerbitzu publiko –hala nola ikastetxeak eta osasun-zentroak– Plentziako erdigunean kokatuta dauden eta Barrikako herritarrek ere erabiltzen dituzten arren, aparkalekuetarako sarbidea erroldatzean oinarritzen jarraitu beharra dago. Hala ere, gogoratu du neurriak hartuta daudela daborduko, besteak beste, Barrikako herritarrentzako sarbidea errazteko: ikastetxeetatik 350 metrora aparkaleku libreko eremu zabala dago; metro-geltokiaren ondoan txandakako aparkaleku bat dago, 9 ordura artekoa; eta osasun-zentroaren inguruetan, 2 orduko txandakako aparkalekuak daude.

Nolanahi ere, Plentziako arduradunak azaldu du plaza gehiago eta zerbitzu hobea eskaintzea gustatuko litzaiekeela, "baina materialki ezinezkoa zaigu, espazio eta alternatiba bideragarririk ez dugulako". Era berean, gogoratu du aparkaleku guztiak doakoak direla eta ez direla dirua biltzeko asmoz ezarri, baizik eta “espazio publikoaren erabilera modu ekitatiboan antolatzeko tresna bat”.

Hori guztiagatik, Plentziako Udalak eskertu egin dio Barrikako alkateari barrikoztarren kezka eta proposamena, eta adierazi du Barrikako eta Plentziako bizilagunen arteko bizikidetza eta zerbitzuetarako sarbidea hobetzeko lanean jarraitzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun